Kontzertu Ekonomikoen Ezeztapena Bizkaia eta Gipuzkoan (1937)
1937ko Dekretua: Kontzertu Ekonomikoen Amaiera Bizkaian eta Gipuzkoan
Sarrera: Testuaren aurkezpena eta sailkapena
Testu honen izenburua “Bizkaian eta Gipuzkoan kontzertu ekonomikoak ezeztatzeko lege-dekretua” da, 1937ko ekainaren 23an idatzia izan zen Burgosen eta egun bat beranduago Boletin Oficial del Estado-n argitaratua izan zen. Lehen mailako testu historiko juridikoa da, lege-dekretu bat den aldetik. Testu publikoa dela esan dezakegu, hartzaile kolektibo bati idatzitako testua baita. Testuaren egilea Francisco Franco jeneral gorena da, Gerra Zibila irabazi ondoren Espainiako diktadore izan zena ia 40 urte luzez. Espainiako Gerra Zibilean murgilduta dagoen testua da, momentu honetarako Bilbo hartua zuten jada nazionalek. Testuaren helburua, Bizkaia eta Gipuzkoari abantaila handiak ematen zizkien kontzertu ekonomikoak ezeztatzea da.
Ideia nagusiak
Testuaren ideia nagusia Bizkaia eta Gipuzkoak egindako traizioaren ondorioz, kontzertu ekonomikoak ezabatuko zaizkiela jakinaraztea da.
Francok kontzertu ekonomiko hauek ezabatzearen arrazoiak bildu zituen:
- Erregimenak pribilegio handiak euskal probintziei.
- Mugimendu Nazionalari aurka egin zieten, eskuzabaltasunari traizio eginez.
- Nafarroa leial mantendu zen. Gipuzkoa eta Bizkaiak, berriz, Espainiaren aurkako politika egin zuten.
Hori guztiaz gain, Francok Araban kontzertu ekonomikoak jarraituko duela jakinarazten du.
1. artikuluan xedatzen duenaren arabera, uztailetik aurrera, Gipuzkoa eta Bizkaian estatuko erregimen erkidea ezarriko da.
Iruzkina
Kontestu historikoa
Testua ondo ulertu ahal izateko, beharrezkoa da dagokion testuinguru historikoan kokatzea. Testua, Espainiako Gerra Zibilean kokatzen da, Mugimendu Nazionalak Bizkaia eta Gipuzkoa hartu ondoren bi probintzietako kontzertu ekonomikoak ezabatu zituztenean.
Errepublikako azken urteetan, orden publikoko arazo larriak zeuden Espainian. 1936an, hauteskundeak Fronte Popularrak irabazi zituen eta militarrak konspiratzen hasi ziren, II. Errepublika hori ezabatzeko asmoarekin. Horrela, uztailaren 18an, Altxamendu Nazionala izan zen Francok gidatuta. Altxamendua garaile atera zen hainbat hiritan, baina beste eremu batzuetan errepublikari eutsi zitzaion. Horrela, Espainia bitan banatuta gelditu zen, eta hiru urte luze iraun zuen gerra sortu zen. Nazionalak, armamentuan eta antolamenduan nagusi zirenez, pixkanaka, Espainia osoa bereganatzen joan ziren.
