Ekonomia Makroaren Ikuspegia: Azterketa eta Analisia

Ekonomia35,15 KB

IKUSPEGI MAKROEKONOMIKOA: Makroekonomia ekonomia osoaz arduratzen da, funtzionamendu orokorraz, eta mikroekonomia, berriz, merkatu, prezio eta produktu jakin batzuez besterik ez. Ekonomiaren arazo handienetako bat ziklo ekonomikoen ezegonkortasuna da; hau da, behin eta berriz, etengabe etortzea atzeraldiak, langabezia-tasa handiak eta ekonomia hazkunde txikia dituzten aldiak.

Ekonomia - Adierazleen Garrantzia

Herrialdeak pertsonak bezalakoak dira: hainbat faktore bereizten dituzte elkarrengandik. Azken berrogeita hamar urteetan, Asiaren hego-ekialdeko ekonomiek izugarri egin dute gora, eta Saharaz hegoaldeko herrialdeak, berriz, pobretu egin dira, nahiz eta nazioarteko komunitateak diru-laguntza eta laguntza handiagoak eman dizkien.

Ekoizpena: Barne-Produktu Gordina (BPG)

Barne-produktu gordina (BPG) herrialde batean denbora aldi batean (eskuarki, urtebete izan ohi da) ekoizten diren azken ondasun eta zerbitzuen diru-balioa da.

BPGmp = Familia-kontsumoa + Enpresa-inbertsioa + Gastu publikoa + (Esportazioa – Inportazioak)

BPG-ren Mugak

BPG-k ez ditu kontuan hartzen ekonomia batek ekoitzitako azken ondasun eta zerbitzu guztiak. Estatuaren begietatik at egiten diren jarduerei ezkutuko ekonomia deritze.

BPG-k ez du neurtzen nola banatzen den aberastasuna biztanleen artean. Nahiz eta renta per capita kalkulatu ez dugu jakingo nola banatuta dagoen.

Ba al zenekien?

Ezkutuko ekonomia gobernuen arazo handienetakoa da. Enpresa batek ez badu bere diru sarreren zati bat aitortzen eta hari dagozkion zergak ordaintzen ez baditu, gobernuek diru asko jasotzeari uzten diote, ospitaleak edo errepideak egiteko erabil zezaten diruari, adibidez. Gaur egun, Espainian BPG-ren %30ren inguruan dago ezkutuko ekonomia; alegia, bost lanetik bat legez kanpokoa da edo, bestela esanda, bostetik bat “beltzean” egiten du lan.

Prezioen Batez Besteko Maila: Inflazioa

Inflazioa ekonomia bateko prezioek oro har eta modu jarraituan gora egitea da.

Inflazio-Prozesuak: Hiperinflazioa

Latinoamerikako herrialde askotan, prezioen igoerak izugarri handiak izan dira azken hamarkadetan; badira urteko % 400eko igoerak, bat eta hortik gorakoak ere. Prezioen horrelako neurrigabeko igoerari hiperinflazio deritzo. Herrialde garatuetan izan ohi den egoeraren guztiz bestelakoa da, herrialde garatuetako inflazioa %4 edo %5 ingurukoa izaten baita.

Herrialde azpigaratu batzuetan, diruak balioa azkar-azkar galtzen duenez (hiperinflazioko egoera), jendeak ez du dirurik gorde nahi eta kontsumoan sekulako igoera izaten da, horrek inflazioa handitzea eragiten du, eta horrela etengabe.

Inflazioaren Ondorioak

Inflazio handia izateak bi ondorio nagusi ditu: batetik, erosteko ahalmena galtzen da, eta, bestetik, ziurgabetasuna sortzen du.

Erosteko Ahalmena Galtzea

Prezioek diru-sarrerek baino azkarrago egiten badute gora, erosteko ahalmena galduko dugu, bai eta bizi-kalitatea ere.

  • Kaltetuak:
    • Pentsiodunak.
    • Langileak. Langile baten soldataren igoera ez bada inflazioa adinakoa, langile horrek ordu gehiagoz egin beharko du lan, lehen kontsumitzen zuen adina kontsumitu ahal izateko.
    • Herrialdeko produktuak esportatzen dituzten enpresak. Produktuak garestiagoak baitira, eta nazioarteko merkatuan dituzten salmentak jaitsi egingo dira, seguruenik.

Ziurgabetasuna

Prezioak etengabe aldatzen badira, kontsumitzaileek eta enpresek ez dute jakingo zer eta zenbat kontsumitu eta ekoitzi.

Inflazioa Neurtzeko Moduak

Kontsumoko prezioen indizea (KPI) batez besteko familia baten ohiko kontsumoaren adierazgarri diren ondasunen prezioen batez besteko orekatua da. Inflazioa-tasa kontsumoko prezioen indizeak aurreko aldiarekiko izan duen aldaketa da, ehunekoetan neurtuta.

Kontsumoa

Kontsumo pribatua izaten da, herrialde garatuetan, eskari agregatuan pisu handiena duen osagaia.

