Marx eta Alienazioa: Ikuspegi Materialista eta Kritika

Filosofia eta etika4,6 KB

Hegel eta Idealismoaren Kritika

Idealistentzat ezinezkoa da errealitatea den bezala ezagutzea, erreala dena ideia baita. Horrez gain, zerbait ote dagoen eta nolakoa den jakitea ezinezkoa da. Tesi honen aldekoa Hegel izan zen. Baina, zer da errealagoa, zuek edozein pertsonari buruz duzuen ideia edo pertsona hori bera?

Hegel eta Alienazioa: Ikuspegi Idealista

Hegelentzat lehenbizi ideiak sortzen dira eta gero era materialean adierazten dira. Hau oinarrizkoa da bere lanean.

Feuerbach eta Alienazio Erlijiosoa: Materialismoa

Feuerbachek gogor kritikatu zuen Hegelen ikuspegi idealista. Erreala den bakarra materia da; Espiritua ez da materiaren emaitza, ordea. Jainkoaren eta gizakiaren arteko harremana alderantziz ezarri behar da: erlijioak dio Jainkoak bere antzera eta irudira egin duela gizakia, baina alderantziz da, gizakiak sortu du Jainkoa. Kritika honen erdi-erdian alienazioaren nozioa aurkitzen da, gizakia Jainkoagan alienatzen baita. Feuerbachentzat erlijioa suntsitu eta desegin beharra dago gizakiak bere burua berreskura dezan eta humanismo berri bat sor dadin.

Marxen Alienazioa: Gizakiaren Ikuspegi Materialista

Marxentzat ideia gizakiaren emaitza da; gizakiaren ideia gizakiek sortutako ideia da. Gizakiaren definizio orokorra ez da existitzen. Gizakia izaki aktiboa da eta bere zeregin garrantzitsuena lana da. Lanari esker eratzen du gizakiak bere gizartea eta besteekin harremanetan jartzen da.

Gizakiaren Alienazioa eta Ekoizpena

Marxek honetan jarriko du bere arreta. Ekoizten dugun horretan gurea den zerbait uzten baitugu: denbora, irudimena, indarra... Baina horrek ez du zertan txarra izan, ekoizten ditugun objektu horiek gureak diren bitartean. Zoritxarrez, langileek dituzten baldintzetan kontrakoa gertatzen da, hau da, gizakiaren alienazioa.

Lana egiteko bi faktore daude: gizakion lan-indarra eta ekoizpen bitartekoak (lurra, makinak, fabrikak...).

Gizartearen Banaketa eta Gainbalioa

Gizakiak bi taldetan banatzen dira: ekoizpen bitartekoen jabeak eta gainontzeko gizakiak. Lan egiteko behar diren bitartekorik ez dugunean, gure lan-indarra besterik ez dugu, eta lan-indar hori ekoizpen bitartekoen jabeei alokatzera behartuak gaude.

Alienazio ekonomikoaren arrazoia: Gainbalioa. Marxentzat langileek duten jabetza bakarra lan-indarra da, kapitalistari soldata baten truke saltzen dion merkantzia baino ez dena. Lan-indarra bere balio propioa bakarrik ez duen merkantzia da, balioa sortzeko ahalmena ere baduelako.

Laneko Alienazio Moduak

  • Naturarekiko alienazioa: Lanak natura eraldatu eta giza eremura berenganatzen du. Naturak sortutako produktuak gizakiaren gorputz ez-organiko bilakatzen dira. Baina soldatapeko langileek galdu egiten dute dimentsio unibertsal hori.
  • Beste gizakiekiko alienazioa: Gizakiak beste gizakiekin lan egitea ezinbestekoa du, beste gizakiak lankide bihurtuz. Kapitalismoan, gizakiek harreman unibertsala galtzen dute beste gizakiekiko, elkar esplotatu behar dutelako. Beraz, bai jabeak baita langileak ere ekonomiaz gaindiko giza izate oroz gabetuak daude, haien arteko harremanak etekinaren menpe baitaude. Gizakiak ekoizpen modu kapitalistan bere esentzia galtzen du; bere lana ez dagokio berari, nagusiari baizik.

Alienazioaren Beste Dimentsioak

Alienazio ekonomikoa ez da bakarra:

  • Erlijiosoa: Gizakiak ideia erlijiosoak asmatu ditu kontsolatzeko eta etorkizunean bizitza hobe batean esperantza ipiniz, benetako errealitatetik ihes eginez.
  • Soziala: Gizartea bi kontrako taldetan banatua geratzen da: burgesia (menperatzailea), langilearen pobreziaz bizi dena; eta proletariotza (zanpatua).
  • Politikoa: Egoera sozial honi ordena politiko baten agerpena dagokio (estatua), egoera hau sendotu eta mantendu egiten duena. Estatuak bere botere bortxatzaile guztia (armada, polizia) kapitalaren eta jabetza pribatuaren esku uzten du.
  • Filosofikoa: Klase menperatzaileak ez ditu bere pribilegioak kanpo bortxaren bidez bakarrik defendatzen; horrez gain, hainbat teoria osatzen ditu pribilegio horiek arrazionalki justifikatzeko (filosofia, artea, morala...). Alienazio honen laguntzaz, gizakia egia objektiboak daudela sinestera iristen da, baina errealitatearen isla hutsak dira. Hortaz, pentsamenduak sortzen duen guztia nagusien interesak babesteko erabiltzen da.

Deskargatu

PDF Word HTML