Euskal Herriari dagokionez, estatu kolpea Araban (iparraldean izan ezik) eta Nafarroan garaile atera zen. Arabako iparraldean, Molak pentsatu zuen Iruñean zegoen EAJ ere altxatuen alde jarriko zela, ez zela Fronte Popularrarekin aliatuko, baina, Irujoren eraginez, EAJ errepublikari leial mantendu zen. Gipuzkoan, estatu kolpea gertatu zen, baina bertakoek defendatu egin zuten. Bizkaian, berriz, ez zen estatuko kolperik gertatuko. Gipuzkoan, gerrak uztailetik irailera bakarrik iraun zuen Hiru defentsa junta antolatu ziren: Donostiakoa, Eibarrekoa eta Azpeitikoa. Hala ere, Molaren tropak Nafarroatik sartu ziren, eta irailerako Eibar ingururaino iritsi ziren, bertan frontea estabilizatu egin zelarik. Urriaren 1ean, Autonomia estatutua onartu zen eta Jose Antonio Agirre lehendakari aukeratua izan zen. Bera izan zen Euskal Gudarostea antolatu zuena. Euskal Gudaroste guztia Saseta komandantearen gidaritzapean egon zen. Molaren tropak baino askoz ere ahulagoak ziren, eta ondorioz, porrota nabaria izan zen. Honek, batailoien morala asko jaitsi zuen. Bizkaiari dagokionez, Nazionalei lurralde hau interesatu egiten zitzaien, gerrako hornikuntzarako material garrantzitsuak ekoizten baitziren hemen. Bonbardaketak antolatu zituzten, Alemaniako Condor legioa. Pixkanaka, mugan dauden herriak bonbardatuko dituzte (Apirilean, Gernika). Horrela, pixkanaka, Bilboko burdin gerrikora heldu ziren. Puntu ahul batzuk zituen, eta Goicoechea ingeniariak nazionalei planoak pasa zizkienez, nazionalek erraz hartu ahal izan zuten zonaldea. Artxandon izan zen gerraren gune garrantzitsuena, erresistentzia gogorrena bertan izan baitzen. Ekainaren 19rako Bilbo hartu zuten. Enkarterriak pasa ondoren, pixkanaka aurrerantz Kantabria aldera erretiratu ziren. Santoñan izan zen errendizioa. Francok ez zuen errendizio baldintzatua nahi, baldintzarik gabeko errendizioa nahi zuen. Francok Bizkaia eta Gipuzkoaren erresistentzia traizio kontsideratu zuen, eta ondorioz, errepresio izugarria ezarri zuen hemen. Autonomia estatutua eta kontzertu ekonomikoak ezabatu zituen.
Ideien iruzkina
Kontzertu ekonomikoak II. Gerra Karlista galdutakoan Canovasekin egindako akordio baten ondorioak dira, 76an. Kontzertu ekonomikoek pribilegio handiak ematen zizkien euskal probintziei. Euskal biztanleek diputazioari ordaintzen zizkieten zergak, eta honek estatuari (Madrili) kupoa ordaintzen zion. Madrilek kupoa gaizki kalkulatu zuen, ez baitzuten kontutan izan Bizkaia jasaten ari zen biztanleria hazkundea, eta ondorioz, hori oso mesedegarri gertatu zen Bizkaian. Francoren iritziz, Bizkaia eta Gipuzkoak, Mugimendu Nazionalari erresistentzia egiteagatik, traizioa egin zioten, eta mendekuz, Francok bi probintziei izugarrizko errepresioa ezarri zien. Nafarroa eta Araba leial mantendu ziren Francoren ideietara. Ondorioz, nahiz eta Gipuzkoa eta Bizkaian kontzertu ekonomikoa ezabatu zuen, Araba eta Nafarroa leial mantendu zirenez, mantendu egin ziren kontzertu ekonomikoak. Kontzertu ekonomikoa ezabatzeaz gain, autonomia estatutua ere ezabatu egin zuen, nazionalistak kondenatu eta euskal kulturarekin erlazionatutako guztia debekatu egin zuen, baita hizkuntza bera ere.
Ondorioak
Testu honen garrantzia handia da, 76tik indarrean zeuden kontzertu ekonomikoak ezabatu baitziren bai Bizkaian baita Gipuzkoan ere, Francok bi probintzia hauek Mugimendu Nazionalari egindako erresistentzia traizio kontsideratu baitzuen. Hori horrela, pribilegio ugariren ezeztapena gertatu zen. Sistema frankistak ezarriko duen errepresioaren legeetako bat izan zen. Francok, Gerra Zibila irabazi ondoren, etapa berri bati hasiera eman zitzaion Espainian, Francoren diktadura gogorrari, hain zuzen ere. Autoritarismoa eta askatasun eza ziren sistema honen oinarriak. Etapa luzea izan zen, ia 40 urtez luzatu zena, eta errepresioa mantendu eta areagotu egin zen. Aurretik esan bezala, euskal kulturaren inguruko guztia, euskara barne, guztiz debekatu egin zuen.