  • Ondasun iraunkorrak: Telebista, automobila.
  • Ondasun galkorrak: Elikagaiak, jantziak…
  • Zerbitzuak: Garraioa, hezkuntza, komunikazioa, osasuna…

Kontsumo Motak: Epekako Erosketak

Ondasun bat eskura ordaindu ahal izateaz gain, kredituan ordaintzeko aukera ere badugu; hots, zorretan utzita erostekoa. Enpresei doaneko kreditua ematen diete, oro har, ohiko hornitzaileek; baina kontsumitzaileek, eskuarki, interesak ere ordaindu behar izaten dituzte.

Ordainketa atzeratzeak konpromiso bat dakarkio erosleari: prezio osoa ordainduko duela, zenbateko bereko epe batzuetan. Kopuru osoa zenbait zatitan ordainduta, erosleak erosotasunez kontsumitu edo erabili ahal izango du ondasun bat, aldi baterako erabilgarri duen errenta arriskuan jarri gabe.

Prozesu horretan, gehienetan, hirugarren enpresa bat izaten da tartean, merkataritza-banku bat jeneralean, eta horrek aurreratzen dio salmenta egiten duen enpresari erosleak ordaindu beharreko dirua.

Kontsumoa Baldintzatzen Duten Faktoreak

  • Urtean erabilgarri dagoen errenta: Zenbat eta errenta handiagoa, orduan eta kontsumo handiagoa, eta alderantziz.
  • Errenta iraunkorra: Lanpostu-igoera bada, eta lana segurua eta ongi ordaindua bada, kontsumitzaileek errenta-handitzearen zati handi bat kontsumitu ohi dute.

Bizitzaz gozatu ala aurreztu?

Errealitateak erakusten digu aurreztea lortzen duten herrialdeak direla aberatsenak.

Enpresa-Inbertsioa

Enpresa-inbertsioak bi funtzio nagusi ditu ekonomia orotan:

  • Eskariari tira egiten dio: Horrek, epe laburrean, ekonomia osoko ekoizpenari eta enpleguari eragiten dio.
  • Herrialde bateko instalatutako ekoizpen-ahalmena handitzen du (errepideak, makinak, eraikinak, ekipamenduak…), eta, beraz, epe luzerako ekonomia-hazkundea sustatzen du.

Enpresa-inbertsioa ondo bereizitako hiru arlotan biltzen da: planta eta ondasunak, eraikuntza-enpresatarako ekipamenduak, eta izakina.

Inbertsioa: Ekonomia-Lokomotorrak

Espainian, lokomotorrak eraikuntza eta automobilgintzaren sektorea dira. Espainia hirugarren herrialde esportatzailea baita Europan.

Lokomotorra deritzo herrialde multzo bateko lehen ekonomia-multzoari ere. Europako lehen potentzia Alemania da, eta mundukoa, berriz, Ameriketako Estatu Batuak.

Inbertsioa Baldintzatzen Duten Faktoreak

Enpresaburuek erabakitzen dute nola inbertitu, aintzat hartuta zer proiektu dituzten buruan, teknologiaren egoera nolakoa den eta, batez ere, zer espektatiba dituzten, hots, negozioen etorkizuna eta herrialdearen egoera ekonomikoa nolako izatea aurreikusten duten.

Etekinak lortzeko inbertitzen duten enpresek, inbertsio-kostuak baino handiagoak diren diru-sarrerak lortzeko. Funtsean lau faktore garrantzitsu daude inbertsio orotan: sarrerak, kostuak, erabilitako ekoizpen-ahalmena eta etorkizuneko espektatibak.

  • Sarrerak: Enpresa-ikuspegitik, inbertitzea interesgarria izango da sarrera handiagoak sortzen badira, gehiago salduko badu.
  • Kostuak: Errentagarritasun-tasa handiagoa bada kostua baino, merezi du zorretan sartzea inbertitzeko.
  • Interes-tasa
  • Zergak: Zergak gastuak direnez, enpresa-etekinak murrizten dute. Edozein enpresak kontuan izan behar du etekinen zergak ordaintzeko erabili beharko duela.
  • Erabilitako ekoizpen-ahalmena
  • Etorkizuneko espektatibak: Inbertitzeko erabakia zenbaki kontua soilik balitz, sarrerak ken kostua egitea, ez litzateke zaila izango inbertsioa egin ala ez erabakitzea: nahikoa litzateke kalkulagailua hartu eta eragiketa pare bat egite. Baina bada diruarekin lotuta hartzen den erabaki orotan kontuan hartu beharreko elementu bat: konfiantza. Portuak, autobideak, aireportuak edo abiadura handiko tren-azpiegiturak etorkizuneko inbertsioak dira.

Inbertsioaren Eragin Biderkatzailea

Inbertsioak eragin biderkatzailea du herrialdeko ekonomian. Enpresa batek ekipamendu berriak erosten baditu, haren erabakiak domino-efektua du inbertsio-ondasunak ekoizten dituzten enpresetan: ekoizpena handitzen dute enpresaren eskariari erantzuteko, eta, hortaz, langile gehiago kontratatuko dituzte; langileek errenta handiagoa izango dute, eta, beraz, kontsumoa handiaraziko dute; gehiago kontsumitzeak jendeari saltzen dieten enpresen etekinak handiaraziko ditu, eta ekoizpena handituko dute, langile gehiago kontratatuko dituzte…

Aurrezkia

Kontsumoarekin eta inbertsioarekin batera, beste faktore bat dago, oso garrantzitsua edozein ekonomiatarako: aurrezkia. Aurrezki pertsonala errenta erabilgarritik kontsumitzen ez den zatia da; hortaz, aurrezkia errenta erabilgarria ken kontsumoa da.

