Estatuaren Antolaketa Politikoa eta Nazioarteko Erakundeak
Zer da Estatua?
Estatua lurralde bat gobernatzen duen batasun politiko eta administratibo gorena da. Estatuko biztanle guztiak haren agintepean daude.
Estatu baten ezaugarriak
- Herritar-multzo batek eta lurralde batek osatzen dute.
- Herritarrek eskubide aitortu batzuk dituzte, baita betebehar batzuk ere, hala nola zergak ordaintzea.
- Herritarrek badute, halaber, lege-multzo bat, ezinbestean bete behar dutena.
- Estatuek hainbat erakunde sortzen dituzte beren erabakiak bete daitezen: polizia, armada...
- Estatuek zenbait ikur dituzte identifikatzeko, hala nola ereserki bat, bandera bat, hiriburu bat eta, askotan, moneta bat.
Estatu motak gobernu formaren arabera
Estatu demokratikoak
Estatu demokratikoetan, boterea banatuta dago, pertsona edo talde bakar batek estatu osoa kontrolatu ez dezan. Gainera, herritarrek gobernuan parte hartzen dute hauteskundeen bidez, eta pertsona guztiek legeak (Konstituzioa) errespetatu behar dituzte.
Botere-banaketa:
- Botere Legegilea (Parlamentua)
- Botere Betearazlea (Gobernua)
- Botere Judiziala (Epaileak)
Diktadura
Diktadura batean, pertsona edo talde bakar batek ditu estatuaren botere guztiak, eta herritar gehienek ez dute gobernuan parte hartzen. Gainera, gobernuak ez ditu herritarren eskubideak aitortzen.
Monarkia eta Errepublika
Monarkia: Estatuburua errege edo erregina bat duten herrialdeak dira.
Errepublika: Estatuburua presidente bat da.
Estatu motak antolaketa administratiboaren arabera
Estatu zentralizatua
Estatu zentralizatu batean, administrazio zentralak hartzen ditu erabakiak, eta eskualdeetako administrazioak haren mende daude.
Estatu deszentralizatua
Estatu deszentralizatu batean, administrazio zentralak eskumen jakin batzuk ditu, eta eskualdeetako administrazioek beren eskumen propioak dituzte; horien funtzioak ez daude administrazio zentralaren mende.
Nazioarteko Erakundeak: NBE
Estatuek borondatez erakunde batzuk sortu dituzte denei interesatzen zaizkien gaiak jorratzeko, gai horiei buruz erabakiak hartzeko eta gatazkak konpontzeko. Horiei nazioarteko erakunde deitzen zaie (adibidez, NBE - Nazio Batuen Erakundea).
NBEren helburu nagusiak
- Giza eskubideak babestea: horretarako zenbait dokumentu garrantzitsu onartuz, hala nola Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala.
- Bakeari eustea: nahitaez bete beharreko ebazpenak emanez, zigorrak ezarriz edo militarki esku hartuz.
- Nazioarteko lankidetza sustatzea: gai jakin batzuei buruzko gomendioak emanez.
NBEren barruan erakunde espezializatu asko daude, besteak beste:
- UNICEF
- UNESCO
- FAO
- OME
- UNHCR
- OIT
Kasko Urdinak
Kasko Urdinak NBEko bake-indarrak dira, NBEko herrialdeen armadetako militarrek osatuak. Uniformearen koloreagatik deitzen zaie horrela.