Ortegaren Ideiak eta Sinesteak: Gizakiaren Oinarriak

Filosofia eta etika3,55 KB

Ortegaren Ideiak eta Sinesteak: Sarrera

Ortegaren iritziz, gizakia ulertu nahi bada, dela gaur egungoa dela iraganekoa, haren ideiak aztertu behar dira. Ortegaren ustez, ideiak gizakiak munduan nora jo behar duen jakiteko baliatzen dituen koordenatuak dira; ideiez horniturik, gizakiak bere beharrizanei aurre egiten die. Baina "idea" nozioak esanahi asko hartu ohi dituenez testuinguruaren arabera, filosofo madrildarrak zehaztu egin zuen nozio hori.

Horretarako, Ortegak bi ideia mota bereizi zituen: alde batetik, sinesteak eta, bestetik, ideiak zentzu hertsian hartuta. Beraz, Ortegaren ustez, sinesteak eta ideiak bi gauza guztiz desberdin dira.

Ideiak eta Sinesteak: Desberdintasunak

Ortegaren ustez, sinesteak eta ideiak bi gauza guztiz desberdin dira:

  • Ideiak arlo intelektualari dagozkio; kontzienteki barneratzen dira, hausnarketa baten ondorioz.
  • Sinesteak, aldiz, giza bizitzaren oinarrian dauden pentsamendu funtsezkoak dira. Ez dira era intelektualean lantzen, ez dira hausnarketa baten ondorioz barneratzen. Aitzitik, sinesteetan gara edo gaude. Gizakia sineste batean dago beti, eta giza bizitzaren egitura gizakia dagoen sinestearen araberakoa da. Sinesteek giza bizitzan eragiten dute, baina gizakiak ez ditu era kontzientean hautematen.

Sinesteen Ezaugarriak eta Eragina

Esan liteke sinesteak pertsonak bere ondoan aurkitzen dituen usteak direla; sinesteek errealitatearen osagai nahitaezko moduan agertzen zaizkio pertsonari, eta munduan automatikoki kokatzeko modu bat eskaintzen diote. Gizabanakoak hain ditu barneratuak sinesteak, ez duela horien alde egiteko beharrik sentitzen. Gizakiak hain ditu barneratuak, ez duela horietan pentsatu beharrik izaten.

Sinesteen Dimentsio Kolektiboa eta Aldaketa

Ortegaren esanetan, ez gara gu sinesteak dauzkagunak, alderantziz baizik: sinesteek gu gauzkate. Sinesteak kanpotik jasotzen ditugu, gu existitu aurretik ere existitzen baitira, eta giza talde bateko kide guztiek partekatzen dituzte. Sinesteek gizabanako gisa egituratzen gaituzte, eta dimentsio komun kolektiboa dute; horregatik esaten du Ortegak sinesteetan gaudela.

Gizadian gertatzen diren aldaketa funtsezkoenak sinesteen aldaketak dira. Gizabanakoa bere sinesteez gain, horien aurkakoak baina horiek bezain sinesgarriak diren beste sineste batzuk daudela konturatzen denean, galdu egiten du betiko sinesteei dien begirunea.

Zalantza eta Filosofiaren Sorburua

Horrela, sineste horiek errealitate izateari uzten diote, eta gizakia noraezean geratzen da, zalantzan murgildurik. Sineste batzuek huts egin badiote, aurrerantzean gizakia ez da gainerako sinesteez fidatuko. Orduan, zalantzak hartzen du gizakia, eta, ziurtasunak behar dituenez, gizakiak arrazoimenera jotzen du. Hori da, hain zuzen ere, filosofiaren sorburua. Gizakiak sinesteekiko fedea galtzen duenean, arrazoimenaz fidatzen hasten da.

Ideiak eta Filosofiaren Emaitza

Filosofiaren emaitza ideiak dira. Ideiak, sinesteak ez bezala, eztabaidagarriak zaizkio beti gizakiari, gizakia ez baita horien barnean murgildurik egoten. Ideien inguruan beti izaten dira zalantzak, eta, horregatik, ideiak berregin eta ordezkatu egiten dira etengabe, harik eta sineste bilakatzen diren arte.

Sinesteen eta Ideien Arteko Elkarrekintza

Kontrakoa ere gerta daiteke: sinesteak ideia bilakatzea. Hori sinesteez gogoeta kontzientea egiten denean gertatzen da, eta, orduan, sineste horietan izandako ziurtasuna galtzen da.

Deskargatu

PDF Word HTML