Aurrezki horri esker egin daiteke enpresa-inbertsioa: familiek, enpresek eta sektore publikoek dirua eskaintzen dute kapitalen merkatuan.

Ekonomia-eragileen aurrezkiari esker, enpresek aukera dute inbertitzeko edo kapital-ondasunak erosteko (ordenagailuak, makinak, eraikinak, etab.), dagokien ekonomia-jarduera gauzatu eta etekinak lortzeko. Horrenbestez, inbertsioa izan dadin, beharrezkoa da aurretik aurrezkia egotea.

Familiek dituzten diru-sarrerak bi gauzatarako erabil daitezke: kontsumitzeko edo aurrezteko. Arrazoi asko daude aurrezteko: etorkizuneko bizi-maila hobetzea, familiaren ondarea handitzea, erretirorako diru sarrerak bermatzea, sor daitezkeen ezusteko gastuei aurre egitea…

Kontsumoa zein aurrezkia pertsona horrek jasotzen duen errentak baldintzatzen du. Zenbat eta errenta handiagoa, orduan eta ehuneko handiagoa erabiliko da aurrezteko, eta alderantziz. Errenta txikia duten familiek beren beharrak asetzeko erabili behar izaten dituzte diru-sarrera gehienak, eta, beraz, ia ezinezkoa izango zaie aurreztea.

Bikote bat mailegu baten eske. Espainian daukaguna baino gehiago gastatzen dugu, hori esaten dute, estatistikek. Errotuta dago etxebizitza erosteko ohitura (mailegu bidez erostekoa) etxebizitza alokatu beharrean, eta horrek eragiten du, batez ere, zor izugarri hori.

Ziklo Ekonomikoak

Herrialde batek lortzen duten ekoizpen-maila aldatu egiten da urte batetik bestera. Adierazpen grafikoa egitean ikusten da ekonomiaren portaera zikliko ezaguna, hedaldiak eta atzeraldiak tartekatzen dituena.

Orain, berriro aztertuko dugu, baina makroekonomiaren ikuspegitik. Ziklo ekonomikoak irregularrak dira; baina ziklo guzti-guztiek fase berberak dituzte: depresioa edo hondoa, hedaldia, goraldia edo gailurra eta atzeraldia.

  • Depresioa edo hondoa: Hedaldiaren puntu beheena adierazten du. Ezaugarri nagusi hauek ditu: ekoizpen-baliabideak gutxiegi erabiltzea, langabezia-tasak izugarri handiak izatea.
  • Hedaldia: Zikloaren fase gorakorra da, eta horren ondorioz, inbertsioa handitu eta atzeraldia hasi aurretik zeuden enplegu-mailak berreskuratzen hasiko dira. Familiek errenta handiagoa izango dutenez, gehiago kontsumituko dute.
  • Goraldia edo gailurra: Hedaldiaren puntu gorena da.
  • Atzeraldia: Zikloaren fase beherakorra pixkanaka edo bat-batean etor daiteke (bat-batean gertatzen bada krisi ekonomiko esaten zaio). Esate baterako, salmenten eta prezioen hazkundeari buruzko espektatibak betetzen ez badira eskaintza ase samar dagoelako, eta, beraz, familien kontsumoak behera egin duelako, enpresa-inbertsioak ez dira jada errentagarriak izango. Salmentek behera egitean. Horren guztiaren ondorioz, inbertsioa murriztu egingo da, eta izango dira porrot egingo duten enpresak ere. Ekoizpen- eta enplegu-mailak behera egiten dutenez, eta, beraz, baita errentak eta kontsumoak ere, enpresa gehiagok izango dituzte zailtasunak eta depresio-faseak iritsiko da.

Ekonomia-Politikak

Helburuak

  • Ekonomia-hazkunde jasangarria: Ondasunen eta zerbitzuen ekoizpena denboran zehar etengabe haz dadin esku hartzen du Estatuak. Horren helburu nagusietako bat da herritarren ongizate-maila hobetzea. Ekonomia-hazkundearen ekonomia-adierazle nagusiak KPI eta BPG dira.
  • Enplegu betea: Onartu beharra dago ez dela batere erraza herrialdeko biztanleria aktibo guztiari lana ematea. Horregatik, biztanleria aktiboaren %98 okupatuta dagoenean enplegu betea dagoela esaten da.
  • Prezioen egonkortasuna: Ondasunen eta zerbitzuen prezioak kontrolatzea funtsezkoa da kontsumitzaileek erosteko ahalmena ez galtzeko eta inflazioak eragiten duen ziurgabetasuna saihesteko.

Bitartekoak

Helburu horiek lortzeko, bitarteko erakundeak baliatzen dituzte estatuek:

  • Zuzenekoak: Ekonomia-politika zehazten eta abian jartzen duten erakundeak dira. Ekonomia-politika oro har herrialdeko gobernuak dira.
  • Zeharkakoak: Beste erakunde edo talde batzuek berebiziko garrantzia dute gizarte modernoetan; esate baterako bankuek, multinazionalek… Talde horiei botere faktiko esaten zaie, eta ekonomia-nahiz-gizarte-babes handia dute. Horregatik, oso garrantzitsua da Estatuak haiekin negoziatzea.

