Bergarako Besarkada, III. Karlistaldia eta Foruen Galera

Historia4,1 KB

Bergarako Besarkada eta 1839ko Legea

Gerra irabaztea zaila zela ikusita, Maroto buruzagi karlistak bake hitzarmena sinatzea lortu nahi zuen. 1839ko abuztuaren 31n, Bergarako Hitzarmena sinatu zen eta Maroto eta Esparteroren arteko besarkada sinbolikoa (Bergarako Besarkada) I. Karlistaldiaren amaiera suposatu zuen. Hitzarmen horren arabera, karlistek Isabel II.a onartuko zuten. Beste aldetik, Espartero jeneralak gogotsu gomendatuko lioke gobernuari foruak mantentzea. Horrez gain, ejertzito karlistaren soldaduen soldata eta kategoria onartu zituen erregeordearen gobernuak eta aukera eman zien erreginaren ejertzitoan sartzeko edo erretiroa hartzeko. Gerra Maestrazgon mantendu zen Cabreraren agindupean 1840. urtera arte.

1839ko urriaren 25ean, Erregina Gobernatzaileak, Maria Kristinak, lege baten bidez foruak berrezarri zituen, betiere Nazioaren batasunari kalte egin gabe; beraz, Konstituzioa foruen gainetik kokatu zen. Bere bigarren artikuluan, legeak boterea eman zien Gorteei foruak berrikusteko eta Nafarroako eta Euskal Probintzien interesak Nazioaren interesekin bateratzeko. Foruzale liberalek oso ondo onartu zuten legea. Gogoratu, garai honetan 1837ko Konstituzioa indarrean dagoela.

III. Gerra Karlista: Gerraren Bilakaera (1872-1876)

Hirugarren Karlistaldia 1872ko apirilean hasi zen. Alderdi karlistak bere ideologia sendotu zuen eta Karlismoaren gorakada gertatu zen, neokatolikoak haiekin bat egin zutelako. Karlismoaren barnean bi joera sortu:

  • Joera irekia, Cabrera jeneralak eta beste zenbait militarrek babestua: heterodoxoa izatea eta masoneriarekiko hurbiltasuna egozten zioten.
  • Joera ortodoxoa, Karlos VII.a eta Cándido Nocedalek babestua: legez borrokatzearen alde egin zuten, baina 1872ko hauteskundeetan izandako atzeraldiaren ondorioz, ekintza militarra baliatzea erabaki zuten.

Gerraren hasieran, 1872ko apirilean, hainbat gudu galdu zituzten karlistek. Orokietako guduaren ondoren, Amorbietako ituna sinatu zuten: horren arabera, Serrano jeneralak indultua emango zuen, euskal karlistak armak uzten bazituzten.

Orokietako porrotaren ostean, armada karlista berriro antolatu zenean eta Don Karlos berriro Espainiara sartu zenean, karlistek Euskadi eta Nafarroa okupatu zituzten. Gatazka horretako gertaerarik garrantzitsuena Bilboko setioa izan zen.

Gerraren bilakaerak bide eman zuen herrialdearen iparraldean estatu alternatibo bat sortzeko, hiru euskal probintziak eta Nafarroa biltzen zituena. Bertan, legeak egin zituzten hainbat arlotan: irakaskuntzan, ordena publikoan, ekonomian... Lizarra eta Durango izan ziren egoitzak.

Hiru arrazoien bidez azal daiteke zergatik iraun zuen gatazka karlistak XIX. mendean zehar:

  • Nekazarien erresistentzia
  • Foru-lurraldeen erresistentzia: foru-pribilegioak izan zituztenek ez zuten zentralismo liberala onartu nahi.
  • Sekularizazio-prozesuarekiko erresistentzia

1876ko gerraren ostean, zentralizazioa ezarri zen eta foruak deuseztatu ziren.

Foruen Galera eta 1876ko Uztailaren 21eko Legea

1875. urtean, Alfontso XII.ak barkamena eskaini zien altxatutakoei baldintza batekin: bera onartu behar zuten errege. Karlismoak uko egin zion proposamenari. Erregearen garaipenak gudu-zelaietan eta karlisten ezezkoak aukera eman zion gobernuari bere nahia indarrez ezartzeko. 1876ko legeak hiru probintzietako foruak deuseztatu zituen eta betebehar batzuk inposatu zituen: kintak eta gizonak gerrarako, zergak Estatuari ordaintzeko.

1878ko otsailaren 28ko Errege Dekretu batek kontzesio bat egin zien euskal probintzietako aldundiei: zergak ezartzeko, jasotzeko eta administratzeko boterea, betiere Estatuari negoziatutako kupo bat ordainduz (Kontzertu Ekonomikoak). Dekretu honek independentzia ekonomikoa eman zien aldundiei eta horri esker, hainbat arlotan bultzada garrantzitsua bizi zen: hezkuntza bultzatu, trenbideak, ordena publikoa (Miñoiak). Horrez gain, euskal handikiek aldundiak kontrolatzea lortu zuten eta autonomia ekonomikoa erabili zuten haien interesen aldeko politikak bultzatzeko. Horrek Euskadiko industrializazio prozesua bultzatu zuen.

Deskargatu

PDF Word HTML