Xabier Lizardi, Lauaxeta eta Orixe: Euskal Pizkundeko Hiru Idazle

Hizkuntza eta literatura6,38 KB

Jose Maria Agirre, Xabier Lizardi

Jose Maria Agirre "Xabier Lizardi" 1896an jaio zen Zarautzen eta 1933an hil zen. Tolosan bizi izan zen. Euskal pizkundeko sortzaileen artean, berritzaile eta klasikoen arteko eztabaida garratza gertatu zen, euskara herrikoia eta euskara jasoa lantzen zutenen artean. Lizardik guztien beharra defendatu zuen. Bere poesia-lanik garrantzitsuena Biotz begietan da, 1932an argitaratua. Natura, bizitza eta heriotzari buruzko poesia liriko sinbolista da: hizkuntza poetiko sakona landu eta euskal lirikari balio berriak ekarri zizkion. Gai nagusia izadia da. Sentimenduak metafora bidez azaltzen ditu: denboraren iragana, bizitza eta heriotza, berpizteko itxaropena. Familia barruan izan zituen zoritxarreko gertaerak poesiaz adierazi zituen: alabaren heriotza ("Otartxo utsa"), semearena ("Xabierren eriotza"); amonarena ("Biotzean min dut"). Olerki idealista da berea, barne-gogoa eta munduko errealitatea elkartzen saiatzen da. Aberria eta euskara ere izan zituen olerkigai.

Estepan Urkiaga, Lauaxeta

Esteban Urkiaga, "Lauaxeta" Laukizen jaio zen 1905ean eta Mungian bizi. Durangoko jesulagunen ikastetxean latina eta erretorika ikasi ondoren, abadetza-ikasketak egin zituen Loiolan eta Oñan, baina mezaberria eman baino lehenago utzi egin zuen komentua. Komentua utzi zuenean Euzkadi egunkari nazionalistan hasi zen lanean. Hasieran Orixeren laguntzaile izan zen eta, hau Orexara, Euskaldunak poema idaztera, joan zenetik aurrera, euskal orrialdearen arduradun. Europako literatur joerak ondo baino hobeto ezagutzen zituen, euskara irakasten zuen, herri-abestien bilketa bultzatu zuen, poeta gazteei laguntzen zien. Hitz batean, euskararen eta Euskal Herriaren aldeko langile nekagaitza zen Lauaxeta. Espainian Francoren Altxamendua sortu zenean, Eusko Gudarostean sartu zen. Komandante-graduarekin, milizien antolaketan eta propaganda-lanetan aritu zen. Gudari aldizkaria eta euskarazko Eguna egunkaria kaleratu zituen. Faxistek preso harrapatu eta Gasteizera eraman zuten Lauaxeta. Heriotza-zigorra ezarri eta fusilatu egin zuten. Heriotzaren zain zegoela idazki hunkigarriak idatzi zituen.

Bere lanak

1930ean I. Olerti-Eguneko sari nagusia irabazi zuen Maitale kutuna poemarekin. Hurrengo urtean lehen poema-liburua argitara eman zuen: Bide barrijak, estetika ere berrituz. Europako modernitatea euskaraz eman nahi zuen, gaia eta hizkuntza berritu: maitasuna, existentzialismoa, heriotza. Liburuak eztabaida sortu zuen euskaltzaleen artean planteatzen zituen ideia modernoak zirela eta.

Bigarren liburuan, Arrats beran (1935), olerkigintza herrikoia landu zuen: herriko pertsonaiengan oinarrituriko balada, erromantze, irri-kantak. Herri poesia eta sinbolismoa uztartu zituen estilo berrituaz: musika, metaforak, kolore eta sentsazioak, denboraren iragana adieraziz.

Idazkera zaila dauka, garbizalekerien erabiltzailea, baina gainera apropos zailtzen zuen olerkia iradokizuna erabiliz eta mamia ezkutatuz. Euskalkietako esamoldeak, arkaismoak, herri-txokoetako hitzak, denetarik erabiltzen zuen. Antzerkia ere idatzi zuen: Asarre aldija, Epaiya, irria sortzeko eginak. Balbeak, Iru gudari itzulpenak dira. Ipuingintzan ere jardun zuen: Iluntzeko izarra, El fusil del abuelo, Campa de guztiz ederra, gerra garaiko giroa erakutsiz. Euskadi nazioa bakezaletasunean eta kulturan eraikitzearen aldeko zen; zuzentasuna arrazoiaren indarrez defendatu behar zela idatzi zuen sarri. Euskadi ikasia eta kulturaduna nahi zuen, herria kulturaz jantzi beharra zegoela eta abertzale ezjakinik ez zuela onartzen esaten zuen.

Nikolas Ormaetxea, Orixe

Gipuzkoako Orexan jaio zen 1888an. Hamazazpi urte zituela Xabierko jesuiten ikastetxera bidali zuten arte. Han bi urte egin zituen ikasten. 1907an Loiolara joan zen jesuita-ikasketak egitera. 1910ean Burgosen jarraitu zuen ikasten. Geroago, filosofia ikasketak burutu ostean irakasle lanetan ere aritu zen.

Gerra aurrean Euskaltzaindian eta Euzkadi egunkarian

Jesusen Lagunditik irten zenean Bilbora joan zen. Han 1931 arte jardun zen lanean, lehenbizi, 1928 arte Euskaltzaindian Azkueri laguntzen eta ondoren Euzkadi egunkariaren euskarazko atalaren arduradun gisa. Denbora hartan hiru liburu argitaratu zituen Orixek: Tormesko itsu-mutilla (1929), Mireio (1930) eta Santa Kruz Apaiza (1929). Lehenbiziko biak itzulpenak dira. 1931an Euskaltzaleak elkarteak poema epiko nazional bat egiteko eskatu zion. Lan hori buruzteko Orexara joan zen bizitzera. Hantxe ondu zuen Euskaldunak, baserri-giroko Euskal Herri tradizionalaren goresmenezko poema epiko-folklorikoa. Gerra piztu zenerako bukatua zeukan arren, ez zen argitaratu ahal izan 1950 arte. 1934an Barne-muinetan poema mistikoa argitaratu zuen. Gerrakoan atxilotuta Iruñeko San Kristobalgo gotorlekuan sei hilabete eduki zuten. Handik irten ondoren, 1938an berriz atxilotzera joan ziztzaizkion, baina Ipar Euskal Herrira ihes egitea lortu zuen. Dozena bat urtetan zehar batetik bestera ibili zen han. II. Mundu-Gerrakoan alemanak sartu zirenean Gurs-eko kontzentrazio-zelaian hiru hilabete eta erdi egon zen. 1950ean Amerikara joaten da. Jokin Zaitegik, Euzko Gogoa aldizkaria eramaten laguntzeko, Guatemalara deitzen dio. Han, ordea, gauzak zailak daude. Diru-arazo larriak dituzte, baina hantxe bizi izan zen 1954 arte eta bertan euskaratu zituen San Agustin-en Aitorkizunak. 1954an Hego Euskal Herrira itzuli zen Orixe. Lazkaoko beneditarren konbentuan jarri zen bizi izaten. Zahartuta, gaixorik eta bera erbestean bizi izan zen denboran asko aldatu zen Euskal Herria arrotz ikusten zuela aurkitzen zen. Halere, bazuen oraindik lanerako gogorik. Azken urte hauetan idatzi zuen Jainkoaren bila.

Deskargatu

PDF Word HTML