Espainiako Berrezarkuntza Politikoa (1875-1923): ezaugarriak eta krisia

Historia-n eguneratua7,49 KB

Laburpena

Dokumentuak Espainiako Berrezarkuntza politikoa aztertzen du, 1875etik 1923ra, Cánovasek ezarritako sistema, bi alderdi nagusien txandakatzea eta jauntxokeriaren papera azalduz. Gero, 1898ko koloniak galtzea, 1909ko Bartzelonako Aste Tragikoa, 1917ko krisia eta Annualeko porrota bezalako gertaerek sistemaren krisia nola areagotu zuten azaltzen du, 1923ko Primo de Riveraren diktadurarekin amaituz.

Funtsezko puntuak

  • Berrezarkuntza 1875ean hasi zen Alfontso XII.a errege izendatu zenean eta II. Errepublika arte iraun zuen.
  • 1876ko Konstituzioak liberalen eta kontserbatzaileen arteko txandakatzea ahalbidetu zuen, Alderdi Kontserbadorea (Cánovas) eta Alderdi Liberala (Sagasta) nagusi zirelarik.
  • Jauntxokeria eta hauteskunde-manipulazioa sistemaren funtsezko mekanismoak ziren.
  • 1898an Kuba, Puerto Rico eta Filipinak galtzeak estatuaren ahulezia agerian utzi zuen.
  • 1909ko Bartzelonako Aste Tragikoak eta 1917ko krisiak sistema politikoaren krisia areagotu zuten.
  • 1921eko Annualeko porrotak eta langileen mobilizazioek 1923ko Primo de Riveraren diktadura ekarri zuten.

Frogatu zeure burua

Berrezarkuntzako Sistema Politikoa (1875-1923)

Berrezarkuntza Sistemaren Ezarpena eta Funtzionamendua

1868-1874ko seiurteko "iraultzailearen" ondoren, burgesiak sistema egokia aurkitu zuen bere nagusitasunak sendo iraun zezan: Berrezarkuntza. Izenak aditzera ematen du Borboiak berriz ere tronuan jarri zirela eta bertan iraun zutela II. Errepublika ezarri zen arte (Alfontso XII.a, 1875-1885; Maria Kristina, 1885-1902; Alfontso XIII.a, 1902-1931). Aginteaz lur-jabe handien burgesia jabetu zen, eta euren interesak sustatzeko erabili zuten.

Cánovasek antolatu zuen sistema politikoa burgesiaren nagusitasuna ziurtatzeko. Horretarako, gerrei (karlista eta kubatarrei) amaiera eman behar zien, eta burgesentzako antolamendu sozial eta politiko finkoa ezarri behar zuen (horretarako, demokrazia eta eskubideak baztertu zituen). Lehenengoari dagokionez, karlistak garaitu zituzten. Kubako gerrari dagokionez, autonomia eta amnistia zabala emanda saiatu zen egoera bideratzen. Bigarrenari dagokionez, 1876ko Konstituzioa da jauntxokeria erabiliz txandakatzeko sistema berriaren ardatza. Era horretara, egonkortasuna lortu zuen. Sistemaren ezaugarri nagusiak hauek ziren:

  1. Konstituzio horren helburua liberalen arteko liskarrik gabe gobernatzea zen, bi alderdiak, kontserbadorea eta liberala, agintean aritu ahal izango baitziren Konstituzioa aldatu gabe. Horrela, ordena mantenduko zen. Horretarako, testuan indefinizioa erabili zen, eta herritarren parte-hartze politikoa oztopatu zen. Erregeak ahalmen handiak zituen: botere betearazlea, armadaren agintaritza, eta subiranotasuna berak eta Gorteek partekatzen zuten. Bi ganberako sisteman, Diputatuen Kongresua aukeratzeko, hasieran sufragio zentsitarioa (%5) erabili zen 1890era arte; gero, gizonezkoen sufragio unibertsala ezarri zen (putxerazoekin). Herritarrak Senatua osatzetik baztertuta zeuden. Estatuaren erlijioa katolikoa zen, nahiz eta gurtza askatasuna onartu.
  2. Ezaugarri horiek egokiak ziren bi alderdi nagusiak, beste guztiak (sozialistak, errepublikazaleak, euskal eta kataluniar abertzaleak) baztertuta, boterean txandakatzeko: Alderdi Kontserbadorea (Cánovas del Castillo) eta Alderdi Liberala (Sagasta).
  3. Txandakatzeak funtzionatzeko jauntxokeria erabiltzen zen: jauntxo edo kazikeek herritarren gaineko kontrola zuten hauteskundeak manipulatzeko eta agintea euren mesedetan erabiltzeko.
  4. Funtzionamendua: Erregeak edo erreginak gobernua kendu egiten zuen. Beste alderdiak osatzen zuen. Gobernu berriak hauteskundeetarako deia egiten zuen. Hautagai-zerrenda bakarraz edo jauntxoen (kazikismoa) laguntzaz, hauteskundeak iruzurrez irabazten zituen.

