Trantsizio Demokratikoa eta Erreforma Politikoa (1975–1977)
Testuingurua
Testuari dagokion inguru historikoa erreparatuz, testua Trantsizio Demokratikoaren lehenengo urtetan kokatu behar dugu. Francoren hil ondoren, Arias Navarroren gobernua hasi zen eta, Estatu Buruzagitzaren Ondorengotzari buruzko legeari jarraituz, 1975eko azaroaren 22an Juan Karlos I.a Espainiako errege izendatu zuten.
Hemendik aurrera erreforma politikoa sustatzeko prozesu bat hasiko da. Prozesu horrek erregea, Fernández Miranda eta Adolfo Suárez izan zituen protagonista. Erregeak Fernández Miranda izendatu zuen Gorteetako eta Errege Kontseiluko lehendakari, erreformaren alde baitzegoen eta erregimen frankistaren egitura ondo ezagutzen baitzuen.
Erreforma prozesua
Bi erakundeen buru zegoenez, Fernández Mirandak bazeukan aukera egiazko erreforma politikoa bideratzeko. Arias Navarrok dimisioa aurkeztu ondoren, erregeak Suárez gobernuburu izendatu zuen eta lehen erabaki politikoek azkartu egin zuten prozesu demokratikoa: amnistia preso politikoentzat eta oposizioarekin elkarrizketak hasi ziren.
Geroago, erreforma politikoaren legea Gorteetan aurkeztu eta onartu egin zuten; horren arabera, bi ganberako Gorteak izan zitezkeen, Diputatuen Kongresua eta Senatua, diktaduraren garaian sortutako Oinarrizko Legeak aldatzeko ahalmenarekin.
Erreforma politikoa onartu zenez, gobernuak hauteskundeak antolatu behar zituen, Gorteetako ordezkari berriak hautatzeko. Prozesua erabat demokratikoa izateko, alderdi politikoak legeztatu behar ziren, eta 1977ko otsailean hala egin zen.
Hauteskundeak eta konstituzioa
Martxoan hauteskunde legeak arautu zituzten, ordezkaritza proportzionala xedatuz kongresurako. Suárez buru zuen UCDk irabazi zuen eta horrek gobernu berri bat antolatu zuen erreformarekin jarraitzeko. Erreforma osatzeko, konstituzio demokratiko berri bat egitea eta onartzea ezinbestekoa zen, eta batzar bat antolatu zen horretarako: UCDko hiru kidek eta gehien botoak jaso zituzten gainerako alderdietako lau kidek osatuta.
Helburuak eta oinarriak
Helburua erregimen frankista desagerraraztea eta estatu demokratikoa ezartzea zen, eta bere oinarriak: monarkia, erregimen parlamentarioaren ezarpena eta estatu deszentralizatuaren kontzeptua.
- Monarkia berritua barruan demokratikoa ezartzeko egitura.
- Erregimen parlamentarioa — botereen banaketa eta parlamentuaren garrantzia.
- Estatu deszentralizatua — autonomia erkidegoen sorrera eta eskumenak.
- Amnistia eta alderdi politikoei legezko aitorpena, prozesu demokratikoaren hasierako urratsak.