Europako Berrezarpena eta Iraultza Liberalak (1815-1848)
Europako Berrezarpena
Helburuak eta Printzipioak
Napoleon garaitua izan ondoren, 1814an, herrialde garaileak (Austria, Prusia, Errusia eta Britainia Handia) Vienako Kongresuan bildu ziren 1815ean.
Helburuak:
- Monarkia absolutua berrezartzea (Erresuma Batua izan ezik, sistema parlamentarioaren aldekoa baitzen).
- Frantziari Europako boterea kentzea, eta potentzia garaileak nagusitzea.
- Ordena eta segurtasuna mantentzeko indarra beharrezkoa bazen, erabiltzea.
- Europako maparen berregituraketa.
Kongresuak bere politika aurrera eramateko oinarritutako printzipio teorikoak:
- Legezkotasuna: Monarkia absolutua zen legezko bakarra; konstituzio batek ezin zuen bere boterea mugatu, jainkoak emana baitzen.
- Ondarea: Lurraldeen mugak agintarien eskubideen arabera finkatu zituzten, lurraldeetako herrien etnia, hizkuntza edo kultura irizpideak kontuan hartu gabe.
- Oreka: Europako maparen berrantolaketan, potentzia batek ere ez zuen beste baten gaineko nagusitasunik.
- Nazioarteko Erantzukizuna: Nazioarteko harremanak potentzia handiek bideratu eta kontrolatzen zituzten.
- Interbentzionismoa: Herri batean desordena zegoenean, besteentzat arriskutsua zenez, monarkia legitimoek esku hartzeko eskubidea zuten herri horretan.
- Kongresuak: Gatazkak kongresuetan modu baketsuan konpontzen zituzten.
- Aliantzak: Berrezarritako ordena mantentzeko tratatu edo akordioak ziren.
Aliantza Santua
1815ean Parisen sinatu zuten Errusiako tsarrak, Austriako enperadoreak eta Prusiako erregeak. Jokabide politikoan kristautasunaren printzipioen arabera jarduteko konpromisoa hartu zuten, eta kideek mehatxu iraultzaileen menpeko edozein herritan esku hartzeko eskubidea ezartzeko helburuarekin.
Mugimendu Iraultzaileak
Vienako Kongresuak pentsatutako panorama, iraultzak saihestu nahi zituena, laster zaila izan zen betetzea, Europan mugimendu iraultzaileak egon zirelako: 1820ko iraultza liberalak, 1830eko iraultza demokratikoak eta 1848ko mugimendu nazionalista eta sozialistak.
Herria pixkanaka bere miseriaz, zapalkuntzaz, askatasun faltaz... jabetzen joan zen. Arazo horiek Frantziako Iraultzak eragindako aldaketez jabetzen ez ziren pertsonen errua izan ziren.
1820ko Iraultza Liberalak
- Klandestinitatean zeuden sozietate sekretuek antolatu zituzten: masoneria, karbonarioak...
- Altxamendu militarra gobernuaren kontra joateko modua zen.
- Estatu iraultzaileak Mediterraneoan zeuden: Grezia, Napoli eta Piemonte (Turin), Espainia, Portugal.
- Helburu politikoak: monarkia absolutuekin amaitzeko nahia; batzuetan mugimendu abertzaleak ere izan ziren.
- Buruzagiak intelektualak eta militarrak ziren gehienetan.
- Iraultza gogorrak izan ziren; aliantza sistemak martxan jarri ziren eta buruzagiak exekutatu zituzten.
Gertaerak
Espainian, Fernando VII.aren absolutismoa ez zen bideragarria: herria hondatuta zegoen, eta Antzinako Erregimena eta bere zerga-pribilegioak itzultzea oztopo ziren estatuak baliabide berriak lortzeko. Ondorioz, Amerikako altxamendua zapaltzeko prestatutako tropak matxinatu ziren 1820an, Cabezas de San Juanen, Riego komandantearen aginduz. Espainian matxinadak zabaldu zirenez, Fernando VII.ak Cadizko 1812ko Konstituzio liberala sinatu zuen. Iraultza sakabanatzen ari zenez, Aliantza Laukoitzeko kideak izutu egin ziren eta kongresuen sistema martxan jarri zen: 1822an, Veronako Biltzarrean Espainian esku hartzea erabaki zuten, eta Fernando VII.a tronuan ezarri zuten berriro.
1822an, greziarrek Otomandar Inperiotik kanpo zeudela aldarrikatu zuten Epidauroko Biltzarrean. Gerraren ondoren, Adrianopolisko Bakean independentzia ezarri zuten (1829ko irailean), Vienako Biltzarrean ezarritako ordena ezeztatuz.
1830eko Iraultza Liberalak
1830eko krisi ekonomiko larriak zeuden. Krisi ekonomiko honen ondorioz, populazioaren artean ideia liberalak zabaltzen hasi ziren, monarkia absolutisten aurka.
Bereziki, iraultza hauek nabarmendu ziren: Frantzia, Belgika, Polonia, Italia eta Espainia. Greziak independentzia lortu zuen 1829an, beraz ez da 1830eko iraultza liberalen parte zuzena. Askatasun politiko handiagoa lortzea zen helburua.
