Biztanleriaren osasun zainketa: sistemak, ereduak eta ekonomia
1. Biztanleriaren osasun zainketa
Biztanleriaren osasuna edozein herrialdeko agintaritzen kezka bat da. Jendearen bizi kalitatea baldintzatzen du eta herrialdearen ekonomian eta garapenean eragin handia du. Gobernuak era desberdinetan arduratzen dira komunitatearen osasunaz.
- Egoera sozioekonomikoa
- Osasun azpiegiturak
- Ikuspuntu ideologikoa
1.1 Osasun determinatzaileak
Gure osasunean eragina duten faktoreak. 4 nagusi:
- Giza biologia: genetikan eta adinean oinarritua.
- Ingurugiroa: pertsona inguratzen duten faktore fisiko-kimikoak, biologikoak eta sozialak.
- Osasun sistema: helburu nagusia biztanleriaren osasun maila hobetzea da. Erantzun antolatua eta espezializatua garatu behar dute gaixotasunak prebenitzeko eta osasuna berreskuratzeko.
- Bizimodua: honen arabera gure osasuna hobetu edo okertu daiteke. Banakako faktorea izan daiteke, edota gizarte mailakoa.
1.2 Osasun sistemak
Munduko Osasun Erakundearen arabera, osasun sistema batek osasuna hobetzeko helburua duten antolakunde, instituzio eta baliabide guztiak biltzen ditu, hala nola:
- Eskuragarri dauden osasun baliabide guztiak, publikoak zein pribatuak.
- Osasun esparru guztiak, prebentziotik errehabilitaziorarte.
Osasun sistema gero eta hobeagoa eta unibertsalagoa denean, biztanleriaren osasun maila altuagoa da. Herrialde bakoitzak erabakitzen du osasun arreta jasotzeko era eta edozein pertsonak jaso behar dituen gutxieneko zerbitzuak.
Osasunak ongizate fisikoa, mentala eta soziala biltzen ditu, eta ez bakarrik gaixotasunen falta.
Osasun sistema hobe batek ezaugarri hauek izan behar ditu:
- Unibertsala: biztanleria osoaz arduratu.
- Integrala: zerbitzu eta diziplina guztiak barne hartu.
- Zuzena edo bidezkoa: baliabideak zuzen banatu (esleipen irizpideak).
- Eraginkorra: eskuragarri dauden baliabideekin emaitza onenak lortu.
- Moldagarria: une bakoitzean erantzunik onena eman.
- Parte hartzailea: biztanleriak eta esparru desberdinetako profesionalek parte hartu.
1.3 Osasun sistema ereduak
Oso desberdinak dira herrialde desberdinetan. Hiru eredu nagusi daude: liberala, sozialista eta mistoa.
Eredu liberala
Adibiderik ezagunena Estatu Batuetakoa da. Estatuak ez dio biztanleriari laguntza medikoa eskaintzen: pertsona bakoitzak behar dituen zerbitzuak erabili eta zuzenean zerbitzuaren hornitzaileari ordaintzen dio. Zerbitzu oso zehatz batzuk besterik ez dira publikoak eta doakoak.
Ohikoa da jendeak aseguru pribatuak kontratatzea, eta enpresa handietan aseguru medikoa eskaintzen da. Planteamendu komertzial honen ondorioz, jende asko laguntza medikorik gabe bizi da. Aseguru mediko pribatua dutenek ere ez dituzte zerbitzu eta tratamendu guztiak ziurtatuta. Enpresak etekinak lortzeari lehentasuna ematen badio, laguntzaren kalitatea baldintzatu daiteke. Beste arazo bat: agintaritzak parte hartzen ez dutenez, prebentzio ekintzak eta osasunaren sustapena ez dira bermatzen.
Eredu sozialista
Eredu liberalaren kontrakoa da. Osasun sistema osoa publikoa da, eta zerbitzu guztiak ekitatean, doakotasunean eta unibertsaltasunean oinarritzen dira. Eraginkorra izateko, Estatuak medikuntza prebentiboa eta osasun hezkuntza bultzatzen ditu.
