Nietzscheren Filosofia: Bizitza, Dekadentzia, Erlijioa, Nihilismoa eta Supergizakia
Bizitza
Nietzscherentzat, bizitza da errealitaterik funtsezkoena. Izatea bizi izatea da. Bizitzaren zerizana botere edo aginte nahia da. Bizitza Macht (indarra, boterea) da, beraz, dinamismoa, aldakuntza, eragozpenen aurkako borroka. Bizitzan ez dago ezer absolutorik, baina bizitza da gauza guztiak baloratzeko erreferentzia; ona da bizitzari laguntzen diona. Nietzscheren bizitza kontzeptua etengabeko jario bat da, non kontrakoen arteko borroka nagusitzen baita, Heraklito edo Darwinen antzera. Bizitzaren zenbait aspektu garrantzitsu guztiz irrazionalak dira, eta, ondorioz, bizitza ezin da ulertu kontzeptu arrazionalen bidez.
Dekadentzia
Bizitzari oztopatzen dion oro dekadentea da. Ahulezia edo gaixotasunaren sintoma da. Dekadentziak ez du suntsitzeko beste indarrik, ez eta sortzeko ahalmenik ere; bizitza beherantz darama. Batez ere, moral kristaua eta gizaki dekadentea kritikatzen ditu Nietzscherk. Moral kristaua dekadentea da norbere buruaren ukapenaren balioak sortarazten dituelako (desinteresa, altruismoa, sakrifizioa) eta sen bital nagusiak (gorputza, norbere buruarekiko maitasuna, sexualitatea) akabatu nahi dituelako. Gizaki zintzoa dekadentea da, gaixoa, ahula eta inpotentea delako bizitzaren erronkan.
Erlijioa
Erlijio oro beldurretik sortzen da, gizakiak heriotzari dion beldurretik, hain zuzen. Erlijioak hilezkortasunaren promesa eginez lasaitu egiten du gizakiaren egoneza. Nietzscheren kritika erlijio kristauari zuzentzen zaio. Kristautasunak filosofia platonikoaren gezur berberak defendatzen ditu: beste mundu bat (zerutiarra) dagoen mundu bakarra gutxiesteko, arimaren hilezkortasuna. Gainera, erlijio kristauak esklaboen balioak aldarrikatzen ditu eta balio horien bidez bizitzaren kontrako erasoa burutzen du.
Nihilismoa
Nihilismoa balio eza da, balio moralik ez dagoen garaia. Gaua da. Gizakiak igaro behar duen garaia da. Jainkoaren heriotzaren ondorio zuzena da. Indarrean zeuden balioak baliogabetu egiten dira (eguzkia ezkutatzen da) eta gizabanakoa baliorik gabeko egoeran bizi da. Dena dago onartuta. Itxaropen guztiak galdu egiten dira. Gizakia noraezean dabil, nora joan jakin gabe, erreferentzia puntu guztiak galduta. Trantsizio bat da balio berriak agertu arte. Zaratustraren arabera, nihilismoaren sinboloa lehoia da.
Supergizakia
Supergizakia Jainkoaren heriotzaren ondorio zuzena da. Supergizakiaren etorrera posiblea da baldin eta soilik Jainkoa hiltzen bada. Gizaki mota berri bat da: botere edo aginte nahia ezagutzen duen izaki naturala eta jaunen balioen sortzailea. Historikoki, supergizakia artaldetik bereizten den salbuespen gizakia da. Supergizakia agertu ahal izateko, gizakiak hiru eraldaketa jaso behar ditu, Zaratustrak aldarrikatzen duen eran: gamelua (zuk egin behar duzu), lehoia (balio eza), umea (nik nahi dut).