Populazio Piramideak: Motak eta Ezaugarriak

Geografia2,5 KB

Populazio piramideak biztanleriaren sexu eta adin egiturak erakusten dituzten grafikoak dira. Horrez gain, beraietan, beste zenbait gertakizun demografiko, politiko, sozial eta ekonomikoren berri ere aurki daiteke: gerra-aldiak, izurriteak, jaiotzaren aldeko estatu-politikak, migrazio-mugimendu handiak, garapen ekonomikoa, etab.

Erregimen demografikoaren arabera, populazio piramideek forma desberdinak izaten dituzte. Garrantzitsuenak pagoda (hedakorra), kanpaia (gelditua) eta urni-forma (regresiboa) dira.

Teknikoki, barra-grafikoak dira, bi ardatzen inguruan antolatuak. Ardatz bat goitik beherakoa da eta bertan biztanleak adinaren arabera, bost urteko mailatan sailkatzen dira, zerotik ehuneraino (0-4, 5-9, 10-14, etab.). Beste ardatza ezkerretik eskuinerakoa da eta, honetan, gizonezkoak eta emakumezkoak banandu egiten dira (emakumezkoak grafikoaren eskuinaldean kokatzen dira eta gizonezkoak ezkerrean), eta barra horizontalen bidez adin-maila bakoitzean dauden emakumezko eta gizonezko kopurua adierazten da.

Pagoda Formako Piramidea (Hedakorra)

  • Oinarri zabala du, jaiotza-tasak handiak direlako. Haur-hilkortasuna handia den arren, familia bakoitzeko ume kopurua handia da. Biztanleriaren gehiengoa 20 urtetik beherakoek osatzen dute.
  • Gailurra estua da, bizitza-itxaropena laburra delako. Ondorioz, adineko (>65) gutxi daude.
  • Berezko hazkundea handia da (>%2).
  • Garapen-maila: herrialde azpigaratutako piramide mota da.

Kanpai Formako Piramidea (Gelditua)

  • Oinarri nahiko zabala du, baina estutuz doa ume kopurua gutxitzen hasten delako familia-planifikazioa dela eta.
  • Helduen adin-mailak eta gailurra zabalagoak dira, bizitza-itxaropena luzatuz doalako.
  • Berezko hazkundea (%1-%2) da.
  • Garapen-maila: garatzeko bidean dauden herrialdeetako piramidea da.

Urni-formako Piramidea (Regresiboa)

  • Gero eta oinarri estuagoa dauka, jaiotza-tasak txikiak direlako. Ume eta gazte gutxi daude.
  • Biztanle helduen taldea da nagusi (20-65 urte), eta adin handikoak (>65) ugarituz doaz, bizitza-itxaropena asko luzatu delako (EAEn: 84 urte emakumeak, 78 gizonak). Zahar kopurua ume eta gazteen parean dago.
  • Berezko hazkundea txikia da (%0-%1), negatiboa ere izan daitekeelarik.
  • Garapen-maila: herrialde garatuetako piramidea da. Baita iraganean eredu sozialista izan duten herrialdeetakoa ere, hauetan familia-planifikazioa lehenago ezarri zutelako.

Deskargatu

PDF Word HTML