Arazo nagusia da Estatuak ezin dituela gastu guztiak bere gain hartu. Ondorioz, zerbitzuen eskaintza mugatua da, eta inork ez dauka sarbiderik sistemaren barruan ez dauden zerbitzu eta produktuetara.
Eredu mistoa
Beste bi ereduek desabantaila argiak dituztenez, Europako herrialde gehienek eredu mistoa aukeratu dute, non sektore publikoa eta pribatua agertzen diren. Finantzaketarako bi bide daude:
- Derrigorrezko aseguruen bidez: langile guztiek aseguru bat ordaindu behar dute. Eredu hau Mutualista edo Bismarck izenez ezagutzen da. Aseguruan aseguratutako pertsonaren ezkonlaguna eta seme-alabak ere sartzen dira. Derrigorrezko kuotak (herrialdearen arabera) eta ordainketa osagarriak (ospitalizazioak, botikak...) daude.
- Estatuaren aurrekontuen bidez: planifikazioa eta osasun publikoa Estatuaren esku daude. Populazio osoaren zergekin finantzatzen da. Eredu hau Beveridge edo Osasun publikoa izenez ezagutzen da. Arazo larriena prestazioen gastu altua da: kasu batzuetan kopagoak daude.
1.4 Europar osasun sistema
Osasunari dagokionez, Europar politikaren helburu nagusiak hauek dira:
- Osasun publikoa hobetzea.
- Gaixotasunak eta osasunerako arriskuak prebenitzea.
- Plaga handien aurka borrokatzea, ikerketa bultzatuz.
Europar Batasunak jokabide orokor nagusiak ezartzen ditu, eta beste administrazioek beren osasun planak sortzen dituzte. Helburu komunitarioak zehazten dira ezaugarri batzuen arabera: osasun egoera, beharrak eta populazioaren baliabide zehatzak. Gure kasuan, plan hauek hiru mailatan garatzen dira: Europa, Espainia eta autonomia mailan.
1.5 Ereduen konparaketa eta ebaluazioa
Osasun sistema baten diseinuak helburu batzuk ezartzea eskatzen du, eta helburu horiek kuantifikatu ahal izan behar dira. Datuak eta egoera ondo deskribatu behar dira. Kuantifikazioa modu estandarizatuan egiten bada, metodo desberdinen emaitzak konparatzea ahalbidetzen du, eta, ondorioz, metodo eraginkorrena aukeratzea.
Osasun adierazleak
Sistema desberdinak ebaluatzea eta konparatzea ahalbidetzen duten parametro kuantifikagarriak dira. Populazio baten osasun egoera zehazteko erabiltzen dira. Espainian erabiltzen den sistemak adierazleak talde hauetan biltzen ditu:
- Bizi-itxaropena: jaiotzean, osasun onean eta ezgaitasunik gabe.
- Heriotza-tasa: heriotzaren kausaren arabera bereizita.
- Morbilitatea: gaixotze-tasa (gaixotasun berdina pairatzen dutenena).
- Ezgaitasuna eta osasun subjektiboa: ezintasun iraunkor edo aldi baterako jardueren murrizketari buruzko datuak, eta pertsonek beren osasun egoera baloratzen dute.
- Ama eta haurraren osasuna: haurren heriotza-tasa, heriotza-tasa perinatala, jaiotzak amaren adinaren arabera, haurtxoaren pisua jaiotzean, amagandiko edoskitzea, haurdunaldiaren borondatezko etenaldia eta haurren txertaketa.
- Bizimodua eta ohiturak: tabako, alkohol edo drogen kontsumoari buruzko datuak, jarduera fisikoa, loditasuna eta dietei buruzko informazioa.
Adierazle guztiak sexuaren, adinaren eta autonomia erkidegoaren arabera bereizita aurkezten dira. Osasun adierazleak ezagutzea oso garrantzitsua da osasun politikan eta osasun hezkuntzan, lehentasun eta estrategia egokiak ezartzea ahalbidetzen baitute.
2. Espainiako osasun sistema
Espainiako osasun laguntza oso eskasa izan zen XIX. mendearen amaiera arte. 1986. urtean Osasun Sistema Nazionala (OSN) sortu zen. OSN-ak Estatuko administrazioaren osasun zerbitzuak eta autonomia erkidegoen osasun zerbitzuak barne hartu zituen.
