Marxen Filosofiaren Interpretazioak
Marx eragMarxen filosofiaren zenbait interpretazio egin izan dira, eta hala, zenbait marxismo ere sortu. Badira zenbait sistema filosofiko marxistatzat dutela bere burua, eta Marxen oinarri batzuetatik sortzen direnak. Aniztasuna oso handia da arlo horretan. Hala ere, Marxen bi interpretazio mota bereiz daitezke, ortodoxoaz gain: interpretazio humanista eta interpretazio zientifikoa.
Lehenbizikoa interpretazio humanistaren eredua da, Lukács-ek, Bloch-ek edo Schaff-ek ordezkatzen dutena. Haien ustez, marxismoaren ardatza gizakia da: mamitzat askatasuna duena eta balio gorena eta lehena dena. Ekonomia ez da muina, gizakiaren tresna bat baizik. Korronte honen arabera, metodoa borroka-elementua baino ez da, gizarte kapitalistak eraso egiten dion gizakiaren tresnatze edo gauza bihurtzeko joerari aurre egiteko elementua.
Bigarrena interpretazio zientifikoa da, Althusser-ek proposatutakoa. Marxismoa ez da humanismo mota bat, baizik eta errealitatea ezagutzeko modua. Marxek gaztetan humanismoaren gaineko ideiak sortzen ditu eta Althusser-ek uste du horrek ez duela zerikusirik Marx helduak erakusten duen joera zientifikoarekin, Kapitala izeneko lanean. Marxismoa zientzia da, eta helburutzat du beraren oinarriak agerian jartzea. Marxen filosofiari kritika ugari egin zaio, Frankfurteko Eskolaren aldetik: (1) Antropologiaren arloan, gizakia ez da homo faber hutsa, eta mundua ere ez da soilik lantegi bat; (2) Produkzio-indarrak gainegitura izatera iritsi dira, hau da, ideologia izateraino heldu dira; (3) Gizakien arteko elkarreragina ez da ondorioztatzekoa soilik gizakiak naturarekin dituen ekoizpen-harremanetatik; (4) Klaseen arteko borrokaren teoria, giza historiaren ibilbidearen interpretazio-eskema erara hartuta, sinpleegia da; (5) Klase sozial berriak agertu dira; (6) Erlijioari dagokionez, Marxek ez ditu planteatu funtzionaltasun plurala eta tradizio erlijiosoen heterogeneotasuna. Kritika negatiboen ondoan, ikuspegi onargarriak ere badaude: (1) Teoria praxian egiaztatu beharra; (2) Gaurko munduko egoera larriaren barnean, gizakiari bere benetako izaera berreskuratzen lagundu izana; (3) Erlijioei, lagundu die konturatzen batzuetan manipulatuak izan direla historian zehar.