Ortega, Wittgenstein eta Susmoaren Filosofoak

Filosofia eta etika14,76 KB

Ortega eta Gasseten Pentsamendua

Objektibismoa eta Glosak

Prentsa artikuluekin hasi eta Kixoteren gaineko gogoetak idatzi eta gero amaitu zuen. Alemaniako filosofoek eraginda, Espainiaren arazoari heldu eta doktrina objektibista landu zuen. Marburgoko irakasleen sintesia sortu zuen beregan. Neokantismoa filosofia-joera bat da, hala positibismoa eta materialismoa, nola filosofia erromantiko eta subjektibista hutsaren eraikuntzak gainditzeko saio gisa sortu zena. Positibismoaren eta materialismoaren ikuskeran, subjektuak ez du eskurik hartzen ezagutza eraikitzeko orduan, eta ezagutza prozesuan garrantzitsuena gauza bera da, hots, datu objektiboa.

Bi Arazo Nagusi: Zientzia eta Masak

Bi arazo nagusi identifikatu zituen:

  • Zientziaren garrantzia: Zientziari ez zaiola beharrezko garrantzirik eman salatu zuen. Literatura egiteko zaletasunak subjektibismoa sustatu eta garrantzirik gabeko eztabaida antzuak sortu ditu. Ortegaren ustez, zientzia da garrantzitsuena, ardatza objektibismoa baita. Objektibismoaren ustez, gizakiok gauzak pentsamenaren bitartez berreraiki behar ditugu. Horretarako, ezinbestekoa da distantzia pixka bat hartzea eta ikuskera egokian kokatzea. Zientzia garatzeko beharrezkoak dira: zehaztasuna eta metodoa, jarrera kritikoa eta arrazionaltasuna.
  • Masa eta elitearen arteko harremana: Elitea bikaina eta eredugarria da, eta herrialdearen gutxiengoak osatzen du. Masak gehiengoak osatzen du eta bikaintasunarekiko zaletasuna du. Ikasteko gogoa eduki behar da, eta benetako iraultza hezkuntzan datza. Elitea eta masa jakinduriari lotuta daude. Masen nagusitasuna, lehenengo eta behin, politikoa da. Garaiko mugimendu politikoak masa-mugimenduak dira, eta nagusitzean demokrazia liberala arriskuan jartzen dute. Baina menpekotasuna kulturala ere bada. Ortegak masen protagonismoari buruz duen iritzia negatiboa da; kaltegarria delakoan dago. Teorian, eliteak masa kontrolatu behar du, baina Espainian gertatzen dena zera da: masak, elitearen bikaintasuna onartu beharrean, mespretxatu egiten du, ezberdina gorrotatzen baitu.

Perspektibismoa eta Arraziobitalismoa Ortegaren Filosofian

Perspektibismoa: Nia eta Zirkunstantzia

Perspektibismoa bere bi etapetan garatu zuen Ortegak. Zirkunstantzia nire inguruan dauden gauzen multzoa da. Nirekin dauden gauzak dira. Norberaren zirkunstantzia beste gizaki eta gauzek osatzen dute, baina baita erakundeek eta elementu naturalen multzoek ere. Nia ez da nire gorputza, ez nire nortasuna... ni neure buruaren bizi-proiektua naiz. Errealitateari so egiten dion bakoitzak bere ikuspuntutik begiratzen dio. Norberaren ikuspuntua errealitatearen beharrezko osagaia da, eta ezin da esan ikuspuntu bat besteen gainetik dagoenik. Perspektibismoaren teoriak errealitatearen gaineko ikuspuntuen aniztasuna aldarrikatzen du. Egia absolutua, errealitatearen guztizko ikuspegia, horren inguruan jasotako irudien konbinazio antolatua da. Egia lortzen da ikuspuntuetatik jasotako irudiak bateratuz. Behatzaileek berezko balioa dute.

Ortega ez zen ez eszeptizismoan ez erlatibismoan erori; berak errealismoa eta idealismoa gainditu nahi zituen:

  • Jarrera errealista: filosofiak jatorritik erabili duen perspektiba. Errealismoak gauzari gizakiaren gainetik jartzeko gaitasuna, lehentasuna eta independentzia ematen dizkio.
  • Jarrera idealista: arrazoia, giza subjektua, da gizakiaren eta munduaren arteko harremanaren protagonista.