Ekonomia-Politika Motak

Estatuek, ekonomia-helburuak lortzeko ekonomia-politikak baliatzen dute.

  • Zerga-politika: Estatuak ekonomia-jarduera areagotzeko jarritako ekintzen multzoa da. Horretarako, zerga-bilketa eta gastu publikoaren aplikazioaz baliatzen dira. Politika mota hori oso garrantzitsua da.
  • Moneta-politika: Herrialdeko banku zentralak hartzen dituen neurrien multzoa da, batez ere prezioen egonkortasunari eusteko; horretarako, zirkulazioan dagoen diru kantitatea aldatzen du. Euroa monetatzat hartu duten Europako herrialdeetan, Europako Banku Zentralari (EBZ) dagozkio moneta-politikaren arloko funtzioak.
  • Kanpo-politika: Estatuak beste herrialde edo ekonomia batzuekiko transakzioak kontrolatzeko egiten dituen esku-hartzeen multzoa da; adibidez, inportazioak murrizteko nahiz esportazioak areagotzeko neurriak. Euroa ezarri zenetik, Bruselan hartzen dira nazioarteko merkataritzari buruzko erabakiak, Europar Batasuneko herrialde guztientzat.
  • Errenta-politika: Prezioen egonkortasuna lortzea du xede, inflazioa kontrolatzeko. Prezioak neurriz gain igotzen direnean, prezioak kontrolatzen saiatzen da Estatua. Horrez gain, aukera du funtzionarioen soldatak erregulatzeko, edo enpresei gutxieneko edo gehieneko soldatei buruzko gomendioak emateko.

Beraz, ekonomia-politika Estatuak ekonomian esku hartzeko baliatzen dituen moduak dira, ekoizpenarekin, enpleguarekin eta prezioekin lotutako ekonomia-helburuak lortzeko, ekonomia-aldagaietan eraginez; esaterako, zergetan, gastu publikoan eta diruaren prezioan.

Egiturazko Politikak

Besteak beste, hauek nabarmen daitezke:

  • Ekonomia-sektore jakin batzuk modernizatzea edo birmoldatzea. Hala egin zen garai batean itsasontzigintzan eta siderurgian.
  • Ekonomia-politikaren jarduketa-tresnak aldatzea (zergekin, truke-tasekin…). Epe ertainean eta luzean ekonomian eragin duten erreformen adibide dira zergen, truke-tasen eta pentsio-sistemen aldaketak.
  • Ekonomiaren eta merkatuen funtzionamendua aldatzea. Hori lortzeko alderdi hauetan egin daitezke aldaketak, besteak beste: lanaldian, kontratu motetan, lan-eskubideetan… Halako neurrien eragina, oso epe luzerakoa izaten da.
  • Sektore jakin batzuetan (telekomunikazioak, elektrizitatea, energia…) merkatuak liberalizatzea; hau da, enpresen arteko lehia askea sustatzea. Sektore horietan, monopolio publikoa zegoen lehenago, eta orain, berriz, oligopolio pribatuak. Horrenbestez, oraindik ez da lortu lehiakortasun handirik enpresa urri horien artean.

Edonola ere, Espainia Europar Batasuneko kide denez, egiturazko politikarekin lotutako erabakietako asko hartzeko eskumena Europako erakundeei dagokie; erakunde horien helburua da EBko herrialde kideen integrazioa erraztea.

Zerga-Politika

Zerga-politika deritzo sektore publikoak (Estatua, autonomia-erkidegoak, udalak eta Gizarte Segurantzak) funtsak bilduz (batez ere zergetatik) eta gastu publikoen aplikazioaren bidez nahita bideratzen duen jarduketari, Estatuak finkatutako helburuak lortzeko.

Deszentralizazioa

Estatu zentralak eskumen publikoak autonomia-erkidegoen artean banatzea.

Ongizatearen Estatuaren Funtsezko Helburu Bat: Pentsioak

Espainian, egungo helburu nagusietako bat, agian garrantzitsuena, ongizatearen estatuak Gizarte Segurantzaren bidez ematen duen babesari eustea da; batez ere, erretiro-pentsioei. Gaur egun, kezka eragin du etorkizunean agian pentsio horiek ezin izango diela ordaindu pentsatzeak. Horregatik, herritarrek pentsio-plan pribatuak kontratatzea sustatzen da, zerga murriztearen truke.

Estatuko Aurrekontu Orokorrak

Aurrekontu horietan, zehetasunez adierazten dira Ogasun Publikoak (hazienda) urte jakin batean egingo dituen gastuak eta aurreikusitako diru-sarrerak. Aurrekontuek bat etorri behar dute Estatuaren ekonomia-planarekin, ekonomia oro har izango duen bilaketari buruzko aurreikuspenak eta ekonomia-helburuak adierazten dituen planarekin.

Estatuko Aurrekontu Orokorrei Buruzko Ikuspegiak

Egungo bi joera politiko nagusiek estatuko aurrekontu orokorrak aplikatzeko modu desberdinak proposatzen dituzte: keynesiarrak Estatuaren esku hartzea handia izatearen aldekoak dira; neoliberalek, berriz, aurkakoa defendatzen dute.

