Platon eta Aristoteles: Filosofiaren bi zutabeak
Platon
Platon historiako filosoforik nagusienen artean kokatzen da. K.a. IV. mendean jaio zen Atenasen, familia aristokratiko batean. Sokrates izan zuen maisu eta bere irakaspenak jarraituz, balore unibertsalen existentzia defendatu zuen. Atenasen bertan eskola famatu bat sortu zuen filosofia eta beste zientziak irakasteko. Eskola honen izena Akademia da. Presokratikoen kezkarik nagusiena physis ulertzea izan zen. Pentsamolde oso desberdinak izan arren, guztiek partekatzen zuten zentzumenetatik jasotzen dugun informazioa aldakorra dela. Zientziak kontzeptu iraunkorrak eta aldagaitzak erabiltzen ditu bere teoriak osatzeko. Ikusten dugun guztia aldakorra baldin bada, nondik etortzen dira gure barnean topatzen ditugun kontzeptu aldagaitz eta perfektuak? Logika jarraituz bere erantzuna honako hau izango da: mundu hau aldakorra baldin bada, kontzeptu perfektu eta aldagaitzen horien oinarria ezin da mundu honetan izan. Orduan beste mundu batean egon behar dira. Eta mundu hori aldagaitza eta perfektua izan behar da. Platonen metafisika dualista da. Bitan banatzen du mundua:
- Mundu sentikorra: Mundu fisikoa da. Zentzumenekin hautematen dugun errealitatea. Mundu honetan dagoen guztia aldakorra da, ez da perfektua, ustelkorra da.
- Ideien mundua: Mundu adigarria. Ez dugu zentzumenekin hautematen, baizik eta arrazoimenarekin. Mundu honetan dauden ideiak perfektuak eta aldagaitzak dira.
Baina zer dira Platonek aipatzen dituen idei horiek? Esan beharreko lehenengo gauza hauxe da: EZ DIRA PENTSAMENDUAK. Platonen teorian ideiak errealitatearen eredu perfektuak dira, aldagaitzak eta perfektuak. Zer esan nahi du eredu izatea? Existitzen diren gauza material eta inmaterial guztiak badituzte haien eredu perfektua. Erlazioa dago bi mundu horien artean eta nola burutzen da bien arteko harremana. Mundu sentikorrean dagoen guztia ez da benetazko errealitatea, beste errealitate baten kopia da. Hau da, mundu sentikorrean dagoen guztia mundu adigarriaren (ideien munduaren) kopia da. Bere eredu metafisikoa azaltzeko Platonek kontakizun bat erabiltzen du: haitzuloaren mitoa…
Gatibuek ikusten duten itzalak mundu fisikoa edo sentikorra irudikatzen du. Ez da benetazko errealitatea, kopia hutsa baizik. Beste aldetik, haitzulotik kanpo dagoena mundu adigarria irudikatzen du. Benetako errealitatea da, ideiak irudikatzen ditu. Eta horien artean idei garrantzitsuena dugu: Ongia. Platonek ongiaren ideia eguzkiarekin berdintzen du haitzuloaren mitoan. Eguzkiak mundu fisiko guztia argitzen duen bezala, Ongiaren ideiak mundu adigarri guztia zuzentzen du, ideien artean garrantzitsuena baita.
Aristoteles
Aristoteles K.a. IV. mendean jaio zen Estagiran (Mazedonian). Platon hil ostean Akademiako zuzendaritza lortu nahi zuen, baina atenastarra ez zenez ez zuen aukerarik izan. Hortaz, bere eskola sortu zuen: Lizeoa. Filipo II.ak, Mazedoniako erregea, Aristoteles hautatu zuen bere semearen (Alejandro Handia) hezkuntza kudeatzeko. Aristotelesek ez zuen partekatzen bere maisuak (Platon) zuen ikuskera dualista errealitatea ulertzeko. Platonen metafisika kritikatzeko teoria berri bat asmatu egin zuen: hilemorfismoa. Hilemorfismoak materia eta formaren arteko batuketa adierazten du. Aristotelesen ustez izaki guztiak materia eta formaren arteko batasun substantziala dira. Hau da, errealitatean beti elkarrekin agertzen dira bi horiek: forma eta materia. Adimena erabiliz, banandu ditzakegu, baina errealitatean ez. Alde batetik izaki guztiek badute substantzia eta akzidenteak. Substantzia gauza baten funtsezkoa dena da, substratu erreal eta iraunkorra. Hau da, gauza bat hori izateko behar duena. Beste aldetik, akzidenteak, funtsezkoak ez diren ezaugarriak dira. Aldaketaren arazoari erantzuna emateko bere maisuaren aztarnetatik ere aldentzen da Aristoteles. Bere ustez aldaketa ulertzeko ondo ulertu behar ditugu bi kontzeptu hauek:
- Potentzia: posibilitatea. Izatea izan daitekeena.
- Egintza: Izatearen egoera oraingoan. Izakia orain dena.
Aldaketaren barnean bi mota desberdintzen ditu beste aldetik Aristotelesek: aldaketa substantziala eta aldaketa akzidentala. Aldaketa substantziala gertatzen da izakiaren substanzia aldatzen denean. Beste aldetik, aldaketa akzidentala gertatzen da izakiaren funtsezkoak ez diren ezaugarriak aldatzen direnean.