Antagonismo horren aurka, Ortegaren ustez, benetan erreala dena nia eta gauzak dira; nia etengabe gauzei lotuta dago, eta alderantziz. Niaren eta gauzen arteko elkartze, harreman eta jokabide hori da bizitza. Bizitza zirkunstantzia batean kokatzen da. Zirkunstantzia eta perspektiba kontzeptuek, egiaren ikuskeraz gain, Espainia antolatzeko Ortegaren asmoa adierazten dute.

Arraziobitalismoa: Bizitza eta Arrazoia

Arraziobitalismoa Ortegaren helduaroko etapako doktrina da, eta Gure garaiko gaia argitaratu ondoren adierazi zuen. Gizakiaren bi perspektiba nagusiak aztertzeko ahalegina da: bizitza eta arrazoia. Bitalismoaren eta arrazionalismoaren kritika egin zuen, gero bien sintesi bat egiteko. Bizitza emandako errealitatea da, eta arrazoia errealitate hori ulertzeko ahalegina. Arrazionalismoaren gehiegikeriak kritikatu zituen, bai eta bitalismoak ezagutzari buruz duen ikuskera murritza eta bultzatzen duen jarrera irrazionalista ere. Bizi-arrazoiaren bidez, filosofo bitalistek arrazoiari egiten zioten gutxiespena saihestu nahi zuen. Arrazoi hutsak bizi-arrazoiari utzi behar dio nagusitasuna.

Arraziobitalismoa bi ideia nagusitan oinarritzen da:

  1. Bizitza arrazoia baino lehenagokoa da.
  2. Bizitza gizakiaren errealitate erradikala da.

Bizitza eta Historia Ortegaren Ikuspegitik

1. Bizi-Arrazoiaren Historikotasuna

Bizi-arrazoia historikoa da. Bizitza zirkunstantziarekin aurrez aurre arrazoitzean datza. Bizitza denboran barnekoa eta historikoa denez, bizi-arrazoia ere historikoa da. Gizakia zergatik den horrelakoa aztertzeko, beraren historia hartu behar da kontuan: beraren historia kontatu behar da. Gizakiok bizi-programa baten egitasmoa prestatzen dugu zirkunstantziari begira, eta hori betetzen saiatzen gara. Gero, proiektu bat diseinatzen dugu uneko zirkunstantziaren arabera. Bizitzan, pertsonak aukerak ditu. Bizitza etengabe aukeratzea da: zer egingo dugun aukeratu behar dugu. Giza bizitza egitea da. Gizakia ezin da bizi, bizi-proiekturik gabe. Bizitza ez dago inoiz eginda. Gure esentzia bizitzea da.

2. Prozesu Historikoa eta Belaunaldiak

Bizitza gizakiak historian zehar landu dituen ideia eta sinesmenen ondarea da; bakoitzak ez du giza bizitza lehen aldiz erabiltzen, jaso duen historiaren oinordekoa da. Gizabanakoaren bizitza aurrekoengandik jaso duena da, baita bere buruarekin egiten duena ere. Belaunaldia da historia banatzeko eta gizaki bakoitzaren sinesmen, ideia eta ohiturei eragiteko modua. Garaikideek historiaren aro bera partekatzen dute, baina adin berekoak soilik dira belaunaldi berekoak: Belaunaldi bat 15 urteko tartea da, eta tarte horretan bizitzeko modu berezia izan ohi da. Belaunaldi horretako gizakien kidetasuna ez datorkie berengandik, baizik eta molde berezi eta bakarra duen mundu batean bizi behar izatetik. Metatze-aroa sortzen da. Gizakia bere historia da.

3. Bizi-arrazoi historikoak erabilitako kontzeptuen zehazpena

Izakien izana deuseztatu ez duten kontzeptuen bidez pentsatu behar da. Ohiko kontzeptu abstraktuak xedapen konkretuez betetzean, orduantxe lortzen da ezagutza konkretu eta benetakoa. Horrelako edukiez bete behar da nozio abstraktua, bizi-arrazoiak eskaintzen duen modukoa izateko.

4. Bizi-arrazoia eta egiaren kontzeptua

Egiaren arazoa drama bat da. Ortega eszeptizismoaren eta dogmatismoaren kontra zegoen. Eta egia perspektiba gisa ulertzen zuen. Egiaren nozioaren barruan bereizketa bat egiten du:

  • Egia, benetakotasuna dakarrenez: egia mota honek moraltasunarekin du zerikusia.
  • Ideien, sinesmenen egia: egia gizakiaren ikuspegiaren mende dago, eta baten ikuspuntuan egia denak ez du zertan bestearen ikuskeran hala izan.

