Euskal Kantagintzaren Historia Laburra

Hizkuntza eta literatura3,87 KB

Lehen Urteak (60-70)

Mixel Labegerie-k magnetofoian grabaturiko kantuak argitaratu ziren unea jotzen da euskal kantagintza modernoaren abiapuntutzat. Euskal Herri osora zabaldu ziren, baita Francoren Espainiako diktadurapean zeuden hegoaldeko herrialdeetara sasian iritsi ere.

Labegerie-k hasitako bidea Ez dok Amairu-k zabaldu eta sendotu egin zuen. Talde bat baino gehiago kolektibo bat izan zen, kantari eta musikariez gain, idazleak, artistak eta dantzariak ere hartu baitzituen bere baitan. Lehen aldiz, zentsurak oztopoak jarri arren, modernitatearen adierazpen kultural batek interesa piztea eta jendetza erakartzea lortu zuen. Diktadurak ezarritako giro gris eta hits itogarrian, kultur adierazpide berrien beharra zuen euskal jendartearen egarria asetu zuen.

Lehen Folk eta Rock Taldeak (70)

Frankismo garaia azkenetan zegoen, eta diktaduraren amaierarekin aldaketa politikoak berehala etorriko ziren. (Pantxoa eta Peio, Maite Idirin...) Lehen folk eta rock taldeen kantaldien sukarrak ez zuen luze iraun, eta apaltzen hasi zen 70eko hamarkadaren amaieran. Nazioarteko musika gehiago iristen hasi zen, UK zein USAko rock eta folk kantuak. Kantautoreen ordez lehen taldeak ari ziren sortzen (Itoiz, Oskorri...).

Rock Erradikalaren Hamarkada (80)

Hurrengo urteetan rockak aldatu zuen eszena musikala, jendartea bera aldatu zen moduan. Langabeziaren hazkundea, drogen kontsumoaren zabalkundea eta sistemaren aurkako jarrera inkonformistan oinarritutako borroka alternatiboen ugaltzea (ekologismoa, antimilitarismoa, eraikin hutsen okupazioa...) bazka izan ziren Londresen urte batzuk lehenago gertatutako punk mugimenduaren leherketaren uhinek indar ikaragarria har zezaten Euskal Herrian. Do it yourself leloa praktikara eramaten zuten hainbat talde jaio ziren, gehienbat hiriburu eta herri industrialetan, eta estilo bateratasunik ez zegoen arren -punk, disko, reggae, hardcore, heavy edo rock taldeak zeuden haien artean-, etiketa baten abaroan batu zituzten: rock radical vasco (RRV). 80ko hamarkadan Euskal Herrian sortutako kultur fenomenorik indartsuena izan zen. Bi aldaketa nagusi ekarri zituen RRV-k. Batetik, gaztelania bilakatu zen hizkuntza nagusia, ingurune erdaldunetan sorturikoak baitziren talde gehienak. Salbuespen gutxi batzuk egon ziren, eta horien artean bi oso esanguratsuak: Hertzainak eta Zarama. Bestetik, bere burua elikatzeko gai zen sare oso bat ehundu zen mugimendu haren inguruan: diskotetxeak, irrati libreak, fanzineak, gazteek kontzertuak antantolatzeko okupatutako etxe autogestionatuak... Euskal Herriko rockaren historiako disko entzutetsuenetako batzuk argitaratu ziren urte haietan: La Polla, Zarama.

Euskalduna Naiz eta Harro Nago (90)

RRV hamarkada aldaketarekin batera haren oihartzuna itzaltzen hasi zen. Proposamen berriak azaleratu ziren oso indartsu, eta bat nabarmendu zen bereziki: Negu Gorriak. Iñigo eta Fermin Muguruza anaiek sortu zuten hip hop kultura (kantua, dantza estetika...) euskarara ekarri zuen lehen taldea, eta harekin batera Esan Ozenki diskoetxea jarri zuten martxan, taldeen autogestioan eta independentzia artistikoan oinarriturik. Negu Gorriak-en inpaktua itzela izan zen, taldeen lan egiteko moduak ideia berriak ekarri zituelako ere. Euskara jarri zuen berriz ere sorkuntzaren erdigunean, euskalduna naiz eta harro nago leloa zabaldu zuen, James Brownen i'm black and i'm proud hura gogoan. Lehen aldiz aniztasuna heldu zen eszenara.

XXI. Mendea

XXI. mendean atomizazioa arlo estilistikora ere iritsi da. Ez dago garbi nabarmentzen den joerarik, baina ia denetarik egiten da euskaraz. Gitarra elektrikoarekin egindako rockak eremu zabalena hartzen jarraitzen du, eta gaur egun erreferente garbi bat du: Berri Txarrak. Bestalde, Kortatuk disko musika ekarri zuenetik, Jamaika eta Karibeko doinu dantzagarriak oso gogokoak dituzte euskal gazteek.

Deskargatu

PDF Word HTML