Iraultza hauen bultzatzaileak herri masak izan ziren, hau da, behe eta erdi mailako klaseak.
- Frantzian, Karlos X.a (Borboikoa) errege zen, eta parlamentuko liberal moderatuei boterea kentzeko, erregeak prentsa askatasuna eten eta diputatuen ganbera desegin zuen. Orduan, herria haserretu egin zen, eta 1830ean Parisko herria kalera atera zen. Barrikadak erabiliz, erregearen armadari irabazi zioten. Karlos X.a erbestera joan zen. Haren ordez, diputatuek Luis Filipe Orleanskoa izendatu zuten errege.
- Frantzian gertatutakoak Austria eta Errusiako monarkia absolutistak asko ikaratu zituen.
- Bitartean, Belgika Herbehereetatik independentizatu zen, erregimen liberala ezarriz eta Europako mapa aldatuz.
- Polonian, aldiz, altxamendu liberalak eta nazionalak gertatu ziren Errusiaren aurka. Baina Poloniak galdu egin zuen eta errepresio gogorra jasan zuen.
Europako herri askotan iraultzak gertatu arren, Aliantza Santuko kideek elkarri lagundu zioten matxinadekin amaitzeko.
1848ko Iraultzak: "Herrien Udaberria"
Iraultza hauek desegonkortasuna sortu zuten, hainbat arrazoirengatik:
- XIX. mendearen hasieran hazkunde demografiko handia zegoenez, nekazarien egoera okertu zen, eta nekazari asko hirietako industrietan lan egiten hasi ziren.
- 1845ean, iraupen krisia garatu zen zerealen uzta txarraren eta patataren gaitzengatik. Horrek gosea, gaixotasunak eta heriotza-tasa handitu zituen.
- Nekazaritza krisiarekin batera, industria eta finantza krisia ere egon zen, metalurgia eta meategietako produkzioan. Ondorioz, soldaten beherakada, langabeziaren hazkundea eta populazioaren artean miseria zabaldu ziren.
- Jende artean ideia liberal eta demokratikoek indar handia hartu zuten, eta ideia sozialistak ere agertu ziren.
1848an, Frantziako monarkiak porrot egin zuen eta errepublika aldarrikatu zuten. Orleansko Luis Filiperen monarkiak jarraitzaile gutxi zituen, eta oposizioak hauteskunde sistema zabaltzea eskatzen zuen. Gobernuak sektore erradikalen bilera politiko bat debekatu zuen, eta ondorioz, manifestazioak, armadaren kontrako borrokak eta Errege Jauregiaren kontrako erasoa sortu ziren. Erregeak ihes egin zuen.
Gobernuak agintea hartu zuen: Frantziako II. Errepublika aldarrikatu zen, eta Biltzar Nazional Konstituziogilea aukeratu zen, non moderatuak gehiengoa ziren. Gizonezkoen sufragio unibertsala, prentsa-askatasuna eta heriotza-zigorraren eta esklabutzaren abolizioa ezarri zituzten, eta Lantegi Nazionalak sortu zituzten langabeziaren ondorioak arintzeko.
Gobernuak Lantegi Nazionalak itxi zituenez, hiru eguneko altxamenduak gertatu ziren, eta hauek odoltsuki zapaldu zituzten. Luis Napoleon Bonaparte Errepublikako presidente aukeratu zuten. 1852an, estatu kolpe baten bidez, Frantziako Bigarren Inperioa aldarrikatu zuen, eta Napoleon III.a izendatu zuten.
Vienan, behe klasekoek sortutako liskarren ondorioz, Metternich kantzilerra kargutik kendu zuten, eta jopuen prestazio pertsonalak ezabatu ziren. Monarkia parlamentarioa eta konstituzionala eratu zuten, Frantzisko Jose I.a errege izango zelarik.
Alemaniako estatuetan, Prusian hasi zen iraultza, eta Federiko Gilen IV.ak Asanblada Konstituziogilea onartu behar izan zuen. Frankfurteko hiri askeko parlamentua Alemania batuaren konstituzioa lantzen hasi zen, ideia liberaletan oinarrituz eta Prusiako erregea subirano gisa aitortuz. Prusiako erregeak boterea mugatuko bazioten beldur zenez, estatu kolpea eman zuen; Prusiako Asanblada desegin eta uko egin zion Frankfurteko nazionalisten proposamenari.
Ondorioak
- Ez zen arrakasta handirik egon arlo ekonomikoan, sozialean, politikoan eta kulturalean.
- Hala ere, lorpen garrantzitsuak egon ziren:
- Feudalismoa ezabatu zen Europa osoan, Errusian izan ezik.
- Herrialde gehienetan erregimen parlamentarioak ezarri ziren, konstituzio moderatuekin eta zentsuzko hauteskundeekin.
- Galtzaileak indar sozialak izan ziren. Erdi- eta behe-mailako klaseak banatu egin ziren, helburu politiko desberdinak zituztelako.