Aldiz, neoliberalen ustez –hori da joera politiko nagusia gaur egun-, aurrekontuak ahalik txikien izan behar du, eta merkatu pribatua, enpresa pribatuak eta ekimen pribatuak, sustatu behar dira.

Estatuko Aurrekontuko Diru-Sarrera Publikoak

Sektore publikoak, bere funtzioak betetzeko, baliabideak behar ditu, diru-sarrera publiko deritzen baliabideak. Hauek ditu sarrera horiek lortzeko:

  • Gizarte-kotizazioak: Gizarte Segurantzan afiliatutako langileek egindako ekarpenak dira, beharra sortzen zaienean haiek eta beren familiek laguntza izan dezaten gaixotuz.
  • Tributuak: Aurrekontuetako diru-sarrera publikoen iturri nagusia dira.
  • Zergak: Administrazio publikoek behartuta egin beharreko ordainketak dira. Halako zergak dira, adibidez, pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga eta balio erantsiaren gaineko zerga. Zergak zuzenekoak edo zeharkakoak izan daitezke. Zuzeneko zergak norberak duenari edo irabazten duenari ezartzen zaizkio eta zeharkakok, berriz, kontsumoari.
  • Tasa: Erabiltzaileak onura dakarkion zerbitzu publiko bat erabiltzeagatik edo jarduera bat egiteagatik ezartzen diren ordainketak dira.

Estatuko Aurrekontuetako Gastu Publikoak

Gastu publikoak administrazio publikoak egiten dituen gastuen multzoa da. Estatuaren gastu publikoak honela sailka daitezke, zer helburu duten:

  • Gastu arruntak: Gizarteari zerbitzu publikoak ematea helburu duten gastu orokorrak dira: osasuna, hezkuntza, justizia, herrialdearen defentsa eta beste hainbat. Gastu arruntak bi kategoriatan sailkatzen dira:
  • Funtzionarioen soldatak
  • Enpresa pribatuei erositako ondasunak eta zerbitzuak
  • Inbertsio-gastuak: Herrialdeko ekoizpen-ahalmenari eustea edo hura handitzea helburu dutenak dira. Gastu handiena azpiegiturek dakarte: errepideek, ospitaleek, ikastetxeek, aireportuek, portuek eta abarrek.
  • Transferentziak eta diru-laguntzak: Estatuak zergetatik, gizarte-kotizazioetatik eta abarretatik jaso eta behar handienak dituzten pertsonei edo enpresei helarazten dizkien baliabideak dira. Pertsonei ematen bazaizkie transferentzia esaten zaie (erretiro-pentsioak, ezgaitasun-pentsioak, ikasteko bekak, langabezia-prestazioak…): enpresei ematen bazaizkie, berriz, diru-laguntza (enpresa sortzeagatik…).

Aurrekontuaren Saldoa

Zerga-politikak oso eragin desberdinak izan dezake ekonomian. Aurrekontua orekatuta badago (sarrerak = gastuak), defizita badago (sarrerak gastuak baino txikiagoak) edo superabita badago (sarrerak gastuak baino handiagoak).

Ekonomian bi defizit mota daude:

  • Defizit ziklikoa: Hau da gehien ematen dena.
  • Egiturazko defizita: Defizit iraunkorra da, eta ia enplegu bateko egoeretan ere iraun dezake. Egiturazko defizita oztopo handia da ekonomia-garapenerako, Estatuak etengabe hartu behar baitu bere gain zorraren kostuak.

Defizit publikoa finantzatzeko, jokabide hauek izan ditzake Estatuak:

  • Zor publikoa jaulkitzea: Banku bati mailegua eskatzen diogunean bezala, Estatuek ere dirua eskatzen die enpresa eta partikularrei, titulu-balore jakin batzuen truke. Titulu-balore horiek eskubidea ematen diete edukitzaileei diruaren itzulketarekin batera aldez aurretik adostutako interes finko bat jasotzeko.
  • Zergak igotzea
  • Zirkulazioan dagoen diru kantitatea handitzea

Azken urteetan, aurrekontuaren orekari (sarrerak = gastuak) zero defizita esan izan zaion herri hizkeran.

Zer da Dirua?

Guztiok erabiltzen dugu dirua gure eguneroko bizitzan. Edozeinek ezin du legezko dirua sortu. Koloretako billeteek truke-bitartekotzat onartzen diren bitartean, konfiantza dugu diru esaten diegun baliabide horiek baliagarriak izango zaizkigula behar ditugun gauzak erosteko.

Dirua oro har onartutako truke-bitartekoa edo ordainketa- eta kobrantza-bitartekoa da.

Diruaren Funtzioak eta Eskaria

Lehenago esan dugunez, diruaren funtziorik garrantzitsuena truke-bitartekotzat erabiltzea da. Baina diruak baditu beste funtzio garrantzitsu batzuk ere. Balore-gordailu gisa eta kontu-unitate komun gisa erabiltzetik datozkionak:

  • Balore-gordailua: Dirua ondasun iraunkorra da eta, beraz, edukitzaileak aukera du egoki iruditu bitartean gordetzeko, aurrerago erabiltzeko. Gerta daiteke, denboraren joanean diru kopuru berarekin gauza gutxiago erosteko ahalmena izatea, inflazioarengatik.
  • Kontu-unitate komuna: Ekonomiak dirutan neurtzen du gauzen balioa.

