Konstituzio Auzitegia: Babes-Errekurtsoaren Prozedura

Hizkuntza eta literatura3,37 KB

Babes-Errekurtsoaren Prozedura Konstituzio Auzitegian

4. Epea

Epe desberdinak daude kasuen arabera:

  • Babes-errekurtsoa lege-baliorik gabeko egintzen kontrakoa, hauek estatuko edo autonomia-erkidegoetako organo parlamentarioetatik datozenean (A.K.L.O.-ko 42. art.). Kasu honetan, errekurtsoa jartzeko epea 3 hilabetekoa izaten da, egintza irmoa denetik kontatzen hasita, dagokion organo legegilearen funtzionamenduko barne-arauen arabera.
  • Babes-errekurtsoa gobernuaren, autonomia-erkidegoetako organo exekutiboen edo administrazio publiko desberdinetako horietako agente edo funtzionarioen egintzen kontrakoa (A.K.L.O.-ko 43. art.). Bigarren kasu honetan, errekurtsoa jartzeko epea 20 egunekoa izaten da, aurretiaz eman den erabaki judiziala jakinarazten denetik kontatzen hasita.
  • Babes-errekurtsoa organo judizialen egintza edo omisioen kontra (A.K.L.O.-ko 44. art.). Kasu honetan, 44.2 artikuluak dio epea 20 egunekoa dela, eta hori kontatzen hasteko abiapuntua prozesu judizialari amaiera ematen dion erabakia benetan jakinarazten den unea da.

5. Prozedura

Bi fase izaten ditu babes-errekurtsoa erabakitzeko Auzitegi Konstituzionalaren aurrean jarraitzen den prozedurak.

Aurreneko faseak, hots, onartze-faseak, helburu du babes-demandak legez eskatutako betekizun guztiak betetzen dituela ziurtatzea. Hori horrela bada, tramitera onartzen da demanda eta bigarren fasea hasten da; bestela, berriz, ez da onartzen demanda.

Lehen fase honetan, demandak ezesteko bidea ematen duten ez onartzeko arrazoiak honako hauek dira (A.K.L.O.-ko 50. art.):

  • Lehen aipatu diren betekizun batzuk ez betetzea: legitimazioa, aurretiazko bide judiziala agortzea, bide judizial horretan eskubide hori alegatzea, epea… (50.1.a art.).
  • Babesteko eskatzen den eskubideak babes konstituzionalik jaso ezin duenean, Konstituzioko 14-30 bitarteko artikuluetan egiten diren aurreikuspenetatik kanpo geratzen delako (50.1.b art.).
  • Demandak nabarmen eduki konstituzionalik ez edukitzea. Eduki falta nabaria kontzeptu zehaztugabea da, eta Auzitegi Konstituzionalaren praktikak hainbat kasu desberdin sartu ditu horren barruan (50.1.c art.).
  • Orain planteatzen den arazo berdin bat lehenago ere funtsean ezetsita egotea (50.1.d art.).

Babes-demandak aurreko kasu horietakoren batean erortzen ez direnean, onartu egiten dira tramitatzeko, eta hortik aurrera hasten da benetako prozesu konstituzionala.

6. Babes-Errekurtsoaren Epaia

Babes-errekurtsoaren epaiek eduki bikoitza izan dezakete: demanda osorik edo zati batean baiestea edo ezestea. Kasu zehatzaren ikuspegitik, A.K.L.O.-ko 55. artikuluak hiru ondorio aurreikusten ditu babes-errekurtsoa baietsiz gero. Hiru ondorio horiek ez dira derrigor alternatiboak. Ohikoa da aurreikusitako ondorio horietako bat baino gehiago bateratzea.

Ondorio horiek dira:

  1. Aurkaratutako egintza edo erabakiaren deuseztasuna deklaratzea.
  2. Urratutako eskubide edo askatasuna aitortzea.
  3. Errekurtsogilea eskubidearen osotasunean berrezartzea, horretarako behar diren neurriak hartuz.

Babes-errekurtsoaren epaiek kasu zehatzarentzat dituzten ondorioez gain, horietan eskubide-askatasunei buruz jasotzen den doktrinak dimentsio orokorra izaten du, Konstituzioaren interprete gorena izateko funtzioari dagokiona.

Deskargatu

PDF Word HTML