Osasunaren Lege Orokorrak osasun sistema berria proposatu zuen, egituraren berrantolaketarekin. 2001ean osasun aginpideak autonomia erkidegoetara pasatu ziren.
Osasunaren Lege Orokorraren aldaketak sortu zenetik, hauek dira printzipio nagusiak:
- Laguntza unibertsala: osasun zerbitzuak eskuragarri denontzat, baliabide murriztuak dituztenentzat bereziki.
- Laguntza integrala: osasunaren esparru guztiei erantzun.
- Osasun zerbitzu minimoak bermatu atzerrian: beste herrialdeekin adostutako hitzarmenen bidez.
- Antolaketa deszentralizatua: autonomia erkidego bakoitzak bere osasun zerbitzua sortu eta kudeatu.
2.1 Osasun Sistema Nazionalaren antolaketa
Osasunaren Lege Orokorrak Espainiako osasun sistema kudeaketa eredu deszentralizatu gisa definitzen du. Estatuak funtzionamenduaren oinarriak ezartzen ditu, zerbitzu minimoak jartzen ditu eta sistema osoa koordinatzen du. Autonomia erkidegoek kudeaketaz, finantzaketaz eta zerbitzuen prestazioaz arduratzen dira.
Osasun Sistema Nazionala hiru mailatan egituratzen da, aginpideak banatuz:
- Estatuaren administrazioa
- Autonomia erkidegoa
- Bertako korporazioak (aldundiak eta udalak)
Hiru maila hauek koordinatzeko Lurralde arteko Kontseilua dago.
Estatuaren administrazioa
Estatuaren osasunaren arduraduna Osasun Ministerioa da.
- Osasunarekiko gobernuaren arauak proposatu eta gauzatu.
- Autonomia erkidegoen osasun sistemen arteko koordinazioaz arduratu.
- Kanpo osasuna: zaintza, segurtasuna eta nazioarteko erakundeen lankidetza.
Botikak:
- Botika eta osasun produktu berrien baimena eman, prezioak eta finantzaketa publikoaren baldintzak ezarri.
- Larrialdi edo hondamendietarako botikak ziurtatu, baita nazioarteko laguntzarako ere.
- Atzerriko botiken inportazioa erregulatu.
Autonomia erkidegoak
Bakoitzak bere osasun sistema osatu eta kudeatu behar du, eta erkidego horretako zentro, zerbitzu eta osasun etxe publiko guztiak integratu behar ditu.
Erkidego bakoitzak bere lurraldea osasun arloetan banatzen du: osasun unitate geografiko eta funtzional gisa. Arlo bakoitzak bere zonako erakundeen zuzendaritzaz arduratzen da, bai osasun arretaz bai programen garapenaz. Pertsona bakoitzak bere osasun arloan jaso behar du arreta, lehen mailakoan zein espezializatuan; arlo bakoitzak gutxienez ospitale bat izan behar du.
Osasun arlo bakoitza oinarrizko osasun zonetan banatzen da. Hauen bidez lehen mailako arretako zerbitzuak antolatzen dira eta herritarren berehalako beharrei erantzuten zaie. Zona bakoitzak 5.000 eta 25.000 biztanle arteko populazioari erantzuten dio.
Lurralde arteko kontseilua
Hurrengo puntuak ziurtatzen ditu:
- Osasun laguntzaren koordinazio orokorra.
- Botiken, osasun produktuen eta bestelako zerbitzuen kontratazioen koordinazioa.
- Osasun plangintza.
Osaera: autonomia erkidego bakoitzeko ordezkari bat, Estatuaren administrazioko hainbat ordezkari eta burua osasun ministroa.
2.2 Osasun Sistema Nazionalaren laguntza mailak
Bi laguntza mailatan antolatzen da:
- Lehen mailako arreta: osasun zentroetan eta kontsultategietan.
- Arreta espezializatua: ospitaleetan.
