Platonen Antropologia Dualista

Filosofia eta etika2,31 KB

Bere filosofiaren gainerako alor guztiak bezala, Platonen antropologia dualista da, hau da, gizakia bi elementuz osaturik dago: gorputza eta arima.

Gorputza eta Arima: Dualismoa

Arimak izaera espirituala du, materiagabekoa, eta horrexegatik hilezkorra eta betierekoa da. Gorputza, aldiz, izaera zantarra du, materiala, hilkorra. Platonek gorputza plazerrekin zein bizioekin harremantzen du; gizakiaren irrika guztien jatorria gorputzean dago. Gorputza zentzumenen munduan erroturik dago.

Arimak, aldiz, izaera jainkozkoa du, eta bere leku naturala Ideien Mundua da. Arima gure aldarte arrazional eta adimentsuarekin loturik dago, gauzarik ederrenetara eta nobleenetara zuzentzen gaituen horrekin, Ongiaren eta Egiaren ezagutzara, alegia. Baina gorputzak arimaren jarduera oztopatzen du. Platonek pitagorikoen aldarria, "soma sema" (gorputza arimaren hilobia da), bere egiten du.

Arimaren Hiru Zatiak

Platonek arimak hiru aldarte, funtzio edo zati dituela zehazten du:

  • Zati Arrazionala

    Adimenarekin, hau da, gizakiaren goi mailako gaitasunekin lotzen du Platonek. Berezkoa duen bertutea jakinduria edo zuhurtasuna da. Platonek buruan irudikatzen du sinbolikoki.

  • Zati Oldarkorra

    Bere funtzioa borondatea, indarra, diziplina, autokontrola edo kemena bezalako sentimendu nobleak bideratzea da. Bere bertutea sendotasuna da, eta bere kokapen sinbolikoa bihotzean dago.

  • Zati Irritsezkoa

    Plazerrak bilatzea, mina saihestea... gure oinarrizko instintuen funtzionamenduarekin erlazionatuta dago. Dagokion bertutea neurritasuna da, eta sabelean dago sinbolikoki kokatuta.

Hegodun Gurdiaren Alegoria

Mitoen laguna zen Platonek hegodun gurdiaren alegoria erabiltzen du Fedro izeneko obran arimaren natura azaltzeko:

  • Zati irritsezkoa zaldi beltzaren parekoa litzateke, zantarra eta grinatsua.
  • Zati oldarkorra, noblea eta ederra dena.
  • Zati arrazionala gurdiaren gidaria litzateke.

Gidariaren egitekoa zuhurtasunez jokatuz bi zaldiak menderatzea eta euren indarra orekatzea da. Gurdiaren gidariak egiten duen bezala, gizakiak bere arimaren hiru zatien arteko oreka lortu behar du bertutetsua eta zoriontsua izan nahi badu.

Deskargatu

PDF Word HTML