Nolanahi ere, badira diruaren eskaria handia edo txikiagoa izatea baldintzatzen duten faktore batzuk:

  • Prezioen batez besteko maila: Prezioak aldatzen direnean, esate baterako, prezioen maila igotzen denean, pertsonek diru gehiago eskatzen dute.
  • Errenta edo aberastasun erreala: Errenta edo aberastasuna handitzeak pertsonen erosteko ahalmena areagotzen du, beraz, ondasun arrunten zein luxuzkoen eskari handiagoa egiten dute.
  • Merkatuko interes-tasa: Interes-tasa eta diru-eskaria alderantziz proportzionalak dira. Interes-tasak baxuak badira, pertsona askok pentsa dezake hobe dela dirua eskura izatea, bankuan interes gutxiren truke edukitzea baino.
  • Arriskua: Zenbat eta handiagoa izan diruaren ordezko aktiboek errendimendurik ez izateko arriskua, orduan eta diru gehiago eskatzen dugu.

Diruaren Prezioa

Gaur egun maileguak beti dirutan egiten direnez, horregatik interesari diruaren prezioa ere esaten zaio.

Interesa edo diruaren prezioa maileguan hartutako kapitalaren zerbitzuen truke egiten den ordainketa da.Hauek dira kontuan hartu beharreko faktoreak: -Eragiketaren arriskua: Mailegu bat ematen denean, beti dago ez itzultzeko arriskua. Hortaz, interes-tasa ezartzean, aintzat hartzen dira eskatzailearen ezaugarriak. Zenbat eta garantia, ziurtasun handiagoa frogatu, errazagoa izaten da mailegua lortzea. -Maileguaren iraupena: Mailegua itzultzeko epea zenbat eta luzeagoa izan, orduan eta zailagoa da aurreikustea zer egoeratan egin beharko dion aurre mailegu-hartzaileak itzulketari. Hortaz, zenbat eta iraupen luzeagoko mailegua izan, orduan eta interes-tasa handiagoa eskatzen du mailegu-emaileak. Kaudimena ordainketei aurre egiteko ahalmena da. Zenbat eta errenta edo aberastasun handiagoa izan, orduan eta kaudimendunagoak dira pertsonak.

DIRU FIDUZIARIO MOTAK.Gaur egun, bi fiduziario mota daude: 1-Legezko dirua: Gaur egun, Espainia Euroguneko herrialdeetako bat da; hau da, euroa monetatzat hartu duten herrialdeetako bat. Herrialde horietan zirkulazioan dagoen diru kantitatea kontrolatzen duen erakundea Europako Banku Zentrala da. 2-Banku-dirua: Bankuak enpresak direnez, familien aurrezkiak eskuratzen saiatzen dira, horretarako, zenbait finantza-produktu eskaintzen dizkiete, beren bezeroei. Produktu horien artean, eskari handiena dutenak aurrezki-gordailuak eta epe finkorako gordailuak dira. Aurrezki-gordailuak: Kontu korronte eta libreta ere esaten zaie. Oro har, bi gordailu mota horiek aukera ematen diote titularrari dirua berehala eskuratzeko, bai zuzenean eskudirutan jasoz, bai txekeak nahiz txartel magnetikoak erabiliz. Epe finkorako gordailuak: Titularrak, ordainsari baten truke, gordailua epe jakin baterako egiteko konpromisoa hartzen du, eta ezin izango da gordailua lehenago eskuratu, penalizaziorik jaso gabe. Bankuen alorrean, gordailu mota hori da erakunde horien bezeroei interes gehien ematen diena.

TXEKEA: bankuari ematen zaion agindua, diru kopuru jakin bat adierazitako          pertsonari ordaintzeko, betiere kontuan nahikoa diru baldin badago.

BANKUAK ETA BANKU-DIRUAREN SORKUNTZA.Bankuak, berez, sistema hori osatzen duten erakunde multzoetako bat baino ez dira, beste finantza-erakunde batzuk ere badaude; esaterako, aurrezki-kutxak. Erreserba bankuak. Bankuek aukera dute gordailuetako diru gehiena inbertsio errentagarriak egiteko erabiltzeko, eta aldi berean diruaren zati bat segurtasun-erreserba gisa gordetzeko, gordailugileek dirua atera nahi dutenerako. Zati horri erreserba deritzo:   Gaur egun, bankuek eskudirutan edo banku zentralean gordetzen dituzte beren erreserbak.    Banku bakoitzak bere aldetik badu ahalmena maileguak emateko eta inbertsioak egiteko. Baina bankuek ezin dute maileguan eman edo inbertitu gordailugileengandik lortutakoa baino gehiago. Gainera, legez ezarrita dago banku guztiek gordailuen ehuneko jakin bati ez-aktibo eutsi behar diotela, erreserba gisa gordez.  Adibidez, banku-sistema batek duen erreserba %10 bada, gordailuen %90 eman dezake maileguan edo inbertitu dezake. Azken finean, diruaren sorkuntza bi urratsetan zehazten da:Herrialde bakoitzeko banku zentralak - gure kasuan, Europako Banku Zentralak (EBZ) – legezko diruaren kantitate jakin bat jartzen du zirkulazioan, txanponetan eta billetetan.Banku-sistemak, maileguak ematean, jasotako legezko dirua biderkatzen du.

