René Descartes: Filosofia eta Dualismo Antropologikoa
René Descartes: Bizitza eta Testuinguru Historikoa
René Descartes La Haye herrian jaio zen, Tourainen, 1596an. Filosofia eta zientzia ikasi zituen. Zuzenbidean graduatu zen Poitierseko Unibertsitatean. Holandara joan zen eta han hogei urtez bizi izan zen. Gero, Stockholmeko gortera joan zen, Suediako Kristina erreginak gonbidatuta. Stockholmen oso eguraldi txarra egiten zuenez, Descartesek pneumonia harrapatu zuen eta 1650ean hil zen.
Berpizkundea, XV. eta XVI. mendeetan zabaldu zen garai historikoa izateaz gain, mugimendu kulturala izan zen. Bestalde, Humanismoak eta Erreforma Protestanteak norbanakoaren eta kontzientziaren balioa azpimarratu zuten. Azkenik, Zientzia Iraultza egon zen.
Testuinguru Filosofikoa
Barrokoan, arrazoiaren eta filosofiaren krisi handia egon zen. Izan ere, aurretik jasotako ezagutzek erreferentzialtasuna galdu zuten eta ez zuten galdera berriak erantzuteko gaitasunik. Unibertsitateak gainbeheran sartu ziren, filosofia eskolastikoak indarra galdu zuen eta zientzia berriak ikuspegi aristotelikoaren erorketa ekarri zuen.
Sortzen ari zen zientzia berriak liluratu egiten zuen, baina oinarri teoriko ahulak zituen eta eztabaida anitz pizten zituen. Ondorioz, ziurgabetasun-egoera horren aurrean, Descartesek ezagutza ziurra lortu nahi zuen, eta egia aurkitzeko bidea zehaztu.
Substantzien Teoria Kartesiarra
Metafisika kartesiarreko elementu nagusia substantzia da. Descartesek substantzia berez dena eta izateko beste ezeren beharrik ez duena bezala definitu zuen, eta hiru mota bereizi zituen: substantzia infinitua, substantzia pentsatzailea eta substantzia hedatua. Substantzia bakoitzak atributu bereizgarri bat du, eta horiek moduen bitartez adieraz daitezke.
Substantzia Infinitua: Jainkoa
Descartesen teorian, Jainkoa substantzia infinitua da, perfektua eta guztia sortu duena baita.
Substantzia Pentsatzailea: Arima
Substantzia pentsatzailea, berriz, jarduera mentala da. Substantzia pentsatzailea kontzientzia, nia edo arima dela ere esan daiteke. Izan ere, termino horiek guztiek errealitate berdinari egiten diote erreferentzia: gizakiak pentsatzeko, imajinatzeko, sentitzeko, zalantza egiteko edo nahi izateko duen ahalmenari.
Substantzia Hedatua: Materia
Hirugarren substantzia substantzia hedatua da, hau da, materia. Substantzia hori bereizten duen atributua hedadura da, materiak espazioan leku bat betetzen baitu. Substantzia hedatuak har ditzakeen moduak mundu materialeko objektuek izaten dituzten forma eta irudia dira. Descartesek uste zuen materiala den guztia naturaren legeen mende dagoela eta jokaera mekanikoa eta determinista duela. Descartesek determinismo mekanizista hori gorputz bizigabeei ez ezik, izaki bizidunei ere aplikatzen zien.
Dualismo Antropologikoa
Descartes dualismo antropologikoaren aldekoa zen, gizakian erabat desberdinak diren bi alderdi bereizten baitzituen:
- Gorputza: Gizakiaren alderdi materiala da, hau da, substantzia hedatua. Hortaz, fisikaren legeei jarraitzen die eta determinismoaren mende dago.
- Arima: Printzipio immateriala da eta, horregatik, ez dago mekanismo deterministaren mende. Izan ere, Descartesek uste zuen giza arima pertsonaren alderdi espirituala dela eta, horregatik, gorputza hiltzen denean, bizitzen jarrai dezakeela.