Supergizakia eta Botere Nahiaren Filosofia Nietzsche-rengan
Supergizakia eta Botere Nahia
Supegizakia botere-nahiari lotuta dago. Kontzeptu honek bizitzaren esentzia eta errealitatearen ikuspegi anitza adierazten du. Naturan ikusten ditugun indar guztien atzean botere-nahia dago.
Bizi Bulkada eta Botere Nahia
Bizi bulkada gehiagora jotzen duen botere nahi baten adierazpena da. Indar bultzatzaile oro botere nahia da; izaki guztiek beren botere nahia dute, hau da, beren ahalmena eta indarra handitzeko nahia. Beraz, botere nahia izatearen esentzia da; bulkada biologiko, organiko eta kulturala aldi berean; izaki guztien gorengo forma aurkitzera, forma garaiagoak lortzera, beti gehiagora igotzera bultzatzen duen indarra. Indarra unibertsala da eta kultur arloan supergizakira garamatzana.
Botere Nahiaren Zentzua
Botere nahiak ez dauka zentzu politikorik, ez da mendekoak edo ahulak mendean jartzea, baizik eta norbere buruan duen uste osoa, autogainditzea, bizitzaren ahalbidean sinesteko joera. Botere nahia supergizakiaren bertutea eta izaera da, norberak duen indarraren jakitun izatea.
Sufrimendua eta Dekadentzia
Nietzscheren ustez, sufrimendua bizitzaren osagai funtsezkoa da. Botere-nahi dekadentea daukatenek ezin dute bilakaeraren munduan dagoen sufrimendua eta mina jasan. Horregatik, aterpe bat bilatu behar dute mundu naturaletik kanpoan. Hango ezaugarriak mundu naturalaren kontrakoak dira.
Errealitatea eta Betiereko Itzulera
Nietzscheren arabera, metafisikariek errealitatearen kontra daukaten gorrotoa kreatzailea bihurtzen da. Baina sorketa hori dekadentea baino ez da. Nietzscheren ustez, mundu errealaren funtzionamendu-mekanismoa botere-nahien indarrak gehitzean datza. Nietzscheren kezka morala betiereko itzuleraren kontzepzioan agertzen da argien. Ikuspegi linealaren aurrean, bizitza zirkularra dela zioen, memento bakoitza betierekoa izanik. Ez dago hasierarik, ezta bukaerarik.
Supergizakia eta Bizitzaren Onarpena
Beste bizitzarik ez dagoela onartzean, daukagun bakarra ez dugula alferrik galdu behar pentsatzen zuen. Mundua den bezalakoa da eta horrela onartu behar da. Bizitzaren pisuak zapaldu egiten ditu moral dekadentea dutenak. Moral horretatik askatu dena, berriz, bere ekintzak errepikatzea nahi du. Gizaki horrek, supergizakiak, munduaren ikuspegi dionisiakoa du. Azkenean, irudi poetiko bat da. Nietzschek ez du esan nahi hilezkorrak garenik, errealitatea behin eta berriz errepikatzen denik benetan. Esan nahi duena da bizitza bakarra dugula eta hori kontuan izan behar dugula. Gizaki berri librea da, eta bizitza den bezala onartzen du. Supergizakia izango da botere-nahiari lotutako pisua jasateko gai dena, hondoratu gabe.