XX. Mendearen Filosofiak: Filosofia Analitikoa eta Kontinentala
HURBILKETA OROKORRA XX. MENDEKO FILOSOFIEI
Pasadan mendeko filosofia oso aberatsa eta emankorra izan zen, pentsamolde ugariz eta ezberdinez osatuta, baina gauzak sinplifikatzeko asmoz esan daiteke bi tradizio filosofiko nagusi eta ezberdin aurki daitezkeela XX. mendean zehar: “Filosofia Analitikoa” eta “Filosofia Kontinentala”.
Filosofo batzuk, zientzia garaikideari zioten miresmena zela eta, haren metodoak analisi filosofikoari aplikatzen ahalegindu ziren, eta horrela sortu zen filosofia analitikoa. Honek XX. mendean zehar garatutako hainbat korronte filosofiko berri barne hartzen ditu: neopositibismoa, atomismo logikoa, hizkuntzaren filosofia… Neopositibismoak ezagutza filosofikoa esperientzia enpirikoaren esparrura mugatu nahi du. Hizkuntza idealaren bilaketa, bai eta hizkuntza horren matematizazioa eta formulazio logikoa ere, korronte neopositibistaren zeregin nagusia izango da. Hortaz, filosofiak hizkuntzaren zuzentasun logikoa zaindu beharko du, zentzugabeko enuntziatuak erabat baztertuz.
Neopositibismoaren espiritutik gertu, Bertrand Russell eta Ludwig Wittgenstein-ek “Atomismo Logiko” izeneko doktrina filosofikoa garatu zuten. Esan beharra dago ere Wittgenstein-en filosofiak bilakaera nabarmena ezagutu zuela.
Filosofia Kontinentalak, bere aldetik, ez du jarraituko filosofo analitikoek hasitako bidea, ez baitu onartzen metodo zientifikoaren ustezko nagusitasuna arazo filosofikoak ebazteko, eta era tradizionalagoan jarraituko du filosofia egiten. Hala ere, “hizkuntza biraketa” delakoa berdin-berdin emango da filosofia kontinentalaren eremuan.
Existentzialismoa XX. mende erdialdeko testuinguru historiko gorabeheratsuan Europan bizi ziren idazle eta filosofo batzuen lanak deskribatzeko erabilitako terminoa da. Pentsalari haiek, beren ezberdintasunak gorabehera, bizitzaren zentzuaz eta existentzia berak sorrararazten dituen emozio eta esperientzien inguruan aritu ziren: bakardadea, larrimina, absurdua, heriotza,… Existentzialismoaren proposamen filosofikorik funtsezkoena existentzia kategoria filosofikorik behinena dela da, gizakia definitzeko aurretiaz asmatutako definizioak eta kategoriak bigarren maila batean utzi behar direlarik. Filosofo existentzialista nagusien artean Karl Jaspers, Martin Heidegger, Jean-Paul Sartre eta Albert Camus daude.
Beste proposamen berri bat Frankfurt-eko eskolak egindakoa dugu, hainbat pentsalarik garatu zuten teoria sozial neo-marxista. Eskola honetako kideek iritzi ezberdinak izan zituzten arren, pentsalariek egitasmo intelektual bat partekatu zuten. Eskola honetako egilerik garrantzitsuenak Marx Horkheimer, Theodor Adorno eta Jürgen Habermas dugu.