XVIII. Mendeko Euskal Literatura: Susperraldia eta Idazle Esanguratsuak
Aurreko mendean, Iparraldean sortutako idazle-taldeak ez zuen segidarik izan XVIII. mende honetan; izan ere, literatura minoritarioek gorabeherak izaten dituzte. Guztiarekin, Lapurdiko bultzatzaile eta apologista bat aztertuko dugu unitatean: Joannes Etxeberri Sarakoa.
Hegoaldeko Idazleak
Hegoaldean, egoera ekonomikoak izan zituen aldikada onak, eta baita idazle oparoak ere. Gipuzkoako Manuel Larramendi bultzatzaile sutsua dugu horietako bat, eta beraren itzalpean beste autore asko hasi ziren idazten: Agustin Kardaberaz, Sebastian Mendiburu eta Joan Lizarraga, batez ere. Susperraldi moduko bat ekarri zion horrek literaturari.
Bizkaiko Idazleak
Bizkaitarren artean, geroxeago, Joan Antonio Mogel dugu aipagarriena, eta izan zuen jarraikorik ere.
Antzerkigintzaren Hastapenak
Bestetik, antzerkigintzan ere lehenengo urratsak ematen hasi ziren. Kultur arloan, oro har, eta antzerkigintzan bereziki, aipatu dugu lehenago ere Xavier Maria Munibe (Peñafloridako kondea), eta ezin dugu ahaztu Pedro Ignazio Barrutia.
Joannes Etxeberri Sarakoa
Lapurdiko Saran jaio zen 1668. urtean. Jesusen Lagundian ikasi zuen, Paueko herrian. Medikuntzan doktoratu eta Euskal Herriko leku askotan aritu zen sendagile: hasierako urteak herrian eman bazituen ere, gero Beran, Hondarribian eta Azkoitian bizi izan zen. Azkoitian hil zen 1749. urtean.
Etxeberri Sarakoaren literatur lanak elkarrekin zerikusi handia daukaten helburu jakin bi izan zituen: euskal hizkuntza goraipatzea eta hura irakaskuntzara eramatea.
Etxeberri Sarakoaren Lanak
1. "Escuararen Hatsapenac"
"Escuararen hatsapenac" apologia-liburua idatzi zuen, baina ez zen XX. mendera arte argitara eman. Euskaraz idatzi zuen, berrikuntza handia, zeren, kontraesana dirudien arren, ordura arteko apologietan euskararen alde, gaztelaniaz idatzi ohi zen. Kanpoko irakurleei begira egitea izan liteke arrazoia; hala ere, idazleek bazekiten hizkuntza bat aberastu nahi izanez gero, nahitaezkoa dela idatziz ere lantzea.
2. "Lan Urdiri Gomendiozco Carta"
"Lan urdiri gomendiozco carta" edo gutuna idatzi zuen. Lapurdiko Biltzarrari bidalitako liburu bat da: ordurako lanak argitaratzeko laguntza eskatu zion, baina Biltzarrak baztertu egin zuen proiektua.
Bitxikeria moduan, esan daiteke Etxeberri Sarakoak gutuna semearekin bidali zuela Lapurdiko Biltzarrera, semea baitzen metodo haren baliagarritasuna frogatuko zuena, metodo harekin ikasi baitzuen latinak.
Etxeberri Sarakoaren Idazkeraren Ezaugarriak
Etxeberri Sarakoaren idazteko moduari dagokionez, hauek dira ikerlariek aurkitutako ezaugarri batzuk:
- Hizkuntza modu argi eta gustagarrian darabil eta, aldi berean, argudiaketa indartsua egiten daki.
- Axular zuen eredu eta, haren abilezia ez bazuen erakutsi ere, nabarmena da oso ondo ezagutzen zituela haren testuak eta oso gustukoa zuela hark erabilitako hizkuntza eredua.
- Aipuen erabilera jorian ere Axularren antza du, eta azaldu edo agerrarazi nahi duena indartzeko baliabide gisa darabiltza aipuak, trebezia handiz.