Bizkaiko Meatzarien Borroka: Perezagua eta Industria Iraultza
Testua, "La Lucha de Clases" Bilboko astekari sozialistan argitaratutako artikulu baten pasartea da. Beraz, testu narratiboa da. Artikulua 1896ko maiatzean argitaratu zen, hau da, Errestaurazioaren garaian, Maria Kristinaren erreginaordetzan, hain zuzen ere. Artikulua ez dago sinatuta, baina ustezko egilea Facundo Perezagua da, euskal sozialismoaren aitzindaria. Perezagua Bizkaiko langileei zuzentzen zaie, Bizkaiko meatzariek jasaten ari ziren zapalkuntza salatzeko.
Perezaguaren Salaketa: Meatzarien Zapalkuntza
Perezaguak adierazten du Bizkaiko meatzariek maiatzaren 1ean manifestazioak egin zituztela Gallartan, derrigorrezko kuartel eta denden aurka. Ondoren, 1890eko greba (Greba Handia) aipatzen du, esanez greba hartan ere meatzariak kuartel eta denden aurka altxatu zirela, eta salatzen du oraindik mantentzen zirela meatze-arro osoan. Perezaguak oso gogor kritikatzen ditu derrigorrezko kuartel eta dendak, esklabotza berri baten ikur direla esanez, eta amaitzen du iragartzen meatzariak grebara joango zirela haiek desagerrarazteko, baldin eta gobernuak ez bazien muga jartzen ugazaben gehiegikeriei.
Bizkaiko Industria Iraultza eta Langile Proletalgoa
Perezaguak artikulu hau idatzi zuenean, Bizkaian benetako industria iraultza gertatzen ari zen. Blasco Ibáñezen eleberria XIX. mendearen amaierako Bizkaian kokatzen da, hau da, Bizkaian benetako industria iraultza gertatzen ari zenean.
Industrializazioaren Hastapenak eta Garapena
Bizkaiko industrializazioaren lehen urratsak 1840ko hamarraldian eman ziren. Izan ere, orduan sortu ziren lehen labe garaiak, Bilboko merkatari talde txiki baten eskutik. Hala ere, burges talde horrek ez zuen kapital nahikorik industrializazioa aurrera eramateko. Kanpoko faktore batek ahalbidetu zuen beharrezko kapitalak lortzea: Bessemer bihurgailua ezartzea Europako siderurgian. Berrikuntza teknologiko horrek burdin mea ez-fosforikoa (hematitea) erabiltzea eskatzen zuen; mineral hori urria zen Europan, baina Bizkaian, berriz, ugaria. Beraz, 1865etik aurrera, atzerriko kapitalez eratutako zenbait konpainia sortu ziren Bizkaiko burdina erauzi eta esportatzeko. Haietan burgesia bizkaitarrak ere parte hartu zuen, kapital handiak pilatuz. Azken Karlistadaren garaiko (1872-1876) etenaldiaren ondoren, burdinaren esportazioak gora egin zuen indar handiz, eta horri esker lortutako kapitalekin benetako industria iraultza burutu zen Bilboko itsasadarraren ezkerraldean. Bi sektore nagusitu ziren: siderurgia, industrializazioaren motorra izan zena, eta ontzigintza.
Meatzarien Lan eta Bizi Baldintza Latzenak
XIX. mendearen azken laurdenean, burdinaren ustiakuntzak eta industriak izan zuten garapen handiaren ondorioz, industri proletalgoa agertu zen Bizkaian, neurri handi batean kanpotik etorritako jendearekin osatuta.
Proletalgo horren lan eta bizi baldintzak oso gogorrak ziren eta, Perezaguak bere artikuluan salatzen duenez, edota Blasco Ibáñezen eleberrian islatzen denez, meatzarienak bereziki txarrak ziren. Hona hemen baldintza nagusiak:
- Soldatak txikiak ziren.
- Lanegunak hamar ordu baino gehiagokoak ziren.
- Ez zegoen inolako gizarte babesik.
Langileen auzunetako bizi baldintzak ere oso latzak ziren: pilaketa, higiene eza, elikadura eskasa… Pilaketa, langileen auzoetan ohikoa zena, areagotu egiten zen meatze-zonetan. Meatzeak hiriguneetatik urrun zeudenez, nagusiek barrakoiak edo kuartelak eraiki zituzten, eta meatzariak derrigorrez bizi behar ziren bertan. Instalazio ahulak ziren, minerala agortzen zenean tokiz erraz aldatzeko modukoak. Gela bakarra zegoen, sarritan komunik gabea, eta bertan ehun ohe baino gehiago pilatzen ziren.
Barrakoiak derrigorrezkoak izateaz gain, meatzariek nahi eta nahi ez enpresaren dendetan erosi behar zuten. Prezioak oso altuak ziren, eta elikagaiak, berriz, oso kalitate txarrekoak. Meatzari gehienek honenbestean (destajuan) lan egiten zuten, eta beren lanegunak eguzkia ateratzen zenetik sartu arte luzatzen ziren, batzuetan igandeetan ere lan egiten zutelarik.
Langile Mugimenduaren Antolaketa: Sozialismoa
Langileak, enpresaburuen gehiegikerietatik defendatuko zituen lan legedirik ez zegoenez, elkartzen eta ekimenak antolatzen hasi ziren egoera jasangaitz hartatik ateratzeko. Bizkaiko langileak sozialismoaren eskutik hasi ziren antolatzen, eta bera izan zen indar sindikal nagusiena XX. mendearen zati handi batean.