Lehen mailako arreta
Herritarren eta osasun sistemaren arteko lehen mailako konexioa da, bizitokitik ahalik eta gertuen. Benetan beharra duten herritarrak bakarrik pasatzen dira arreta espezializatuaren mailara. Osasun zentroetan eta kontsultategietan eskaintzen da. Honako aginpide hauek ditu:
- Medikuntza orokorra
- Ama-haurrarekiko arreta
- Larrialdiak
- Aho eta hortzetako arreta
- Oinarrizko laborategia
- Osasun eta demografiaren estatistika
- Arrisku taldeen zaintza
- Osasun hezkuntza
Lehen mailako arretako taldeak: prestakuntza desberdineko profesionalek lan egiten dute, osasun arlokoak zein osasun arlotik kanpokoak. Talde hau mediku koordinatzaile batek zuzentzen du. Lankidetza estua dago beste profesional batzuekin: albaitariak, farmazialariak, osasun mentaleko profesionalak, odontologoak...
Funtzioak osasun esparru desberdinekin lotuta daude:
- Prebentzioa: familia plangintza, arrisku taldeen arreta, txertaketak, oinarrizko fisioterapia...
- Osasunaren sustapena: osasun hezkuntza.
- Asistentzia lanak: etxez etxeko laguntza eta larrialdietarako laguntza.
- Errehabilitazioa: gaixotasun kronikoetan eta birgizarteratzea behar duten egoera guztietan.
- Irakaskuntza eta ikerkuntza: prestakuntza, ikerkuntza eta ebaluazio ekintzak.
Arreta espezializatua
Arreta espezializatua eta lehen mailako arreta elkarren osagarriak dira, lehen mailako arretak konponbiderik ematen ez dienean. Ekintza desberdinak barne hartzen ditu: laguntza, diagnostikoa, terapeutikoa, errehabilitazioa eta zaintza, osasunaren sustapena, osasun hezkuntza eta gaixotasunen prebentzioa. Arreta espezializatuko zentroetan eta ospitaletan eskaintzen da.
Ospitaleak: espezializazio handieneko osasun zentroak dira. Oinarrizko funtzioak laguntza, irakaskuntza eta ikerkuntza dira. Kargu gorena gerentea da, eta hiru arlo nagusi kontrolatzen ditu: medikuntza, erizaintza eta kudeaketa. Ospitaleetan gerenteari antolakuntzan laguntzen dioten batzorde ohikoenak hauek dira:
- Ospitale partaidetza batzordea
- Zuzendaritza batzordea
- Gizarte ongizatearen batzordea
- Kalitatearen kontrolaren batzordea
2.3 Osasun Sistema Nazionalaren prestazioak
Herritarrei eskaintzen zaizkien zerbitzuak:
- Prebentiboak
- Diagnostikoak
- Terapeutikoak
- Errehabilitazioa
- Osasunaren sustapena eta mantentzea
Prestazio hauek zehaztasunez definitzen dira eta zerbitzuen kartera orokorrean biltzen dira. Osasun zerbitzu guztiek eskaini behar dituzten gutxieneko prestazioak biltzen dira bertan, eta talde bakoitzari dagokion finantzaketa publikoa zehazten da. Autonomia erkidego bakoitzak kartera horretako prestazioen finantzaketa bermatzeko behar diren baliabide ekonomikoak zuzendu behar ditu. Autonomia erkidego bakoitzak prestazio osagarriak eskaintzea hauta dezake, eta horiek zerbitzu osagarrien kartera osatzen dute.
Zerbitzuen kartera orokorra
Osasun prestazioen eraginkortasuna ahalbidetzen duten teknika, teknologia eta prozedurak 3 modalitatetan antolatzen dira:
- Laguntza zerbitzuen oinarrizko kartera: finantzaketa publikoak barne hartzen dituen laguntza ekintza guztiak. Lehen mailako arreta eta arreta espezializatua, larrialdiak eta premiazko osasun garraioa.
- Kartera osagarri orokorra: medikuak agindutako prestazioak barne hartzen ditu, eta erabiltzaileak ordaindu behar ditu: prestazio farmazeutikoa, prestazio ortoprotesikoa, produktu dietetikoen prestazioa eta premiazkoa ez den osasun garraioa.
- Bigarren mailako zerbitzuen kartera orokorra: oinarrizkotzat hartzen ez diren zerbitzuak. Osasun egoera eta bizi kalitatea hobetzen laguntzen dute, eta erabiltzaileek ordaindu behar dituzte.