1876-1898: Sistemaren Goren Aldia

Garai honetan, sistemak oso ondo funtzionatu zuen burgesiarentzat. Bi alderdiak arazo handirik gabe txandakatu ziren agintean, eta prozedura hori guztiz finkatu zuten ustezko Pardoko Itunean (Alfontso XII.a hil ondoren, 1885ean). Segurtasun sentsazio horren erakusgarri dira hartu ziren erabaki batzuk: itxuraz behintzat, askatasunak zabaldu eta gizonezkoentzako sufragio unibertsala indarrean jarri zen 1890ean. Herritarrek, hala ere, ez zuten sinesten gobernuak edo estatuak herriaren alde ari zirenik.

Mende amaierako urteetan, krisia ekonomian, politikan eta gizartean nabaria zen, eta guztiz agerian geratu zen estatuaren ahulezia 1898an, azken koloniak (Puerto Rico, Kuba eta Filipinak) galtzean. Garbi zegoen Espainiar Erresumaren nazioarteko gainbehera inperialismo kolonialaren gorenaldian.

1898-1923: Sistemaren Krisi Luzea

Aldi luze horretako zenbait gertaera eta prozesu nabarmendu behar dira sistemaren endekatze progresiboa azaltzeko.

Alderdi dinastikoen barruko desadostasunek egonkortasunik eza elikatu zuten. Bestalde, egonezinak gero eta gizarte sektore gehiago urrundu zituen sistematik:

  • Intelektualen artean Espainiaren erregenerazioa bultzatzearen aldeko joera handituz joan zen.
  • Herritarrak gero eta antolatuago borrokatzen ziren sistemaren kontra: batetik, euskal eta kataluniar nazionalismoak indartu ziren; bestetik, langileen erakundeak (UGT, PSOE eta CNT) eta errepublikarrak gero eta eragin handiagoa zuten. Talde horien guztien jarduerek lagundu zuten alderdi-bitasuna kinka larrian jartzen, eta sistematik kanpoko taldeak eta koalizioak eratu ziren: adibidez, hauteskundeetarako koalizio errepublikano-sozialista.

Mende hasierako hamarkadetan, estatuaren eta herritarren arteko diferentziak zein handiak ziren Bartzelonako Aste Tragikoak erakutsi zuen (1909). Armada Bartzelonako portutik Melillara joatekoa zen. Rifeko meatzaldean marokoarren altxamendua zapaltzeko soldaduak bidali nahi zituzten. Protestatzeko, herritarrak (sozialistak, anarkistak, errepublikazale lerrouxistak) astebetez hirian borrokatu ziren. Bartzelonako elizak eta komentuak erre zituzten. Egoera horren aurrean, gobernuak gerra-legea aldarrikatu eta errepresio bortitzari ekin zion. Errepresioan pertsona asko atxilotu zituzten, bai eta bost militante anarkista exekutatu ere, haietako bat Francesc Ferrer i Guàrdia bera. Exekuzio horrek kritikak ekarri zituen, bai estatu barruan, bai eta kanpoan ere. Gertaera haiek zirela eta, alderdi-bitasunen krisia areagotu zen.

