XIX. mendeko Espainiako politika ekonomikoa eta euskal industria

Historia2,92 KB

Liberalismoa eta protekzionismoaren arteko eztabaida

XIX. mendeko bigarren erdian Espainian jazotako aldaketak aipatu beharko genituzke. Mende horretan zehar, Estatu liberalaren eraikuntza prozesuak jarraitu beharreko politika ekonomikoaz eztabaida biziak eragin zituen. Liberalismoa, printzipioz, merkataritza librearen aldekoa zen: truke askearekin, herrialde bakoitza merkeen ekoitzi zezakeen produkzioan espezializatuko zen. Baina librekanbismoa ez zitzaien komeni industria garatzeke zeukaten estatuei (esate baterako, Espainiari).

Librekanbismoa eta 1869ko Meatzeko Legea

1868ko Iraultzan, liberal progresisten garaipenarekin, librekanbismoaren aldeko iritziak nagusitu ziren. Figuerolaren arantzelak asko gutxitu zituen atzerriko produktuei ezarritako muga-zergak. Era berean, 1869ko Meatzeko Legeak ahalbideratu zuen Espainiako meategiak modu modernoan ustiatzea, lurpeko baliabideen desamortizazioa eta meatzaritza-sozietateen sorkuntza erraztu baitzuen. Negozio horretan Bizkaiko burgesiak eta atzerriko konpainiek parte hartu zuten.

Karlistaldiaren amaiera eta Hitzarmen Ekonomikoa

III. Karlistaldiaren amaierak izan zuen eraginik argiena euskal industriaren boomean, gerra-zikloaren amaierak eta foruen deuseztatzeak hazkunde ekonomikoa, atzerriko kapitalaren inbertsioa eta beharrezko azpiegituren eraikuntza erraztu baitzuen. Gerra amaitu ostean, berriz, Hitzarmen Ekonomikoak sinatu zituzten Aldundiek eta administrazio zentralak: Aldundiek euskal lurraldeetako zergak jasoko zituzten, eta horren truke Madrileko gobernuari aurrez adostutako kantitate bat ordainduko zioten, aurrerantzean Kupo bezala ezaguna izango zena. Gainontzeko dirua lurraldearen beharrak ase eta inbertsioak bideratzeko erabili ahalko zuten Aldundiek.

Protekzionismoaren itzulera eta euskal erreakzioa

Hala, 1891n gobernu kontserbadoreak neurri protekzionistak onartu zituen, muga-zerga altuak ezarriz. 1893an, berriz, Sagastaren liberalak heldu ziren gobernura, eta muga-zergak jaitsi zituzten, zenbait herrialderekin merkataritza libreko espazioak sortzeko aldebiko itunak sinatuz. Alemaniarekin sinatutakoa, hain zuzen ere testu honetan kritikatzen den hitzarmena, da horren adibide.

Atzerriko produktuen konpetentzia kaltegarria izan zen bizkaitar enpresarien interesetarako, eta protekzionismoaren aldeko kanpaina abian jarri zuten, gobernua presionatzeko asmoz. Horrela, Espainiar-Alemaniar Ituna atzera botatzea lortu zuten.

1898ko krisia eta Lehen Mundu Gerrako goraldia

Guzti honen ondoren, 1898an Espainiak koloniak galtzearen ondorioz kapital ugari aberriratu zirela, bereziki Kubatik, eta horrek inbertsio berriak bideratzeko aukera eman ziola euskal industriari. Hala ere, goraldirik nabarmenena Lehen Mundu Gerraren urteetan jazo zen, Espainiar neutraltasunak euskal industria gatazkan parte hartzen zuten herrialdeen hornitzaile bilakatu zuenean.

Deskargatu

PDF Word HTML