Gabriel Aresti: Euskal Idazlearen Biografia
Gabriel Aresti: Bizitza eta Ibilbidea
Bilbon jaio eta bizi izan zen Gabriel Aresti Segurola XX. mendean zehar. Euskal idazlea eta poeta izan zen. Erdaraz hazi eta hezi zen, ahalegin handia eginez, Francoren garaian euskara ikasteko zeuden zailtasunak gorabehera, gogotsu, bere burua euskalduntzea lortu zuen. Gerora idazle emankorra bilakatu zen Aresti, euskaldunberria izanik ere, poesia eta antzerki lan bikainak idatziz.
Gurasoak baserritar jatorriko "euskaldun galduak" zituen eta 12 urterekin hasi zen euskalduntzen. 21 urte zituela argitaratu zituen bere lehen poemak eta 10 urte geroago, 1964an, bere lanik esanguratsuena eman zuen argitara: Harri eta Herri.
Obra eta Generoak
Literaturako genero guztiak jorratu zituen: poesia, narrazioa, antzerkia eta saiakera. Kriseilu antzerki taldearekin elkarlanean, euskal antzerki berriaren aitapontekoa izan zen. Literatura mundua aldatzeko gai zela uste zuelako idatzi zuen Gabriel Arestik eta bere lanak garrantzi handia hartu zuen, poesiaren eta antzerkiaren bidez bere ideiak gizarteratu zituelarik frankismoaren eta hark eraikitako gizarte moldeen aurka.
Ideologia eta Konpromisoa
Ideologiari dagokionez, Arestiren kezkak esparru sozial eta nazionalaren artean banatzen ziren eta Euskadiko Alderdi Komunistaren inguruan ibili zen. Edonola ere, ez zen inoiz inongo alderdi politikotako militante izan eta jende askorentzat deserosoa zen pentsaera independente eta polemikoa mantendu zuen heriotzara arte.
Euskaltzaindian ere, euskara batuaren inguruko eztabaidetan parte hartu zuen, Arantzazuko bilkuran, sektore tradizionalista itxienen aurrean euskara batuaren aldeko aldarrikapen sutsua eginez. Horregatik, bere euskaldunberri izaera harro aldarrikatzeagatik, oso gaizki hartu zuten sektore horiek. Gizartean eztabaida zabaldu zuen eta urte haietan euskal gizartean eta kulturan gertatzen ziren kontraesanen eredu bihurtu zen bere bizitza.
Euskaldunberria izateaz gain, ez zen apaiza (ohikoena orduko idazle eta hizkuntzalarien artean) baina gainera, ofizioz ez zen letra gizona izan, kontularia baizik.
Bilbo eta Haren Obra
Bilbo hiria euskararen mapan kokatzea Arestiri zor diogu. Hain zuzen ere, 50-60ko hamarkadetako Bilbo industriala biziki presente egon zen haren lanetan.
Lan Esanguratsuenak
- Harri eta Herri
- Gora ta Gora Beti
- Euskal Harria
- Harrizko Herri Hau
Aroak
- Aro sinbolista (1954-1961): Maldan behera poema idatzi zuen.
- Aro soziala (1964-1975).
Iritzi Kritikoa eta Ezaugarriak
- Bernardo Atxagaren arabera, funtsezko iturria Biblia da.
- Adituen iritzira, T. S. Eliot estatubatuar poetaren eragina nabaria da Arestiren lehen poeman.
- Garbizaletasunaren aurka, herri-hizkeraren aldeko konpromisoa.
- Neurri tradizionalekin batera, bertso libreari ere eman zion bidea.
- Bertsolaritza, kopla zahar eta herri-kantuen erabilera.
- Euskara batuaren aldeko apustu tinkoa: eskolaren bidez, euskal irakurleengana iristeko ezinbesteko bidea baita.
- Harria eta arbola Euskal Herriaren sinbolo bihurtu zituen, Oteizak bezala.
- Olerkariari garai zailetan kontzientzia-iraultzaile izatea dagokio.
- Gune poetiko berriak eskaini nahi zizkion Euskal Herriari: mendi-kaskoen eta erreka-zokoen edo udaberriaren ederra baztertu gabe, lanaren, izerdiaren eta mailuaren hotsaren poetikotasuna erakutsiz.