Zoriontasuna eta Jakinduria: Ikuspegi Filosofikoak

Filosofia eta etika2,1 KB

Agustin Hiponakoaren ikuspegia

Gaur egun, zoriontasunaren eta jakinduriaren esanahia bilatzen edo horiek lortzen saiatzen gara, baina ez da gauza erraza: dirua? Ospea? Osasuna? Familia? Agustin Hiponakoaren bizitzan ere garrantzi handia eduki zuen bi kontzeptu horien bilaketak, baina berarentzat jakinduria eta zoriontasuna gauza bera ziren, edo hobeto esanda, horiek lortzeko bidea zen harentzat berdina: Jainkoa edukitzea.

Agustinen ustez, zoriontsu izateko galdu ezin dezakegun zerbait maite eta lortu behar dugu. Izan ere, maite dugun zerbait galtzearen pentsamenduak kezka eta larritasuna sortzen ditu. Demagun norberaren zoriontasun-iturria dirua dela, baina hura galtzeko beldurrak eraginda, zuhurtasunez erabiltzen du dirua eta horregatik kezkatuta dabil etengabe. Horrek ez luke zoriontasunik ekarriko, sufrimendua baizik. Horregatik dio Agustinek Jainkoaren jabe dena izango dela zoriontsu, izaki betierekoa eta hilezkorra delako; hau da, ziurtasuna emango diguna.

Nietzscheren kritika eta ikuspegia

Nietzschek, ordea, ez zuen horrela uste. Bere ustez, mendebaldeko pentsaera hau Platonekin hasi zen eta Agustinek eta kristautasunak jarraipena eman zioten, baina jarrera honekin bizitzari lepoa ematea baino ez zuten lortu, existitzen ez zen zerbait jarraituz: Jainkoa. Bere esanetan, gizakiak hori asmatu zuen, zaila egiten zitzaiolako bizitza iragankorra zela onartzea; baina bizitza hori baino ez zen: jaio eta hiltzea. Berdina gertatzen da maite ditugun pertsona eta ondasunekin: joan eta etorri egiten dira, ez digute ziurtasunik ematen eta ziurtasun falta horrek sufriarazi egiten gaitu. Horregatik asmatu zuten iraunkorra izango zen zerbait: Jainkoa.

Beraz, ziurra den zerbait nahi izatea onargarria da, eta ziurra den gauza horrek zoriontasuna emango digula ere, baina Nietzschek zioenez, horrelakorik ez da existitzen. Hori dela eta, zoriontasuna ez dela iraunkorra ondoriozta dezakegu, eta hortaz, inguratzen gaituzten pertsona eta ondasunetan bilatu behar dugula eta hura irauten duen bitartean aprobetxatu behar dugula.

Deskargatu

PDF Word HTML