Nahitaezko Exekuzioa eta Ondare Erantzukizun Unibertsala
Nahitaezko Exekuzioaren Oinarriak eta Prozedura
- Nahitaezko exekuzioan, hartzekodunak zor den prestazioa betetzea eskatzen du (in natura edo baliokidez).
Oinarri Juridikoa: Ondare Erantzukizun Unibertsala
Oinarri juridikoa KZren 1911. artikuluan aldarrikatzen den “ondarezko erantzukizun unibertsala” da. Erantzukizun honetatik kanpo geratzen dira, PZLren 605. eta 606. artikuluen arabera, ezingo direnak bahitu:
- Duintasunez bizibidea mantentzeko beharrezkoak dituzten ondasunak.
- Ogibidean jarduteko beharrezkoak dituzten tresnak, liburuak, etab.
- Soldata edo pentsioa, gutxieneko soldata gainditzen ez badute (exekutatuarena eta ezkontidearena batuta, eta zerga kenduta).
- Nahitaezko exekuzioaren tramitazioa ezberdina da: kreditu-eskubidea titulu exekutiboa denean (PZLren 517. artikulua) edo ez denean (azken kasu honetan, adierazpen prozedurari eman behar zaio hasiera).
Obligazio Mota Ezberdinen Nahitaezko Exekuzioa
Gauza Emateko Obligazioak
Gauza zehatza edo generikoa den bereizi behar dugu:
Gauza Zehatza Emateko Obligazioak
Prozedura: KZren 1096.1. artikulua eta PZLren 701. artikulua. Pausuak:
- Zordunari betetzeko epe berria ematen zaio.
- Ez badu betetzen, epaileak gauza hartzeko baimena ematen du.
- Gauza aurkitzen ez bada: baliokide ekonomikoa emango da (gogoratu ez-betetze kasuetan, baliokide ekonomikoa sortutako kaltea kontzeptuan barneratzen dela).
Gauza Generikoa Emateko Obligazioak
Prozedura: KZren 1096.2. artikulua eta PZLren 702. artikulua. Pausuak:
- Zordunari betetzeko epe berria ematen zaio.
- Hartzekodunak eskatuko du bere esku gauza generiko horiek uztea edo zordunaren kontura gauza horiek eskuratzea.
- Azken hau egiteko, ondasunen bahitura aginduko da.
- Dena den, ondasun generiko horiek eskuratzen direnerako, dagoeneko, hartzekodunaren interesak asetzeko balio ez badute, baliokide ekonomikoa emango zaio hartzekodunari.
- Ondasun higiezinak badira, Jabetza Erregistroan dagozkion aldaketak egingo dira eta higiezinaren barne dauden altzariak erretiratzeko ahalmena emango zaio exekutatuari, harena edo familiaren ohiko bizilekua bada, baita handik alde egiteko hilabeteko epea ere (beste hilabetez luzatzeko aukerarekin).
Egiteko Obligazioak
Obligazioa pertsonala edo oso pertsonala den bereizi behar dugu:
Obligazio Pertsonalak
Prozedura: KZren 1098. artikulua eta PZLren 706. artikulua. Pausuak:
- Zordunari egintza burutzeko epe berria ematen zaio (PZLren 705. artikulua).
- Zordunak betetzen ez badu, alderdien arteko akordiorik ez badago, hartzekodunak aukeratu ahal izango du: zordunaren kontura betetzea eskatu edo, eta beti ere bere interesak dagoeneko ezin badira asetu, baliokidea eskatu.
- Betetzea aukeratzen badu, prestazioa baloratuko da eta zordunak dirua ematen ez badu, bere ondasunak bahituko dira.
Obligazio Oso Pertsonalak (Txit-pertsonalak)
Prozedura: PZLren 709. artikulua. Pausuak:
- Zordunari epe berri bat ematen zaio.
- Epe honetan bete nahi ez badu, eta beti ere alderdiek beste akordiorik lortu ez badute, hartzekodunak aukeratu ahal izango du: baliokidea eskatu edo zordunari egintza betetzera behartu, hilabeteko isun bat ordaintzera behartuz (epe muga: urte bat).
Ez-egiteko Obligazioak
Berehalakoak edo jarraikorrak diren bereizi behar dugu:
Berehalakoak
Prozedura: PZLren 710. artikulua. Kasu honetan, kalte-ordaina soilik eska daiteke.
Jarraikorrak
Prozedura: KZren 1099. artikulua eta PZLren 710. artikulua. Zordunari egindakoa desegiteko agindua eta berriz ez egiteko agindua ematen zaio.
Exekuzio Objektua Zabaldu eta Hartzekodunen Akzioak
Zer gertatzen da nahitaezko exekuzioa egikaritzerakoan zordunaren ondarean ondasun presenterik ez badago edo, daudenak, zorra ordaintzeko nahikoak ez badira?
Konponbidea KZren 1111. artikuluak ematen du:
“Hartzekodunek, zor zaiena kitatzeko, zordunak dituen ondasunen atzetik joan ondoren, azken horren eskubide eta akzio guztiak egikaritu ditzakete, eta, halaber, aurka egin diezaiekete zordunak haien eskubidearen kaltean egindako ekintzei.”
Xedapena irakurriz, bi akzio mota bereizi daitezke:
- Subrogazio Akzioa: Zordunari dagozkion eta hark oraindik erreklamatu ez dituen ondasunak bere ondareara ekartzea ahalbidetzen duena.
- Hutsaltze-akzioa edo Akzio Paulianoa: Hartzekodunaren interesa betetzea zordunaren ondaretik jadanik ateratako ondasunen kontura ahalbidetzen duena.
- Beraz, hartzekodunak zordunaren ondarearen gaineko erabakietan eta jardueretan eskua sartzen du, beti ere, bere kreditu-eskubidea urratu dela jakitean, alegia, zordunaren ondasunen atzetik joan ostean.
- Hartzekodun orok bere exekuzio singularra bidera dezake, KZren 1111. artikulua jarraituz.
- Egikarituko diren kredituak eta akzioak epemugara iritsitakoak eta galdagarriak izan behar dira.
Bi akzio mota horiek beste bi akzio mota hauetatik bereizi behar dira:
- Akzio Zuzena: Hartzekodunari, zuzenean, zordunaren zordunen aurka jotzeko ahalmena ematen dion akzioa (adibidez: azpierrentamendu kontratuan).
- Itxurazko Akzioa: Deusezak diren kontratuen aurka jotzeko aukera ematen duen akzioa. Kontratu hauei funtsezko betebeharrak falta zaizkie, itxuraz egindakoak baitira.