Filosofia-sistema egiazkotzat hartzen da. Ideiek errealaz aparteko mundu bat eratzen dute. Ideia egia da errealitateari buruz daukagun ideiarekin bat datorrenean. Guretzat errealitatea sinesmena den heinean da. Errealitatea gizakiak, eskura dituen materialez horniturik, burutzen duen eraikuntza da. Filosofiaren zeregina ez zaio sortzetikoa gizakiari; gertakari historikoa da.

Wittgensteinen Filosofiaren Funtzioa: Bi Etapa

Ludwig Wittgensteinen bi pentsamolde bereizten dira:

Lehen Etapa: Tractatus Logico-Philosophicus

Tractatus Logico-Philosophicus obran, Russellek atomismo logikoari buruz egindako teoria onartu eta osatu zuen. Hizkuntzak proposizioak ditu. Proposizioak munduari buruzko esaldiak dira. Wittgensteinek hizkuntza gaizki erabiltzeagatik sortutako arazo filosofikoak konpontzen saiatu zen, analisi logikoaren eta proposizioen forma logikoaren bidez. Tractatusen logika, hizkuntza eta horiek munduarekin duten harremana ikertu zituen.

Teoria Piktorikoa eta Proposizio Motak

Muina teoria piktorikoa edo figuratiboa da. Teoria horren arabera, hizkuntzak mundua osatzen duten gertakariak margotzen (irudikatzen) dituzten proposizioak ditu. Proposizioak pentsamenduaren adierazpenak dira. Munduak, hizkuntzak eta pentsamenduak egitura edo forma logiko bat dute komunean. Positibisten ustez, metafisikaren proposizioek ez dute zentzurik. Etika, estetika eta metafisikaren proposizioak gure hizkuntzaren logika gaizki ulertzetik sortzen dira, eta hizkuntzaren eta munduaren mugetatik harago joaten saiatzen direnez, ez dute esanahirik. Wittgenstein ez zegoen metafisikaren aurka: metafisika, etika eta erlijioa beste eremu batekoak dira. Wittgensteinen ustez, hori da bizitzako garrantzitsuena, eta esanezina erakustea da Tractatusen benetako zentzua.

Proposizio motak:

  • Zentzuz betetakoak: figuratiboak dira, munduari buruzko egoera gertagarriak deskribatzen dituztenak. Fisikaren proposizio enpirikoak dira.
  • Zentzuz hustutakoak: ez-figuratiboak dira, ez dute ezer esaten munduari buruz eta ez dute zentzurik. Logikaren proposizio tautologikoak edo kontraesankorrak dira.
  • Zentzurik gabekoak: ez dituzte gertakariak aipatzen. Esanezina adierazi nahi dute; hizkuntzaren eta munduaren mugetatik harago dauden errealitateak adierazi nahi dituzte.

Filosofiaren Funtzioa Tractatusen Arabera

Filosofiaren funtzioa: Proposizioak argitzea, horien forma logikoa agerian uzteko. Filosofiak hizkuntzaren mugak argitzen ditu. Tractatusen zeregina filosofiaren arazoak konpontzea da, horretarako esan daitekeenaren eta esan ezin denaren arteko bereizketa eginez.

Bigarren Etapa: Ikerketa Filosofikoak

Bigarren etapa Ikerketa Filosofikoak lanean ikusten da. Analisi logikoa baztertu eta hizkuntzak pentsamenduarekin eta adimenarekin duen harremanean sakondu zuen.

Hizkuntza Jokoak eta Esanahia

Hizkuntza-jokoak zer bizimodutan gertatzen diren eta horien testuinguruei buruz egindako azterketa sakonek Cambridgeko eta Oxfordeko hizkuntza arruntaren filosofian eragin handia izan zuten. Hitzak ezin dira giza ekintzaren testuingurutik kanpo ulertu, hizkuntza-jokoetatik kanpo alegia. Hizkuntza ezin konta ahala erabileratarako aukera ematen duen tresna da.

Filosofiaren Helburua Bigarren Etapan

Filosofiaren funtzioa: garrantzitsua da proposizioak ulertzea, hau da, betetzen duten funtzioa ulertzea. Ikerketa Filosofikoak lanean, Wittgensteinen zeregina aurrekoaren antzekoa da. Filosofiaren helburua: erakustea esamolde batek noiz ez duen zentzurik hizkuntza-joko jakin batean, eta adieraztea zer erabilerak desagerrarazten duten arazo filosofikoa eta argitzen duten esamoldearen sakoneko gramatika. Filosofia hizkuntza argitzen duen jarduera da.