1917an beste krisi handi bat izan zen. Alde batetik, militar batzuek Junta Militarrak antolatu zituzten euren erreibindikazioak bideratzeko; bestetik, indar politiko ez-dinastikoetako parlamentario batzuk (errepublikazaleak, sozialistak, katalanistak) elkartu eta Parlamentarien Batzarra eratu zuten sistema politikoa demokratizatzeko asmoz. Aldi berean, langile erakundeek euren borrokabidea gogortu zuten (Lehen Mundu Gerran, irabaziak oso handiak ziren garaian, prezioak soldatak baino gehiago igo ziren), eta 1917ko abuztuan greba orokorrerako deia egin zuten. Hiru taldeen arteko desadostasunek aldaketarako bidea eragotzi zuten arren, sistema neurri batean ahuldu zen. Horregatik, 1917. urteaz geroztik, kontzentrazio-gobernuak eratu ziren, zeintzuek irauteko helburua baino ez zuten, eta ez ziren gai konponbide egokiak aurkitzeko, batez ere kolonia eta gizarte auzietan:

  • Gauzak horrela, gizarte arloan erradikalizazio soziala eta politikoa izan zen Berrezarkuntzaren azken fasearen ezaugarri nagusia. 1919tik 1923ra, ekonomian arazoak izan ziren gerra amaitua zelako. Hortaz, langileen egoera gero eta okerragoa zenez, borrokarako gogoa berpiztu zen. Gainera, Errusiako Iraultzaren berri izatean, are indar gehiagorekin egin zuten ugazaben aurka. Ugazabek Katalunian langileak kontrolpean izateko pistoleroak kontratatu eta langile ugari hil zituzten. Eta anarkista batzuek, errepresio gogorrari erantzuteko, gauza bera egin zuten: militarrak, kapitalistak eta abar hil zituzten. Gainera, Andaluzian ere alokairuen borroka gogortu zen.
  • Bestalde, espainiarrek ez zuten lortzen euren Marokoko biztanleak guztiz menperatzea. Halaxe nabaritu zen Annualen. Izan ere, rifekoak matxinatu, eta horrek Espainiaren erasoaldia ekarri zuen. Baina, nahiz eta Espainiak armada handia hara bidali, 1921ean porrota jasan zuen Annualen. Ondorioz, politikariei eta erregeari kritika gogorrak egin eta erantzukizunak eskatu zitzaizkien.

Giro hura aitzakiatzat hartuta, Primo de Riverak pronuntziamendua egin eta diktadura ezarri zuen (1923), langileak kontrolpean izateko eta marokoarrak garaitzeko. Horrelaxe, bada, amaitu zen Berrezarkuntza.

Deskargatu

PDF Word HTML

Ohiko galderak

Noiz hasi eta amaitu zen Berrezarkuntza Espainian?

Berrezarkuntza 1875ean hasi zen, Alfontso XII.a tronura itzuli zenean, eta 1923an amaitu zen Primo de Riveraren diktadura ezarri zenean. Dokumentuaren arabera, II. Errepublika ezarri zen arte iraun zuen borboiak tronuan; hala ere, sistema 1923an amaitu zen.

Nola txandakatzen ziren agintean alderdi nagusiak Berrezarkuntzan?

Erregeak gobernua kendu eta beste alderdiari ematen zion; gobernu berriak hauteskundeak deitzen zituen eta jauntxoen (kazikismoaren) laguntzaz irabazten zituen. Hauteskundeak iruzurrez egiten ziren, eta hori txandakatzea bermatzen zuen.

Frogatu zeure burua

Berrikuspen-txartelak

Sakatu txartel bat erantzuna ikusteko.

Testa

1. Zein urtetan hasi zen Berrezarkuntza?
2. Zein izan zen Berrezarkuntzako sistemaren oinarrizko legea?
3. Zein alderdi ez zen Berrezarkuntzako bi alderdi nagusien artean?
4. Zer izan zen 1898ko gertaera garrantzitsua?
5. Zein izan zen Bartzelonako Aste Tragikoaren kausa nagusia?
6. Zein urtetan gertatu zen Annualeko porrota?
7. Zer ekarri zuen azkenik Berrezarkuntzaren krisiak?

AA bidez dokumentutik sortutako galderak: egiaztatu erantzunak testuarekin.