XX. mendeko pentsamoldearen oinarriak eta autore nagusiak
XX. mendeko pentsamoldearen oinarriak
XIX. mendeko bigarren zatitik aurrera, kulturaren ondorengo garapen guztia baldintzatuko duten autoreak agertu ziren hainbat arlotan. Horietako lau dira nagusiak: Marx (1818-1883), Nietzsche (1844-1900), Freud (1856-1939) eta Darwin (1809-1882).
Charles Darwin: Eboluzioa eta Naturalismoa
Eboluzioaren teoriak dio gaur egungo espezieak (giza espeziea barne) desagertuta dauden beste espezie batzuek pairatutako aldaketen produktuak direla. Aipatu teoriak instantzia transzendenteetara jo gabe azaltzen du prozesu hori; hau da, modu zorrotz naturalista baten bidez. Darwinismoak erantzun ez-mitiko eta ez-teologikoa ematen dio galdera horri, eta hori da beraren lorpenik handiena. Horrela, kulturaren historian lehenengo aldiz, giza generoaren historia errealista bat proposatzen da.
Friedrich Nietzsche: Bilakaeraren Filosofia
Darwinek landatutako haziak sustraiak botatzen ditu filosofiaren lurrean, eta Nietzscheren filosofia da hazi horren lehen fruitua. Nietzsche arrazoian oinarritutako balio tradizionalen aurka dago. Aldaketa edo eboluzioaren darwiniar nozio filosofiko nagusiak baztertutako kontzeptu batekin bat dator: bilakaeraren kontzeptuarekin. Nietzschek gogora ekartzen du berriro kontzeptu hau; haren esanetan, filosofiak bilakaera erruduntzat hartzen du eta, ondorioz, kontzeptu horrek gaitzespena jasotzen du. Platonengandik datorren tradizio filosofikoaren arabera, ezinezkoa da etengabeko bilakaeran dagoen munduan egia ziur eta finkoa aurkitzea.
Sigmund Freud: Inkontzientearen Eragina
Bizi-ekintzen justifikazio arrazional eta kontzienteak ez dira egiazko eragileak. Inkontzientean erreprimitutako pultsioak daude, kontzientearen eremutik kanporatu eta zentsuratuak izan direnak. Pultsio horiek guztiak ez dira sexualak, baina bai garrantzi handikoak.
Karl Marx: Historia eta Materialismoa
Giza errealitatea historia da, eta historia indar eta produkzio-harremanen arteko loturaz osatua dago. Bestalde, filosofiaren helburua ekintza da: Filosofoek egin duten gauza bakarra mundua interpretatzea besterik ez da izan; gauzarik garrantzitsuena, ordea, mundua aldatzea da
.