2.4 Osasun Sistema Nazionalaren prestazioetarako sarbidea
Norbanako Osasun Txartela (NOT): herritarrei osasun sistema publikoko zentro, zerbitzu eta prestazioetara sarbidea ematen dien dokumentua da. Txartela pertsonala eta besterenezina da.
Osasun sistema publikoan dauden pertsona guztiek txartela izan behar dute. Txartel hau lortzeko Osasun Sistema Nazionaleko aseguruduna edo onuraduna izan behar da. Gaur egungo legearen arabera, aseguruduna izateko gutxienez baldintza hauetako bat bete behar da:
- Gizarte segurantzan afiliatutako langileak.
- Gizarte segurantzako prestazioren bat jasotzen duten pertsonak (pentsionistak, langabetuak...).
- INEMen izena eman duten diru laguntzarik gabeko langabetuak.
Onuradunak aseguru baten kargu daude, eta hauek dira:
- Ezkonlaguna eta ezkonlagun ohia.
- 26 urtetik beherako ondorengoak.
- %65etik gorako desgaitasuna duten ondorengoak.
Kasu guztietan, bizitokia Espainian izan behar dute.
Osasun txartel ereduak
Autonomia erkidego bakoitzak bere osasun txartelak sortzen ditu. Legearen arabera, ondoko datuak zehaztu behar dira:
- Titularraren identifikazio datuak.
- Prestazio farmazeutikoen eskubidea.
- Osasun laguntzaren zerbitzu edo entitate arduraduna.
Europako osasun txartela: norbanako osasun txartela ez da baliozkoa Europan. Europara joatekotan, Europako osasun txartela eskatu behar da. Honek osasun prestazioak jasotzeko eskubidea ematen du Europako estatu gehienetan. Bi urteko balioa du, eta lanagatik, ikasketengatik edo turismoagatik atzerrian dauden pertsonek hartzen dute. Ez du balio atzerrian tratamendua jasotzeko helburuarekin egoten bada.
2.5 Osasun Sistema Nazionalaren finantzaketa
Finantzaketa aurrekontu publikoen kargura dago. Autonomia erkidego bakoitzak gutxienez kartera orokorrean dauden zerbitzuak sartu behar ditu bere aurrekontuetan, zerbitzu horiek bermatzeko.
Egoera honi bi arazo gehitzen zaizkio:
- Populazioaren zahartzea: gaixotasun kroniko gehiago, botiken kontsumoaren igoera...
- Populazio aktiboaren murrizketa: Estatuarentzat diru sarrera gutxiago.
Osasun sistemak iraunkortasun zailtasunak ditu, eta honek arazo desberdinak dakar: itxaron zerrenden luzapena, terapia edo proba diagnostikoak eskatzeko irizpide zorrotzagoak... Egoera honen aurrean, 2012an lege dekretu bat argitaratu zen, Osasun Sistema Nazionalaren iraunkortasuna bermatzeko premiazko neurriekin.
2.6 Funtzionarioen mutualitateak
- MUFACE: administrazioko funtzionario zibilak.
- ISFAS: Armadako indarrak.
- MUGEJU: Justizia Mutualitate Orokorra.
Mutualitate hauek maila desberdinetako arreta eta zerbitzuak eskaintzen dizkiete funtzionarioei. Osasun Sistema Nazionaleko zerbitzu guztietara sarbidea ematen dute, baita zerbitzu pribatuetara ere, hitzarmen bat sinatuz gero. Titulartasun pribatuko osasun zerbitzuek osatzen dute, eta bi modutan erabil daitezke:
- Partikular bezala: zuzenean zerbitzuak eskatu eta dagozkien gastuak ordaindu.
- Mutualitate eta aseguruen bidez: aseguru mediko bat kontratatu, eta beharrezkoa denean, kontratatutako zerbitzuak erabili.
Hitzarmenak: Osasun Sistema Nazionalaren bidez zerbitzu pribatuetara sartzeko aukera dago. Administrazioek enpresa pribatuekin hitzarmenak sinatzen dituzte, zerbitzu zehatz batzuk Sistema Nazionaleko erabiltzaileei eskaintzeko. Pazienteak zerbitzu pribatuetako arreta jaso ahal izateko, osasun publikoko mediku baten agindua behar du.
