Donostiako Kulturgunea, Hegoaldeko Lore Jokoak eta Euskal Pizkundea: Manterola eta Arrese Beitia
Donostiako Kulturgunea eta Hegoaldeko Lore Jokoak: Jose Manterola
Garrantzitsua izan zen Euskal Herriko Iparraldean Anton Abadiak hasitako kultur mugimenduari Hegoaldean eman zitzaion susperraldia. Artean, euskalduna zen hiri bat, Donostia, eta donostiar bat, Jose Manterola, izan ziren literaturarekin zerikusi handiagoa eduki zuen mugimenduaren sorleku eta gune.
1876. urtean, Bigarren Gerra Karlistaren bukaerarekin batera, euskaldunei Foruak kendu zitzaizkien, eta herri-kontzientzia inoiz baino minduago gelditu zen. Euskal Herriak, bere nortasunak irautekotan, berebiziko ahaleginak egin behar zituela erabaki zuen. Ahalegin hauek euskaldunen ezaugarri bereizgarrienak bultzatzen eta indartzean gauzatu ziren, hizkuntza batik bat, eta Donostia bihurtu...