Espainiako Aro Garaikideko Testu Historikoak (1812-1855)

Historia12,31 KB

1. Cadizko Konstituzioa (1812-03-19)

Kokapena

Aurrean daukagun testua lehen mailako testu bat da, izan ere, historian hori bizi zuten protagonistek idatzi zuten, Independentzia Gerra garaian. Gainera, testu juridiko bat da, konstituzio bat baita, Espainian eta espainiarrek idatziriko lehen konstituzioa, gai askori buruzko legeak biltzen dituena. Kasu honetan, Gorte Nagusiak dira idazkiaren autoreak, eta Espainiako herri osoari eskainia da; beraz, publikoa da. Cadizen idatzi zen, 1812ko martxoaren 19an, eta helburua herritarrek lege berriak ezagutzea zen.

Azterketa

Testuaren ideia nagusia Gorteek lege batzuk onartu eta berretsi dituztela da, hau da, konstituzio bat idatzi dutela. Bertan, honako hauek aldarrikatzen dira:

  • Subiranotasun nazionala.
  • Ondasunen araberako zerga sistema.
  • Erlijio katolikoa bakarra bezala.
  • Botere banaketa: betearazlea (erregea), legegilea (Gorteek eta erregeak) eta judiziala (auzitegiak).
  • Adierazpen askatasuna.

Testuingurua

1812. urtea delarik, eta idazkian azaltzen den bezala, testu hau Independentzia Gerrarekin lotu dezakegu. Fernando VII.ak eta bere aita Karlos IV.ak, Napoleonek behartuta, Espainiako tronuko abdikazioa egiten dute, eta Napoleonek bere anaia Jose I.a jartzen du ordezko moduan. Honek Espainiako Independentzia Gerrari ematen dio hasiera, Madrilen eta gerora Espainia osoan zabaltzen diren altxamenduen bitartez. Espainian bazegoen liberal talde bat ere, eta Espainia eta Frantzia gerran zeudelarik, haien momentua zela ikusi eta aprobetxatu egin zuten. Frantziak lurralde guztietan gobernatzen ez zuelarik, leku batzuetan probintzia batzordeak sortu ziren, botere hutsune hori ordezkatzeko. Hala ere, hori nahikoa ez zela ikusi zuten eta Espainia osoan garrantzia zuen organo bat ezartzea beharrezko zela ikusi zuten: Batzorde Zentral Gorena.

Fernando VII.a Baionan zegoelarik, erregeordetza antolatu zuten eta Gorteetarako deia egin zen. Gorteak Cadizen bildu ziren, kontuan hartuz hiri liberala zela, merkataritzak ikaragarrizko garrantzia zuelako eta horrek ideia liberalak zabaltzea ekarri zuelako, eta tropa ingelesek ere babesten zutelako. Bertan, legegintzako lan ikaragarria egin zuten, lehen aldiz Espainian konstituzio bat ezarriz eta gainera, nahiko liberala zena. Independentzia Gerra zela eta, ez zen martxan jarri, eta gero, Fernando VII.a bueltatzean, absolutismoa ezarri zuen berriz ere; beraz, hasiera batean ez zuen ezertarako balio izan.

Ondorioa

Konstituzio honek bi ondorio garrantzitsu izan zituen:

  1. Espainiako historian lehenengo konstituzioa izan zen eta Aro Garaikidean sartu zuen Espainia.
  2. Liberalismoaren garaipena ekarri zuen eta honek Antzinako Erregimenaren amaiera ekarri zuen.

2. Pertsiako Manifestua (1814)

Kokapena

Testu hau lehen mailako iturria da, garaian (1814an) idatzi zen moduan jaso baitugu, Fernando VII.aren agintaldian idatzi zen. Madrilen, 1814ko apirilaren 12an. Testua zirkunstantziala da forma aldetik eta eduki politikoa du, pertsona talde baten ideia politiko argiak agertzen direlako. Egilea gorteko diputatu absolutistak dira, eta hartzailea publikoa da, erregeari zuzenduta egon arren, herrian izango du eragina. Helburua absolutismoa ezartzea eta konstituzioa abolitzea da.

Azterketa

Manifestu hau Fernando VII.a goraipatzen duen sarrera batekin hasten da. Ondoren, absolutismoaren ezaugarriak adierazten ditu, hau goraipatuz eta bere zilegitasuna aldarrikatuz. Azkenik, 1812ko konstituzioa eta liberalismoa kritikatzen ditu.

Testuingurua

1812an Espainiako lehen konstituzioa egin zen, La Pepa ezizenez ezagutzen duguna. Bertan ideia liberalak kontuan hartutako zenbait lege berri egin ziren, baina Independentzia Gerraren eragina zela eta ezin izan zuten martxan jarri. 1814an gerra amaitu zen eta konstituzioan egindako legeak martxan jartzeko itxaropena zuten. Hasierako hilabeteetan funtzionamenduan egon ziren lege horiek. Ondoren, berriz, Fernando VII.aren itzulera etorri zen eta berarekin batera absolutismoaren itzulera iritsi zen. Beraz, Espainiara iritsi eta bi hilabete igaro ondoren, 1812an eginiko konstituzioa legearen kontrakoa zela esan eta bertan behera utzi behar izan zuten. Hori egin ondoren, Fernando VII.ak prentsa-askatasuna ezabatu eta Inkisizioa berpiztu zituen. Gainera, Eliza liberalak salatzen hasi zen, erregearen babesa zuelarik.