XX. Mendeko Filosofia Joera Nagusiak

Filosofiak pentsatzeko forma berriak bilatu ditu:

  • Atomismo logikoa: Russellek hizkuntzaren analisi logikoa egin zuen. Hizkuntzak proposizio sinpleak eta konplexuak ditu. Proposizio molekularrak sinpleetatik abiatuta sortzen dira, konektore logikoen bidez.
  • Positibismo logikoa: Vienako Zirkuluaren inguruan eratutako eskola da, enpirismoaren eta hizkuntzaren analisi logikoaren tradizioak elkartu zituena. Schlicken inguruan sortu zen. Oinarriak:
    • Metafisikaren ezeztapena: hipotesi metafisikoek ez dute ezertarako balio eta arazoak baliogabeak dira.
    • Fisikalismoa: zientziako baieztapenak fisikaren baieztapenetara murrizten dira, zientzien batasuna bilatuz.
  • Marxismo humanista eta zientifikoa: marxismoaren interpretazio desberdinak. Interpretazio horiek egitean hainbat gertaerak eragin zuten: iraultzaren porrotak, gizabanako iraultzailearen desagerpenak...
  • Existentzialismoa: Heidegger da ordezkari nagusietako bat; abiapuntua giza existentzia da. Giza errealitatea ezin da definitu, eta hautatu beharreko aukera multzo baten aurrean egotea da. Existentzia zehaztugabea da eta horrek berak jardutera behartzen du.
  • Hermeneutika: literatura-, lege- eta teologia-testuak interpretatzeko teknika hutsa zen hasieran. Bere sendotzea Gadamerrekin heldu zen.
  • Frankfurteko Eskola: 1923an Alemanian sortu zen. Kide nagusiak: Fromm, Marcuse, Benjamin.
  • Fenomenologia: Husserlek giza zientzietarako metodo egokia bilatu zuen. Teoriek edo esperientziek gainjarritakoa kenduz, objektuen eidosa (esentzia) deskribatu nahi du.
  • Hizkuntza arruntaren filosofia: Wittgensteinen arabera, hizkuntzaren proposizioek esanahia dute, erabileraren araberakoa.

Susmoaren Filosofoak

Marx: Materialismo Historikoa

Marxen teoriari Materialismo Historikoa deritzo. Historiaren teoria marxista honek dio ekonomia dela gizartearen historiaren funtsezko eragilea. Gizarteko klase-borroka eta produkzio-bideen garapena eta kontrola dira historiaren indar eragile horretan elementu erabakigarriak. Mundua hainbat eratara interpretatzera mugatu dira filosofoak; hura eraldatzea da egin beharrekoa. Karl Marx, Feuerbachi buruzko tesiak (1845).

Freud: Zibilizazioa eta Inkontzientea

Freudek, 1929an idatzitako Zibilizazioa eta haren nahigabetuak lanean, Mendebaldeko zibilizazioaren egonezinaren arrazoia moral eta kultura burgesak zentsuratutako libidoan dagoela dio. Inkontzientea ikertu zuen, non Eros (libidoa) eta Thanatos (agresibitatea), errepresioaz josiak, gure kulturak inposatutako balio idealekin borrokan dauden.

Nietzsche: Balioen Transmutazioa eta Nihilismoa

Nietzschek zientzia, erlijioa eta filosofiaren alorrean izan diren ereduak (egia, ongia, etab.) gizakiaren okerreko jarraibideak diren susmoa edo ustea argudiatu zuen. Nietzschek erabat kritikatu zuen mendeetan zehar hedatuz joan zen Mendebaldeko kulturgintza osoa, gizakia eta honen bizibidea pozoitu eta lardaskatu zituelakoan. Filosofoek, mundu fisikoarekin gustura ez daudenez, haraindiko mundu baten irudia asmatzen dute beren nahiak gauzatzeko. Nietzschek historia osoaren aurkako erasoan etorkizuneko gizarte-egoera aurreikusten saiatu zen, hurrengo bi gizaldiak nihilismoaren egonlekuak izango zirela esanez. Nietzscheren ekarpenak benetan gogoan hartzekoak dira, Europako kulturaren egoera ustela salatzen dutelako, ikuspegi psikologikoa azkeneraino nola eraman irakasten dutelako, eta bizitzaren filosofia bat sortzen dutelako.

Deskargatu

PDF Word HTML