Moneta-politika Europako Banku Zentralak hartutako neurrien multzoa da; horretarako, zirkulazioan dagoen diru kantitatea areagotzen edo murrizten dute, eta interes-tasak aldatzen dituzte.  Espainian eta euroa monetatzat hartu duten gainerako herrialdeetan, moneta-gaietako agintaritza Europar Batasunari dagokio, eta banku zentrala, berriz, Europako Banku Zentrala da. Hauek dira haren funtzioak: Europar Batasuneko moneta-politika erabakitzea eta gauzatzea. Dibisa-trukeen eragiketak egitea. Bankuak kontrolatzea. Finantza-sistemaren egonkortasuna garantizatzea.

FINANTZA – SISTEMAK Gobernuek araututako eta bitartekari multzo batek osatutako egitura da finantza-sistema; bitartekari horiek aurrezki-baliabideak bideratzen dituzte, kontsumo pribatua(familiena), enpresen inbertsioak nahiz gastu publikoa finantzatzeko.Finantza-baliabideak eta bitartekariak aipatu dira:-Finantza baliabideak edo -aktiboak: Produktu edo titulu batzuk dira, jabeei aukera ematen dietenak aberastasunari eusteko (aktiboak) eta betebeharrak eragiten dizkienak zordunei (pasiboak). Esate baterako, ageriko banku-gordailu bat aktibo bat da dirua gordailutu duenarentzat, baina bankuarentzat pasibo bat da, bezeroak eskatzean itzuli egin behar baitu.-Finantza bitartekariak:Aurreztaileen eta inbertitzaileen arteko bitartekaritzan espezializatutako erakundeak dira. Bi finantza bitartekari bereizten dira: Bankarioak: Adibidez, banku pribatuak eta aurrezki-kutxak finantza produktuak eskaintzen dituzte. Halakoak dira, esaterako, banku-gordailuak. Ez-bankarioak: Adibidez, aseguru etxeak. Bitartekari horiek ez dira baliagarriak diru edo truke-bitarteko gisa. Esate baterako, pertsona batek bizi-aseguru bat egiten duenean eta urtero hari dagokion kuota ordaintzen duenean, aseguru egileak konpromisoa hartzen du horren truke asegurudunak izendatutako pertsonei kalte-ordaina edo finantzaketa emateko.

FINANTZA – BITARTEKARI BANKARIOAK: Espainian, finantza-bitartekari bankario hauek daude: Espainiako Bankua, banku pribatuak eta aurrezki-kutxak.Espainiako bankuaEspainiako Bankuaren funtzioak bi multzo handitan sailka daitezke: Batetik, Espainiako finantza-sisteman duen jardunarekin eta gainbegiratze-eginkizunarekin lotutako kontrol-funtzioak, eta bestetik, Eurosistemaren barnean dagozkion eskumenekin lotutakoak. EBZ-rekin batera moneta politika gauzatzen du. . Banku pribatuakBankuen funtsen zati bat eskudirutan gordetzen dute, bezeroek gordailututakoa atera nahi dutenerako. Familiei, enpresei eta sektore publikoari emandako finantzaketa maileguen bidez gauzatzen da, batez ere.Aurrezki –kutxak. Kutxen funtzionamendua, funtsean, banku pribatuena bezalakoa da. Edonola ere, badituzte bi desberdintasun: aurrezki-kutxek ezin dituzte akzioak emititu funtsak lortzeko; eta bankuek ongi jarduerak egiten baitituzte (kultura, kirola, zerbitzu sozialak).

FINANTZA -BITARTEKARI EZ -BANKARIOAK. Finantza-bitartekari asko daude, baina hauek soilik aztertuko ditugu: Pentsio-funts pribatuak eta Finantza- bitartekaritza:kontsumorako finantzierak. -Pentsio-funts pribatuak: Pentsio-funts pribatuak Gizarte Segurantzak ordaintzen dituen erretiroagatiko pentsio publikoen osagarri dira. Mutualitateko partaideek ekarpenak egiten dituzte aldian-aldian. Ekarpen horiek funts batean pilatuz joaten dira, adostutako interesekin batera, eta partaideak erretiroa hartzean jasotzen ditu. Mutualitateek funts horiek itzuli bitartean denbora asko igarotzen denez, aukera dute metatutako dirua inbertitzeko horrela, errentagarritasun handiagoa lor dezakete partaideentzat. -Finantza-bitartekaritza:kontsumorako finantzierak: Pertsona askok, kontsumitu ahal izateko, edota ondasun edo zerbitzu jakin batzuk erabiltzeko, epeka ordaintzea beste aukerarik ez dauka. Ikuspegi ekonomikotik, aukera erosoa da hori, baina berekin dakar maileguaren printzipalaz gain interes gehigarriak ordaindu beharra. Epekako salmentetan, merkataritzako bankuak edo dendak arduratu ohi dira finantzaketaz; edonola ere, badira ondasun jakin batzuen erosketak finantzatzen dituzten enpresa espezializatuak ere; autoenak adibidez. Finantzaketa ematen duten enpresa horiei finantziera edo finantzaketa-konpainia esan ohi zaie. Hau da horretarako jardunbidea: finantzaketa-konpainiak prezioaren guztizkoa ordaintzen dio saltzaileari, eta horren truke, erosleak kuota jakin batzuk ordaintzeko konpromisoa hartzen du; kuota horien guztizko balioa erositako salgaiaren prezioa baino handiagoa da, barnean hartzen baititu interesak ere. Erosleak sinatutako kontratuak klausula hau izaten du: ez badu dagokiona ordaintzen, ondasuna finantzaketa-konpainiaren jabetza bihurtuko dela.