Egoera larria ikusita, liberalismoaren aldeko hainbat jeneral estatu kolpeak ematen hasi ziren absolutismoaren aurka. Baina inork ez zuen lortu kolpe horiekin 1812ko konstituzioa martxan jartzea, porrot egin baitzuten saiakera guztietan. 1820an, berriz, Riego jeneralak emandako estatu kolpea garaipen bat izan zen. Azkenean, liberalen helburua betetzea lortu zuen, hurrengo hiru urteetan konstituzioa martxan jarri baitzen. Hau da, Hirurteko Konstituzionala deituriko garaia iritsi zen.

Ondorioa

Testu honen ondorioz, 1814an, Fernando VII.ak absolutismoa ezarri zuen eta konstituzioa abolitu zuen. Baita ere, Foruak berrezarri ziren.

3. Mendizabalen Desamortizazio Dekretua (1836/02/21)

Kokapena

Testu hau, jatorriaren aldetik, lehen mailako iturria da, hau da, garai jakin bateko dokumentua da: erreginordearen garaikoa (Maria Kristina erreginorde zenean) eta Lehen Gerra Karlista bitartekoa. Formaren aldetik testu juridikoa da, dekretu bat delako, eta edukiaren aldetik ekonomikoa da, desamortizazio baten berri ematen duelako. Testu honen egilea Mendizabal da, garai hartako Ogasun ministro progresista zena. Testu hau 1836ko otsailaren 21ean idatzi zuen Mendizabalek eta testu publikoa da, Gazeta de Madrid egunkarian argitaratu zelako. Hartzailea Maria Kristina da, erreginaordea. Testu honen helburua desamortizazioaren berri ematea da.

Azterketa

Testuko ideia nagusia Mendizabalek Maria Kristinari elizaren lurrak desamortizatzearen arrazoiak, onurak eta helburuak azaltzea da. Horrekin batera, hiru ideia ageri dira:

  • Ondasunak saltzea estatuko zorra murrizteko.
  • Lurren jabetza pribatua defendatzea.
  • Burgesia liberalismoaren alde jartzea.

Honekin batera, desamortizazioen beste helburu bat Gerra Karlista (bando liberalarentzako) finantzatzea zen.

Testuingurua

Aurreko urteetan, gobernuak zor publikoa atera zuen, baina urteak pasatu ziren eta estatuak ez zuen baliabiderik dirua itzultzeko. Gauzak horrela, 1833. urtean Fernando VII.a hil zen, Espainiaren tronuaren oinordetza bere alaba Isabel II.ari utzi zion, Lege Salikoa deuseztatuz. Karlos Maria Isidrok ez zuen onartu bere anai Fernando VII.aren erabakia, bera erregea izan nahi zuelako. Horren ondorioz, gerra zibil bat hasten da, Gerra Karlista, non absolutistak eta liberalak borrokatzen ziren. Absolutistak Karlosen alde eta liberalak Isabelen alde borrokatu zuten. Maria Kristinak boterea mantentzeko eta gerra irabazteko Mendizabal jarri zuen lehen ministro. Honen gobernuaren erabaki aipagarriena desamortizazioa izan zen. Testu hau lege bat izan zenez, publikoari zuzenduta dago, hiru helburu betetzeko:

  1. Ogasunaren behar ekonomikoa betetzea.
  2. Gerra Karlista irabazteko errekurtso ekonomikoak lortzea.
  3. Elizari boterea kentzea.

Proposatutako helburu batzuk bete ziren: Gerra Karlista bukatzea eta irabaztea, mailegu berriak lortzea eta liberalismoaren aldeko jabeen klase berri bat sortzea.

Ondorioa

Desamortizazioa Espainiarentzako oso garrantzitsua izan zen, Estatu liberala ezartzen lagundu zuelako. Elizak ondasun zati bat galdu zuen eta Espainiarekin harremanak hautsi zituen. Enkante publikoetan lurrak saltzeak ez zituen aldatu nekazarien bizi baldintzak, lurrak erosi ahal izan ez zituztelako, eta nobleziak antza eta baloreak hartu zituzten.

5. 1839ko Urriaren 25eko Legea (Foruen Aldaketa)

Kokapena

Testu hau jatorriaren aldetik lehen mailako iturria da, hau da, garai jakin bateko dokumentua, I. Gerra Karlista amaitu ondoren egin zen. Testua juridikoa da, lege bat delako eta artikuluetan banatuta dagoelako, baina kutsu politiko bat ere badu, foruek sufritutako aldaketei buruz mintzo delako. Madrilen idatzi zen, hori baitzen Espainiako hiriburua, eta sistema liberalaren finkapen garaian idatzi zen, Maria Kristinaren erregeordetza bitartean, Isabel II.a adin txikikoa baitzen. Gorteek idatzi zuten eta publikoa da, Euskal Herriko biztanle guztiei zuzenduta dagoelako, eta honen helburua foruen egoera berriaz informatzea da.