Osasun publikotik kanpo, irabazi asmorik gabeko erakundeak ere badaude: Cruz Roja, Cáritas, Espainiako Minbiziaren Aurkako Elkartea...
3. Osasun arloko lanbideak
3.1 Osasun lanbideen egituraketa
Osasun lanbideak maila desberdinetan antolatzen dira:
- Lizentziatura/Graduak: Medikuntza, Farmazia, Odontologia eta Albaitaritza tituluak.
- Diplomatura/Graduak: Erizaintza, Fisioterapia, Dietetika eta Nutrizioa eta Podologia tituluak, esaterako.
Legeak Lanbide Heziketako profesionalak ere barne hartzen ditu, eta bi taldetan egituratzen dira: goi mailako zikloak eta erdi mailako zikloak.
3.2 Profesionalen arteko erlazioak
Osasun arloko profesional guztiak beste batzuekin erlazionatuta daude. Profesional bakoitzak bere betebeharrak eta mugak ezagutu behar ditu. Lanbide desberdin horiek nola erlazionatuko diren definitzea ere ezinbestekoa da, barne funtzionamenduko arauen bidez. Antolakuntzak hauek bermatu behar ditu:
- Funtzioen mugaketa: profesional bakoitzak bere formakuntzari dagozkion ardurak izan behar ditu. Lanpostuak definitu eta lanpostu bakoitzerako ezinbesteko baldintzak zehaztu.
- Asistentzia jarraitasuna: profesional bakoitzak pazientearen informazioa eta historial klinikoa jaso behar ditu. Arlo bakoitzean ohiko prozedurak eta protokoloak sortu.
- Baliabideen erabileraren optimizazioa: baliabideak mugatuak baitira.
3.3 Etika medikuntzan
Lau printzipiotan oinarritzen da:
- Ongintza edo benefizentzia printzipioa: pazienteari onura eman behar zaio.
- Ez-malefizentzia edo kalterik ez egite printzipioa: kalterik ez eragitea.
- Autonomia printzipioa: pazienteek erabakiak hartzeko eskubidea dute.
- Justizia printzipioa: onuren eta arriskuen informazioa gizartean zabaltzeko betebeharra.
3.4 Harremana gaixoekin
- Informazioa: pazienteak informatuta egoteko eskubidea dute, bai diagnostikoaz, bai tratamenduaz, bai beren osasunarekin lotuta dagoen edozein gauzaz. Osasun ekintza batzuk burutzeko, gaixoak baimen informatuaren dokumentua sinatu behar du.
- Intimitatea eta duintasuna: osasun ekintza guztiak behar den intimitate mailan burutu behar dira: gortina baten atzean, beste gela batean... Pazientea erosoa eta errespetatua sentitu behar du.
- Konfidentzialtasuna: pazientearen informazio kliniko guztia konfidentziala da, eta baimendutako profesionalek bakarrik dute informazio horretara sarbidea. Sekretu profesionala profesionalak pazienteen informazio klinikoa babestera behartzen du. Sekretu profesionala haustea Kode Penalean delitu gisa deskribatzen da.
4. Osasun ekonomia
Osasun gastuak erabakigarriak dira herrialde baten ekonomian. Osasun sistema publikoak eta zerbitzuen unibertsaltasuna ezarri diren heinean, ekonomiaren kudeaketa eraginkorragoa egiteko beharra handitu da. Ekonomiaren espezialitate bat sortu da: osasun ekonomia, osasun zerbitzuen antolakuntzaren eraginkortasuna aztertu eta hobekuntzak proposatzeko.
4.1 Efikazia eta efizientzia
Baliabideak mugatuak eta eskasak direnez, era egokienean erabili behar dira, herritarren osasun beharrei erantzunez eta ahalik eta kostu baxuenean. Bi kontzeptu kontuan hartu behar dira:
- Efikazia: helburuak lortzeko gaitasuna.
- Efizientzia: baliabideei etekin handiena ateratzeko gaitasuna.
