Ortega: Perspektibismoa eta Arraziobitalismoa
J. Ortega y Gasset-en pentsamenduaren bigarren aroa, “Aro perspektibista” izenez ezagututa, Meditaciones del Quijote izeneko idazlanarekin hasten da. Obra horretan Ortegaren filosofia laburbiltzen duen esaldi ospetsua agertzen da: «Yo soy yo y mi circunstancia, y si no la salvo a ella no me salvo yo».
Gizaki bakoitzak zirkunstantzia edo egoera jakin batean murgildurik dago beti, eta arrazoi horrexegatik errealitateari so egiten dion horrek bere ikuspuntutik egiten du, halabeharrez. Norberaren ikuspuntu edo perspektiba errealitatearen beharrezko osagaia da eta ezin esan daiteke ikuspuntu bat besteen gainetik dagoenik. Perspektibismoaren teoriak, hortaz, errealitatearen gaineko ikuspuntuen aniztasuna aldarrikatzen du. Hala eta guztiz ere, pentsalari madrildarrak aurre egin nahi die eszeptizismoari eta erlatibismoari. Egia ez da erlatiboa edo erabat eskuraezina: aurrean esan dugun bezala, Egia errealitatearen gaineko irudi guztien konbinazioa baino ezin da izan, eta irudi horiek bateratzen ahalegintzea pena merezi duen esfortzua da.
Arraziobitalismoa Ortegaren helduaroko doktrina da, eta perspektibismo aroan aurkeztutako ideien garapen betea dela esan daiteke. El tema de nuestro tiempo izeneko idazkiaren izenburu berak Ortegaren asmo nagusiaren berri ematen digu: filosofia eredu berri bat sortzea, arrazionalismo intelektualista gaindituz. Horretarako, Ortegak erabat aurkakoak diren arrazionalismo intelektualista eta bitalismoaren arteko sintesia egingo du, eta honen emaitza arraziobitalismoa da.
Ortegak gogoeta egiten du gizakia kokaturik dagoen bi faktore erradikalen inguruan: bizitza eta arrazoimena. Bizitza da, eta ez arrazoia, baina arrazoimena da sustraizko errealitate hori ezagutzeari ekiteko gizakiok dugun tresna bakarra. Ortegaren esanetan, arrazoimen-eredu tradizionalak amildegi handi bat sortzen du gizakiaren bizitza konkretuaren eta arrazoimenaren jardungunearen artean. Arrazoimen abstraktu horren aurka bizi-arrazoimena aldarrikatuko du Ortegak.