Azterketa

Testua sarrera batez eta bi artikuluz dago osatuta, eta ondorengo ideia nagusiaren inguruan egituratzen da: Gobernuak Foruak mantenduko dituela onartzen du, baina 1837ko Konstituzioaren menpe jarriko ditu. Horrez gain, Nafarroa eta Euskal Probintziak entzungo ditu, nahiz eta azken hitza bere intereseko aldaketak ezartzeko eman.

Testuingurua

Testuinguruari erreparatuz, legea ezarritako garaian Maria Kristina zen erreginaorde. Gerra Karlista amaitu eta berehala aprobatu zen lege hau, eta Espainiako liberal moderatuen eta euskal jauntxo moderatuen arteko paktu politikoa izan zela esan dezakegu. Bergarako Ituna sinatu zutenean, alde batetik, Marotok erregina izateko eskubidea aitortu zion Isabel II.ari eta laguntza militarrik gabe geratu zenez, Don Karlosek atzerrira alde egin zuen. Bestetik, Esparterok foruak babesteko eta armada karlistako ofizialen mailari eusteko hitza eman zuen. Lehen Gerra Karlista amaitutakoan, liberalismoa finkatu zen Espainian.

Ondorioa

Esan dezakegu lege hau foru-lege tradizionalaren konstituzionalizazioa ekarri zuela, eta zehazki Espainiako konstituzio liberalaren esparruan egokitu zela. Kontuan eduki behar da, gainera, 1837ko konstituzio berria erabat zentralizatzailea zela. Hala ere, Monarkiaren konstituzio berriaren menpe ezarri ziren. Nafarroan erresuma zaharreko Gorteak deuseztatu egin zituzten eta Diputazio Probintzialak ordezkatu zuen hemendik aurrera.

4. Burdinbideen Lege Orokorra (1855/06/06)

Kokapena

Testu hau jatorriaren aldetik lehen mailako iturria da, hau da, garai jakin bateko dokumentua, sistema liberalaren finkapenaren erdialdean idatzia, Isabel II.a erregina zela (Garaiak Biurteko Progresista izena hartzen du, 1854-1856). Formaren aldetik testu juridikoa da, lege sorta bat delako, eta edukiaren aldetik ekonomikoa da, trenbidea eraikitzeko kapitalari buruz hitz egiten duelako. Gorteek idatzi zuten, baina Isabel II.ak eta Francisco Luxán Sustapen ministroak sinatzen dute. Espainiako herriari zuzenduta zegoen, beraz, publikoa da. Helburua atzerriko teknologiak eta kapitalak erakartzea da. Testu hau Gazeta de Madrid egunkarian argitaratu zen, 1855eko ekainaren 6an.

Azterketa

Ideia nagusia ekonomia trenbideak eraikiz garatu eta modernizatzea da. Testua sarrera batez eta sei artikuluz osatuta dago, zeinetan legedi hau nori zuzenduta dagoen azaldu eta inbertsioak suspertzeko ematen diren abantailak aipatzen diren, besteak beste.

Testuingurua

Burdinbidearen garaian Isabel II.a erregina zen eta gobernua Biurteko Progresistan kokatuta dago. 1854ko hauteskundeetan progresistak nagusitu ziren eta Esparteroren gobernuak, Espartero izendatu zuten presidente. Gobernu honek erreforma ekonomiko berriak egin zituen; erreforma garrantzitsuenak Madozen desamortizazioa eta trenbidearen legea izan ziren. Testuinguruari erreparatuz, Lehen Gerra Karlista amaitu eta gero, Espainiak atzerapen industrial nabarmena izan zuela nabarmendu behar da. Garai honetan, burgesiaren urritasuna eta lehiakortasunik eza sakondu behar da, lurren inbertsioari eskaintzen baitzioten denbora gehiena, eta ez jarduera industrialari. Produktu industrialen eskakizun urria ere azpimarratzekoa da. Hori dela eta, jarduera industrial hori lortzeko, estatuaren eta kapital atzerritarraren eskuetatik pasa behar izan zuen penintsulak. Bestalde, progresisten eta liberal-kontserbadoreen arteko gatazka ugarituz joan ziren eta orduan, gobernuak kontra egin zuen. Guzti honek argi eramaten gaitu burdinbideen kasura, Espartero eta O'Donnell liberalak jarri baitziren agintean eta lege hau ezarri baitzuten.

Ondorioa

Lege honen bidez, aurreratu egin zen burdinbidearen prozesua. Burdinbideen Lege Orokorra oso garrantzitsua izan zen Espainiarentzat, bereziki bere ekonomiarentzat, atzerriko kapitala Espainian sartzea ahalbideratu zuelako. Baita ere, hirien arteko komunikazioa hobetu egin zen eta pertsonen eta merkantzien garraio hobea ahalbideratu zuen.

Deskargatu

PDF Word HTML