Ortega y Gasset: Ideiak eta Sinesmenak Euskaraz
Ortega: Ideiak eta Sinesmenak
J. Ortega y Gasset-en ustez, gizaki bat ulertu nahi badugu, dela gaur egungoa dela iraganekoa, haren ideiak aztertu behar ditugu, hauek munduan nora jo behar duen jakiteko baliatzen dituen “koordenatuak” baitira. Baina “ideia” nozioari esanahi desberdin asko ematen diogu. Ideas y creencias obran, Ortegak hurrengo bereizketa egiten du: batetik, sineskera-ideiak edo sinesteak ditugu; bestetik, burutazioak edo burutapen-ideiak, “ideia” hitzaren berariazko zentzua jasotzen dutenak.
Burutapen-ideiak gizakiak kontzienteki eraikitzen dituen errealitatearen gaineko pentsakizunak dira, arrazionalak eta eztabaidagarriak. Sinesteak, aldiz, gure artean berez aurkitzen ditugun usteak dira, inkontzienteak, geure burua munduan kokatzeko modua automatikoki luzatzen digutenak. Ez dugu haien alde egiteko beharrik sentitzen, edo hobe esanda, ezin dira eztabaidatu, erabat barneraturik baititugu. Haien “baitan” bizi gara. Okerra litzateke ideien eta sinesmenen arteko muga zehaztu nahian “egia” edo “ebidentzia” bezalako kontzeptuak irizpide gisa hartzea. Bien arteko aldea funtzionala da, bizitzan betetzen duten eginkizunarekin du zerikusia, sinesmenak baitira gure jokabidean benetako eragina dutenak.
Ortegarentzat, sinesmen guztiak ideiak izan ziren noizbait, baina gizatalde batean erabateko onespena jaso ondoren sinesmen bihurtu ziren. Sinesmenak komunak izaten dira gizatalde bateko kideentzat, eta bereziki belaunaldi jakin batentzat, garai jakin bateko gizabanakoek bere garaiko arazoak gainditzeko irtenbide zehatzak baitira. Baina belaunaldi berri batek aurreko belaunaldiarengandik jaso duen sinesmen multzoa faltsutzat edo desegokitzat jotzen duenean, orduan galtzen zaie mirespena eta fedea sinesmen zaharrei, eta ideiak bihurtzen dira. Ortegaren interpretazioaren arabera, gizakia zalantzetan murgiltzen da, eta zalantza baztertzeko irtenbide bakarra du: zalantza horiei buruz gogoeta egitea eta ideiak sortzea. Azkenik, ideia jaioberri horietako batzuk sinesmen bihurtuko dira eta sinesmen zaharren lekua hartuko dute, gure bizitzan betirako finkatu nahian, habia eginez.