1855eko Espainiako Burdinbidearen Lege Orokorra: Analisia eta Ondorioak
Aurrean dugun testua, Espainiako Gorteek 1855ean burdinbidearen eraikuntza sustatzeko eman zuten legearen pasartea da. Beraz, lehen mailako testu historikoa da; juridikoa eta publikoa da.
Legearen ezaugarriak eta onurak
Lege honek ahalbidetzen zuen konpainia pribatuen parte hartzea burdinbidearen eraikuntzan, betiere zegokion emakida eskuratu ondoren (4. eta 6. art.). Era berean, konpainia pribatuak burdinbidearen eraikuntzara erakartzeko, hainbat abantaila eskaintzen zizkien. Burdinbidean inbertitzen zuten konpainiek funts publikoen laguntza izango zuten (8. art.). Horrez gain, beste onura hauek ere izango zituzten: jabari publikotik burdinbidea eraikitzeko beharrezko lursailak eta materialak (egurra, larreak, harria…) hartzeko ahalmena; bidesariak kobratzeko eskubidea; burdinbiderako materialen inportazioengatik muga-zergarik ez ordaintzea… (20. art.). Kanpoko inbertsioei dagokienez, legeak dio estatuaren babespean geratuko zirela (19. art.). Azkenik, burdinbidearen ezaugarri teknikoei dagokienez, legeak 1,80 metroko zabalera finkatu zuen (30. art.).
Testuinguru historikoa
Lege hau Isabel II.aren erreginaldian eman zen. Progresistak agintean zeudelarik (1854-1856), hainbat lege eman ziren ekonomiaren arloan. Lege horien bitartez, progresistek industrializaziorako beharrezkoak ziren azpiegitura finantzarioak (elkarte anonimoak, bankuak) eta garraiobideak, hau da, burdinbidea, sustatu nahi izan zituzten. Horren adibidea da, hain zuzen ere, aurrean dugun Burdinbideen Lege Orokorra.
Legearen eragina eta trenbide-sarearen garapena
Lege honek bultzada handia eman zion burdinbideari. Izan ere, eskaintzen zituen abantailak erakarrita, kapital asko inbertitu zen trenbidearen eraikuntzan, hainbat tren-konpainia pribatu sortuz. Konpainia gehienak kanpoko kapitalez eratu ziren, frantsesak batik bat. Konpainia horien artean aipagarriak dira Norteko Trenbidea deritzona, Madril-Irun linea eraiki zuena, eta Bilbon sortu zen Cía FF.CC. Tudela-Bilbao. Azken horrek Bilbo Ebroko haranarekin lotzen zuen linea egin zuen, Miranda de Ebron Madril-Irun linearekin bat eginez. Hortaz, Espainiako tren-sarearen eraikuntza konpainia pribatuen esku geratu zen. Konpainien helburua ahalik eta etekin handienak lortzea izanik, azkarregi eta ondo planifikatu gabe eraiki zen.
Burdinbidearen ondorioak
Horren ondorioz, burdinbideak, garraioa erraztu eta lanpostuak sortu bazituen ere, ez zituen espero ziren onurak ekarri herrialdearentzat. Alde batetik, sarearen zatirik handiena kanpoko enpresek eraiki zuten, frantsesek batez ere, eta euren herrialdeetatik ekarritako materialekin gainera; beraz, Espainiako industriak ez zuen ia etekinik atera burdinbidearen eraikuntzatik. Gainera, erabilitako materialak kalitate gutxikoak zirenez, konponketa-gastuak handiak ziren. Bestalde, tren-sarearen egitura erradiala, hau da, hiriburua periferiarekin lotzen zuena, ez zen egokitzen Espainiako egoera demografikoari eta ekonomikoari, periferia baitzen populatuena eta industrializatuena, eta ez barnealdea. Azkenik, Europako gainerakoan baino bide zabalagoa aukeratu zen, Espainia Europako saretik kanpo geratuz.
Burdinbidearen krisia eta nazionalizazioa
1864tik aurrera, ikusi zenean trenbidearen esplotaziotik ateratzen ziren etekinak espero zirenak baino txikiagoak zirela, burdinbidearen krisia hasi zen. XIX. mendearen azken laurdenean, berriro hasi zen burdinbidearen eraikuntza, krisitik aurrera egin zuten konpainia gutxi batzuen eskutik. Baina 1930eko hamarkadako gertaeren ondorioz (1929ko krisia eta Gerra Zibila), burdinbidea berriro krisian sartu zen, eta beharrezkoa izan zen estatuaren esku-hartze gero eta handiagoa. Francoren diktaduran, RENFEren sorrerarekin (1941), burdinbidea nazionalizatu egin zen.
Burdinbidearen bilakaera eta abiadura handiko trena
Denbora pasatu ahala, burdinbideak garrantzia galdu zuen beste garraiobide batzuen mesedetan, automobila eta hegazkina, hain zuzen ere. 1980ko hamarkadan, estatuak, burdinbidearen erabilera bultzatzeko xedez, Abiadura Handiko Trena deritzonean inbertitzen hasi zen.