BALORE – BURTSA: Balore-burtsak jendeari zerbitzu egiteko elkarte zibilak dira; haietan, baloreak jendaurrean erosten eta saltzen dira. Balore garrantzitsuenak errenta aldakorrekoak eta errenta finkokoak dira, publikoak zein pribatuak. -Errenta finkoko baloreak: bonuak, zor – agiriak eta obligazioak. -Errenta aldakorreko baloreak: Ezagunenak akzioak dira. Akzio-edukitzaileek eskubide ekonomikoak dituzte; adibidez, dibidendoa. Dibidendoaren zenbatekoa lotuta dago enpresaren martxa onarekin, eta haren banaketa akziodunen batzar nagusian erabakitzen da. Errenta aldakorreko baloreek ez dute ziurtatzen etorkizunean errenta jakin bat jasotzea, baina errenta finkokoek baino errentagarritasun handiagoa eman dezakete (zenbat eta arriskutsuagoa izan, orduan eta errentagarriagoa). Balore-merkatu horietan bitartekaritza bidezkoa eta argia izan dadin, balore publikoek haiek kontrolatzeko eta gainbegiratzeko ardura dute,  Espainian, burtsa gisa aitortu zuen lehenengoa Madrilgoa izan zen, 1831n; geroago, Bilbokoak, Bartzelonakoa eta Valentziakoa sortu ziren.         Saio bakoitzaren amaieran, burtsa-indize orokorrak zehaztuko du erosteko nahia edo saltzeko nahia nagusituko den. Burtsa-indizea merkatu jakin baten bilakaeraren adierazlea da. Espainian, burtsa.indize orokorra IBEX-35 da; hain zuzen, Espainiako Burtsako 35 enpresa garrantzitsuenen indizea. Etorkizunari begira dauden espektatibek, ekonomian hain eragin handia dutenek, bereziki eragiten dute burtsetan. Askotariko faktoreak dira: nazioarteko nahiz herrialdeko ekonomia ongi doan, beste burtsetan zer gertatzen de, gobernuen jardunbideak … Faktore horiek nolakoak, igoera edo jaitsiera garrantzitsuak izan ditzakete indizeek. IBEX-35DOW JONES: Estatu Batuetako akzio.merkatuaren indizea da. Hori da hain zuzen, munduko merkatu handiena.NIKEI:  Tokioko Burtsaren indizea.

ENPRESEN FINANTZAKETA: Enpresa orok behar izaten ditu diru-baliabideak, bere ekonomia.jarduerak gauzatzeko egin beharreko inbertsioak finantzatzeko. Enpresek erabiltzen dituzten diru- edo finantza-baliabideak, zer jatorri duten, bi motatan sailkatzen dira: baliabide propioak eta besteren baliabideak. -Baliabide propioen bidezko finantzaketa: Baliabide propioen artean, bi hauek bereiz daitezke: jabeen ekarpenak eta erreserbak: Jabeen ekarpenak. Erreserbak: Enpresa handiek soilik dte akzioak jaulkitzeko ahalmena, baliabideak lortzeko. Enpresa gehienentzat, ordea, autofinantzaketa da diru-baliabideak lortzeko modu bakarra; hau da, enpresek beren jardueren bidez sortzen dute behar duten dirua. Erreserbak enpresan banatu gabe geratzen diren baliabideak dira, autofinantzaketarako baliatzeko. -Besteren baliabideen bidezko finantzaketa: Merkataritza – kreditua. Maileguak: Enpresek, finantzaketa lortzeko, maileguak eskatzen dizkiete finantza bitartekari bankarioei. Maileguan jasotako dirua dagozkion interesekin batera itzuli behar da. Maileguak epe laburrekoak izan daitezke edo epe luzekoak. Merkataritza-enpresa handiek, hala nola Corte Inglesek, produktuen bolumen izugarria erosten dute. Horregatik, hornitzaileek asko ateratzen dute emandako salgaiak kobratzeko epea: 90 egun arte. Hori dela eta, enpresak – Corte Inglesek - aukera du, salgai guziak ezarritako epea baino lehen saltzen baditu, 90 eguneko epe hori iritsi baino lehen bere gastuak ordaintzeko; areago, bankuan ere sar dezake diru hori, interesak lortzeko. Ordaintzeko epea iristean, enpresak atzeratutako zenbateko hori ordaintzen du; baina produktuen salmentatik eratorritako gastuak ordaintzeaz gain, etekinak lortzen ditu; eta hori guztia, euro bakar bat ere jarri gabe. Erraza, ezta? Ez uste: enpresa guztiek ez dute negoziatzeko ahalmen hori, eta hornitzaile guztiek ez dituzte hornigaiak kredituan ematen.

Deskargatu

PDF Word HTML