4.2 Balorazio ekonomikoaren metodoak
Edozein balorazio ekonomikotan kostuak eta etekinak erlazionatzen dira.
- Kostuak: diru unitateetan baloratzen dira eta beharrezkoak diren baliabide guztiak hartzen dira kontuan, bai materialak, bai pertsonenak. Kostuen kalkulua nahiko erraza da, baliabide guztiak kuantifikatuta egon behar direlako.
- Etekinak: kalkulua askoz zailagoa da, faktore oso desberdinak barne hartzen direlako eta, sarritan, balorazioa subjektiboa delako.
Ekonomia baloratzeko metodo nagusiak hauek dira:
Kostu-etekin analisia: kostuen eta etekinen arteko erlazioa ezartzen du, parametro biak diru unitateetan deskribatuz. Oso erraza da etekinak ekonomikoki zenbatu ahal direnean, eta aukera desberdinak objektiboki konparatzea ahalbidetzen du. Muga batzuk:
- Segurtasun faltsu batera gida dezake.
- Desberdintasunetara gida dezake, ukiezinak diren gauzei prezioa jartzeko zailtasunagatik.
- Tasak zehazteko metodologien estandarizazioa ezinbestekoa da. Normalean, ekonomia garapenean inpaktu handia duten proiektuei laguntzen die.
Kostu-efikazia analisia: kostuen eta etekinen arteko erlazioa ezartzen du, kostuak diru unitateetan deskribatuz eta etekinak irabazitako unitateetan. Helburu berdina duten prozedura desberdinen efizientzia konparatzeko metodo ona da. Muga batzuk:
- Ez ditu kostu eta etekin ukiezinak barne hartzen.
- Erabilgarritasun eskasa dauka aldi berean efektu desberdinak sortzen dituzten proiektuak aztertzen direnean.
Kostu-erabilgarritasun analisia: kostuen eta etekinen arteko erlazioa ezartzen du, kostuak diru unitateetan deskribatuz eta etekinak unitate estandarizatu batean deskribatuz.
Unitate hau kalkulatzeko bi faktore hartu behar dira kontuan: bizi kalitatea eta bizi kantitatea. Bi parametro hauek kuantifikatzea oso zaila da, bereziki bizi kalitatea. Muga batzuk:
- Prozedurak asko hobetu behar dira, metodo berriena baita.
- Metodo desberdinekin erabilgarritasun desberdinak ateratzen dira, eta erabilgarritasun horien arteko konparaketatik lortutako emaitzak zalantzazkoak dira.
- Eboluzio luzeko prozesu kronikoak aztertzen dira, baina ez prozesu edo gaixotasun igarokorrak.
- Ez du ekitatea kontuan hartzen, ez ditu herritar guztiak berdin tratatzen.
Eragozpen hauengatik, momentuz behintzat, ez da gomendatzen sistema hau erabiltzea, eta estandarizazioa hobetzen jarraitzen dute.
Analisi ekonomikoak beharrezkoak dira osasun arloan arrazoi desberdinengatik:
- Ebaluazio eta hobekuntzarako tresna direlako.
- Irizpide objektiboak ematen dituztelako erabakiak hartzeko. Ezinbestekoa da baliabideak eskasak direnean.
4.3 Oportunitate kostua
Kostuak eta etekinak baloratzeaz gain, beste faktore bat hartu behar da kontuan: paziente edo zerbitzu zehatz batean erabiltzen diren baliabideak ez dira erabilgarri egongo beste paziente edo zerbitzu batzuentzat. Prozedura zehatz bat burutzea egokiena den edo baliabide horiek beste prozedura baterako erabiltzea hobea litzatekeen aztertu behar da.
Oportunitate kostua: baliabide batzuei beren erabilerarik onena emanez atera daitekeen etekina.
Osasun teknologikoa
Osasun gastua igo duen faktoreetako bat da. Teknologia hauei oportunitate kostua ezarri behar zaie. Adibidez, ospitale batek teknologia aurreratuko ekipamendu bat erosi nahi duenean, ekipamendu horren kostua aztertzeaz gain, gastu horren ondorioz lortuko ez dituen beste etekinak ere aztertu behar dira.