Sabino Arana eta Euskal Abertzaletasunaren Sorrera

Historia5,56 KB

Sabino Arana Goiri eta Euskal Abertzaletasunaren Sorrera

Abertzaletasunaren sorreran Industria Iraultzak ere eragin handia izan zuen. Beste eskualde batzuetatik langileen bat-bateko etorrerak ohiko euskal gizartean eta haren erlijio-sentipenetan haustura handia eragin zuen.

Giro honetan, Sabino Aranak (1865ean jaioa eta 1903an hila) ohiko euskal nekazari gizartea erabat idealizatu zuen, eta immigrazioa, kapitalismoa eta Espainiako gobernu liberala etsai moduan hartu zituen.

Bestalde, Sabino Aranak, Alemanian bezala, nazio kontzeptua elementu objektibo komunetan oinarritzen zela zihoen: arraza, hizkuntza, ohiturak, geografia, historia, tradizioak, folklorea, gobernu eta erakundeak.

Aranaren Ideologiaren Oinarriak eta Ezaugarriak

Euskal abertzaletasunaren bultzatzailea, Sabino Arana Goiri izan zen. Bere ideologiaren hiru zutabe nagusiak arraza, foruak eta erlijioa ziren. Ezaugarri nagusiak laburbilduta, hauek dira:

  • Bizkaia eta, ondoren, Euzkadi, nazio bat da: Nazio izateko beharrezko elementuak baititu: arraza, hizkuntza, gobernua eta legeak, izaera eta ohiturak eta nortasun historikoa.
  • Euskal Herriko independentzia berreskuratzea: Espainiatik bereiztu eta Euskal Herriko 6 eskualdeek (Bizkaia, Gipuzkoa, Araba, Nafarroa, Lapurdi eta Zuberoa) osatutako Euskal Estatua sortuz. (Testuan, 8. artikuluan aipatzen da ideia hau).
  • Euskal arrazaren goratzarrea: Euskal arrazaren garbitasuna gordetzearren, euskaldun eta atzerritarren arteko ezkontzen aurka zegoen eta Euskal Herritik kanpoko probintzietatik etorritako industriako langileak baztertzea proposatu zuen.
  • Integrismo katolikoa: Sabinok erlijio katolikoa besterik ez zuen onartzen. Espainiar ateoen botereak euskal ohituren aldaketa eta katolizismoaren pixkanakako desagerpena zekarrela salatzen zuen. Elementu zibilak erlijiosoen menpe egotea eskatzen zuen, erlijio katolikoaren eta euskal nazionalismoaren garaipena batera baitoaz.
  • Hizkuntza eta euskal ohiturak berreskuratzea: Espainiako kulturaren edozein eragina guztiz kaltegarri eta arrotza zen gure herriarentzat. Batez ere, euskararen egoera tamalgarria azpimarratzen zuen, etorkinen eta hiritartzearen erruz gero eta gutxiago erabiltzen zela salatuz.
  • Kapitalismoaren kondena: Honek dakarren ustelkeria eta ustiapenagatik, eta baita sozialismoarena ere, euskaldunen kontzepzio tradizionalerako dotrina arrotza delako eta atzerritarrek edo maketoek osatzen dutelako.

Bere proiektu politikoa laburtzeko lelo bat proposatu zuen: Jaungoikoa eta Lege Zaharra (JEL).

EAJren Sorrera eta Lehen Urratsak

  • 1890ean: Bizcaya por su independencia artikuluan, independentzia eskatu zuen Bizkaiarentzat.
  • 1893an: Larrazabalgo diskurtsoan atzerritarrek Bizkaian zuten botereaz hitz egin zuen. Alderdi politiko guztiak aztertu ondoren, batek ere ez zituela bizkaitarren nahiak betetzen adierazi zuen, eta alderdia sortzeko beharra azaldu zuen.

1894an, Euskeldun Batzokija elkarte katolikoa sortu zuen. Bertatik sortuko zen urtebete beranduago Euzko Alderdi Jeltzalea (EAJ) eta Bizkai Buru Batzarra (BBB) Bilbon. Handik gutxira, espero zituen emaitzak lortu ez zituenez, Aranaren diskurtsoa leunduz joan zen, eta horrela goi-burgesia alderdian sartzea lortu zuen.

Aranaren Heriotzaren Osteko Bilakaera (1903-1930)

Sabino Arana 1903an hil zen. Ondoren, alderdia asko hedatu zen, baina barne-zatiketak hasi ziren eta bi joeren artean tentsioak izan ziren:

  1. Foruzaleak edo Euskalerria taldekoak: Buruzagia Ramón de la Sota zen. Hauek autonomiaren aldekoak ziren. Beren aldizkaria Euskalduna izan zen.
  2. Sabindarrak edo Aberritarrak: Sabinoren anaia Luis eta Eli Gallastegi izan ziren buruzagiak. Hauek independentziaren aldekoak ziren. Beren astekaria Aberri izan zen.

Zuzendaritza batak edo besteak lortzen zuenean aldaketak egoten ziren. Zuzendaritza foruzaleek zutenean, alderdia autonomista izaten zen; sabindarrek zutenean, aldiz, independentista.

Aldaketa Nagusiak eta Zatiketak

  • 1908: Sabindarrek irabazi zuten. Afiliatu kopurua handitu egin zen eta nazionalismoa Gipuzkoara hedatzen hasi zen. Arabara ez zen Bigarren Errepublika arte iritsi.
  • 1916: Ramón de la Sotak EAJren kontrola lortu eta alderdiari izena aldatu zion: Euskal Komunio Nazionalista (EKN). Ondoren, autonomia eskatu zuten Espainiaren barnean, eta horri esker, udal hauteskundeak eta Gorteetarako hauteskundeak ere irabazi zituzten.

Orduan, Eli Gallastegi politikariak Aberri astekarian Sabino Aranaren ideiak defendatzen zituen artikulu bat idatzi zuen. Hori zela eta, alderditik bota eta Luis Arana eta beste batzuekin batera EAJ berria sortu zuen.

Gallastegi eta Aranaren nazionalismoak erresistentzia gogorra egin zion Primo de Riveraren diktadurari. Diktadura erortzean, nazionalismoaren barruko bi alderdiak elkartu eta EAJ berria sortu zuten Bergarako Batzarrean (1930); buruzagia José Antonio Agirre izan zen.

II. Errepublikan, EAJtik ANV (Eusko Abertzale Ekintza) sortu zen, joera akonfesionala eta ezkertiarra zuen taldea.

Deskargatu

PDF Word HTML