Enpresa Ekonomia: Kontzeptu Gakoak eta Enpresa Motak

Ekonomia3,4 KB

Kostu Marjinalak eta Eskala Ekonomiak

Kostu marjinalak: Enpresek mozkinak maximizatzeko aukera ematen dieten bolumenak lortzen saiatzen dira. Beraz, enpresei ekoizpena handitzea interesatzen zaie, baldin eta ekoitzitako azken unitatearen kostu gehigarria unitate hori saltzean eskuratzen den diru-sarrera baino txikiagoa bada.

Eskala ekonomiak: Enpresa handiei ekoizpena handitu ahala unitateko kostuak murrizteko aukera ematen dien prozesuari esaten zaio. Epe luzean, enpresetan ez dagoela kostu finkorik jotzen da, enpresek instalazioak eta tamaina ekoizpen-beharretara egokitu ditzaketelako. Zenbait ekoizpen-prozesuren teknologia-ezaugarriek aukera ematen dute epe luzerako batez besteko kostuak jaisteko enpresaren tamaina handitu ahala.

Banaketa eta Banaketa Kanalak

Banaketa: Produktuak kontsumitzaileen eskura jartzean, banaketak lekuaren, formaren eta denboraren erabilgarritasuna eragiten du. Banaketa, banaketa-kanalen bidez egiten da.

Banaketa Kanal Motak

  • Kanal propioa: Enpresaren jabetzakoa da. Bezeroari eman behar zaion informazioa eta aholkularitza garrantzitsuak direnean erabiltzen da. Enpresa zuzen-zuzenean heltzen da bezeroarengana, bitartekaririk gabe.
  • Kanpo-kanala: Ez da enpresarena. Zenbait enpresaren negozioa beste enpresa batzuen produktuak banatzea da. Enpresa horien plangintza, antolaketa eta kudeaketa zehatz-mehatz pentsatuta daude banaketa-lan hori behar bezala egiteko.

Banaketa-kanala: Produktuek ekoizlearengandik kontsumitzailearenganako bidea egiteko erabiltzen diren bitartekoek osatzen dute.

Bitartekariak

  • Handizkariak: Produktua azken erabiltzaileari saltzen ez dioten bitartekariak dira. Produktuak ekoizleei zuzenean edo beste handizkari batzuei erosten dizkiete, eta beste bitartekari batzuei saltzen dizkiete, handizkariak edo txikizkariak izan. Salmentak kantitate handikoak izaten dira.
  • Txikizkariak: Produktua azken erabiltzaileari saltzen dioten bitartekariak dira. Kantitate txikiak saltzen dituzte (dendak, supermerkatuak...).

Frankizia

Frankizia: Kontratuaren bidez lotutako enpresen arteko elkarlan-sistema da. Enpresa batek beste bati edo batzuei merkataritza-marka edo formula bat ustiatzeko aukera ematen die ordainketa baten truke.

Enpresa Motak

Enpresa motak (sailkatzeko irizpideak):

Sektore Ekonomikoaren Arabera

  • Lehen sektorea: Natura-baliabideak ustiatzen jarduten duten enpresek osatzen dute. Adibidez: Ikatz-meategiak, abeltzaintza-enpresak.
  • Bigarren sektorea: Eraldatze-jardueretan (jarduera industrialetan) jarduten duten enpresek osatzen dute.
  • Hirugarren sektorea: Bi motatako enpresek osatzen dute. Batetik, merkataritza-enpresak daude, produktuak eraldatu gabe saltzen dituztenak. Adibidez: Hipermerkatuak, kioskoak. Bestetik, zerbitzu-enpresak ditugu. Adibidez: Bankuak, klinikak.

Ekoizpen Faktoreen Jabetzaren Arabera

  • Enpresa pribatuak: Partikularren edo beste enpresa batzuen jabetzakoak dira. Adibidez: SEAT, Mercadona edo janari-dendak.
  • Enpresa publikoak: Estatuaren edo erakunde publiko baten jabetzakoak dira. Adibidez: RENFE, Correos.

Deskargatu

PDF Word HTML