Nietzsche: Mendebaldeko Kulturaren eta Metafisikaren Kritika

Filosofia eta etika4,84 KB

Nietzsche eta Mendebaldeko Filosofia

Nietzscheren ustez, mendebaldeko filosofiaren oinarria okerra da, arrazoiari garrantzi gehiegi eman baitio. Arrazoia goresteko joera hau Antzinako Grezian hasi eta Arrazoi Ilustratuan amaitu zen. Horrela, lehentasuna ematen zioten metafisikari zentzumenen munduaren aurrean, giza bizitza gainbeheran sartuz. Hau saihesteko, mendebaldeko kulturaren oinarri metafisiko, epistemologiko, erlijioso eta moralak kritikatu zituen.

Arrazoi Ilustratuari Eginiko Kritika

Haren ustez, arrazoi ilustratuak giza bizitza baztertzera eramaten du, eta gizakia gainbeheran jartzen du. Arrazoiarenganako fede itsu hori oinarri gabea da, giza alderdi sortzaileenak ukatzen baititu, eta hori kristauen monoteismoaren isla dela dio. Arrazoi ilustratuan, Jainkoarenganako fedea Arrazoiarenganako fedearekin ordezkatua izango litzateke, baina horrek bizitzaren errealitate erradikala baztertzen du arrazoiaren mesedetan. Ondorioz, Nietzsche filosofo bitalistatzat hartzen da.

Arrazoi ilustratua Antzinako Grezian sortutako filosofo metafisikoek markatutako ibilbide baten amaiera da, gizakia nihilismora eraman duena. Tragediaren sorrera liburuan dioenez, Greziako giza izaerak bi izpiritu zituen, etengabe borrokan zeudenak eta oreka sortzen zutenak: izpiritu apoliniarra eta izpiritu dionisiakoa.

  • Apolo: arrazoiaren, argitasunaren eta neurrien jainkoa zen greziar mitologian.
  • Dionisio: bizi-indarraren jainkoa zen.

Hortaz, bi izpirituak orekan bizi ziren elkarrekin, sen apoloniarra eta sen dionisiakoa, eta gizakiek bietatik indarra hartzen zuten.

Filosofiaren Sorrera eta Gainbehera

Nietzscheren esanetan, Platonek eta Sokratesek filosofia galbidera eraman zuten, bertuteranzko bide bakartzat dialektika eta arrazionaltasuna hartu zituztelako, sen dionisiakoa baztertuz eta sen apoloniarra sen bakartzat hartuz. Beraz, Izate estatiko kontzeptua horrela sortu zen. Nietzschek Heraklitoren pentsamoldea hartu eta hark defendatu zuen zentzumenen aurrean aldakor agertzen den hori baino ez dela egiazkoa; haren iritziz, itxurazko mundua da benetan egiazkoa.

Balore Moralei Buruzko Kritika: Kristautasuna

Judaismoa eta kristautasuna agertzeaz batera, baloreak irauli ziren. Esklaboen morala ezarri zen eta lehen ona zena txar bihurtu zen; kristautasunaren morala jaun izateari uko egiten ziotenen morala baitzen. Esklaboen moralak bizitzaren helburua beste mundu batean ezartzen du, salbatu eta zerura joatean, alegia. Hortaz, bizitzaren beldur direnen morala litzateke.

Kristautasunak behe-mailakoen iraultza eraman zuen, erresuminak eta mendeku-gogoak bultzatuta, errukia eta hurkoarekiko maitasuna bertute bihurtuz eta bizitzako sen indartsuei uko egitera behartuz. Kristautasuna, beraz, bizitzaren kontrako mendekua da, ahaltsuenak ahulenak kontuan har zitzaten; horrela, denak ahultzen ziren. Europako gainbehera kristautasunaren garaipenaren ondorioz gertatu zen.

Esklaboa (ahula) taldezalea da eta, hortaz, esklaboen morala artaldearen morala litzateke, denak artaldean berdinduz. Kristautasuna oso ondo zetorkien masei eta ideal demokratiko modernoei, berdintasunaren alde egiten dutelako, baina horrek gizateria beherantz berdintzea suposatzen zuen. Nietzscherentzat, mugimendu liberal eta sozialista guztiek kristautasunaren balore moral degeneratzaile berberak defendatzen dituzte.

Hizkuntzari Buruzko Kritika

Hizkuntza gezur handi horretatik ihes egiteko, bide bakarra gizakiak bere buruaz ahaztea eta gizaki intuitibo eta estetiko bihurtzea da. Artearen bidez, adibidez, kontzeptuen faltsukeriari ihes egin diezaiokegu, gizaki intuitiboak baizik ezin jar baitezake artea bizitzaren gainetik.

Nihilismoa, Ateismoa eta Baloreen Transmutazioa

Mundua moralaren arabera interpretatzeak nihilismora eraman gaitu. Helburuan, egian eta egiazko munduan oinarrituz eman diogu munduari zentzua, eta denak gezurrezkoak direla ondorioztatu dugu.

Ateismoa

Nietzsche ateoa zen. Balore guztiak galdu zirela adierazteko, "Jainkoa hil da" esaten zuen. Mendebaldeko kulturan, Jainkoaren lekua arrazoimenak eta zientziak hartu dute; hortaz, Jainkoa denon artean hil dugu. Jainkorik ez dagoela onartzeak bizitzak inongo zentzurik ez duela suposatzen baitu, hau da, nihilismoa onartzea.

Nihilismo Aktibo edo Positiboa

Nihilismo pasibo edo negatiboari aurre egin behar zaio eta balore berriak sortu. Baloreen transmutazioa egiteko, Jainkoari eta errealitate dekadente guztiei "ez" esan eta bizitzeko indarra ematen dutenei "bai" esan behar diegu. Nietzschek nihilismoaren gaindipena egiteko bidea izpirituaren hiru eraldaketen pasartean azaldu zuen.

Deskargatu

PDF Word HTML