Mitxelenaren Aitzin Euskararen Berreraiketa: Metodoak eta Erronkak
Mitxelenaren Aitzin Euskararen Berreraiketa: Gorago Jotzerik Ba Ote?
Eskura ditugun lekukotasunen bidez, nagusiki testuen bidez, ezagutzen den hizkuntzaren historian atzera egin daiteke, lehenagoko formak (hotsak, morfoak, hitzak…) eta lehenagoko sistemak (sistema fonologikoa, deklinabidea…) nolakoak ziren asmatzen saiatuz. Horri "berreraiketa" deitzen zaio. Berreraiketa ezin da edonola egin, ahalik eta oinarririk sendoenen gainean baizik. Hortaz, gertakari seguruei eman behar zaie lehentasuna, eta Mitxelenak dioenez, ezer baino lehen histori garaiek eskaintzen dizkiguten datuak aurkitu eta aztertu behar dira, haien gainean oinarrituta historiaurrean zer zitekeen asmatzen hasi baino lehenago.
Berreraikuntza Metodoak: Konparatzailea eta Barnekoa
Berreraiketa da hizkuntzalaritza konparatzailearen metodo klasikoa. Familia berekoak diren, hau da, elkarrekin genetikoki lotuta dauden hizkuntzetako forma ezagunak edo dialekto ezberdinetako forma ezagunak erkatzen dira, adibidez, forma horiek guztiak azaltzeko gai den antzinako forma berreraikitzeko. Barne-berreraiketan, berriz, hizkuntza bakar batek emandako datuetan oinarrituta egiten da berreraiketa, hizkuntza horren berorren lehenagoko egoera batera iristeko. Barne-berreraiketa edozein hizkuntzarekin erabil daitekeen metodoa da, baita familia ezagunekoak direnekin ere (konparaketak argitzen ez dituen kontuetarako, adibidez), baina bereziki emankorra da gurea bezalako hizkuntza bakartuentzat.
Barne-Berreraiketaren Oinarriak eta Adibideak
Barne-berreraiketa hizkuntzaren aldakortasunari buruzko hatsarre garrantzizko batean oinarritzen da: hizkuntz egoera bakoitzak bere baitan gordetzen du lehenagoko hizkuntzaren arrastorik. Hatsarre honen ondorioak sinkroniako txandakatze gisa islatzen dira. Maizenik txandakatzeok morfofonemikoak izaten dira:
- Ene irregularra da bere paradigmaren barruan, nire erregularraren aldean (zure, hire, gure paradigmekiko analogiaz sortua).
Barne-berreraiketak ez digu biderik ematen lehenagoko hizkuntza osoki berreraikitzeko, ez eta hurrik eman ere, baina batzuetan ez dago beste modurik. Ene zaharragoa dela badakigu, baina ez zer adierazten duen, ez osoki behintzat: *en-e. E-torri, i-ibili eta joan aditzen hasierako bokal txandakatzeak *e- aurrizkia berreraikitzeko bidea eman zion Mitxelenari, txandakatzearen baldintza fonetikoak zehazteko gauza izan baitzen.
Berreraiketaren Konplexutasuna eta Sinplifikazioaren Arriskuak
Maizenik lehenagoko hizkuntza osoki berreraikitzeko biderik ez izan arren, ez dugu pentsatu behar antzinako kontuak oraingoak baino bakunagoak zirenik. Aitzitik, oso kontuan hartzekoa da historiaren aberastasuna, berreraikitako eskemek nekez isla dezaketena. Honek hamaika arazo sortzen ditu. Berreraiketa guztiek ahalik eta azkarrenik nahi dute jo, zuzen-zuzen, galdutako garaira. Alabaina, datu historikoek usu erakusten digute benetan gertatu dena konplexuagoa izan dela. Sinplifikazioak saihestea beharrezkoa da, ze adibidez, latinezko –ebam, -ebas, -ebat-etik gaztelaniako indikatiboko inperfektuaren garapena –ía,-ías,-ía izatetik (1) b> Ø / V_V; (2) e>i/ _a arauak ateratzen baditugu, ez da ahitaez egiazkoa. Izan ere, gaztelania zaharreko testuetan –iés, -ié, -iémos… formak nagusi dira, eta ezin dira eman diren arauen arabera azaldu.
Euskararen Kasua: Nire vs. Nere
Honelako sinplifikazioak ugariagoak dira ezezagunagoko edo ikertu gabeko hizkuntzetan. Mitxelenak aipatzen du batuaren hasikinetan, gure artean bazebilela eztabaida bat, nire eta nere-ren artean zein zen "zuzenagoa" ez ezik, zein zen "zaharragoa". Nire-ren aldekoek argi zeukaten kontua, nire formak ni pertsona izenordainaren euskarria baitauka. Baina euskalki guztietan badirudi ene forma bat izan zela, neure forma indartuarekin oposatzen zena. Nire, neure-ren aldaeretako bat baino ez da. Gaur egun nire erabiltzen den lekuetan, beraz, forma zahar bat gorde da, lehengo balio indartua galdu badu ere. Nire, ordea, eraketa analogiko moderno bat baino ez da, ni-ren gainean eraikia, i : ire, gu : gure ereduaren gainean eraikia.
Berreraikitako Formak eta Lekukotutako Formak Bereiztea
Bestalde, hizkuntzalari historikoek konbentzio bat ezarri dute: lekukotutako forma eta berreraikia bereizi behar dira. Hala, berreraikiek izartxoa eramango dute noizbait norbaitek agerraldi bat aurkitu arte. Adib.: *ardano, *bini baina ardao / ardan(degi) eta mi(h)i(n). Lehenengo formak bigarren formen etorkizunean izan arren, izartxoarekin idazten dira, haietatik eta haiek azaltzeko atereak direlako.