Municheko Kontubernioa: Espainiaren Egoera Antidemokratikoa

Historia4,71 KB

TESTU IRUZKINA: Sarrera

Testu honen izenburua “Europako mugimenduaren kongresuak 118 ordezkari espainiarren proposamenez Munichen hartutako erabakia da, 1962ko ekainaren 7an bildu eta hurrengo egunean, ekainaren 8an, Munichen argitaratutako testua, hain zuzen ere. Lehen mailako testu historiko ideologiko-politikoa da, zehatzago esanda manifestuaren zati bat. Testuaren egileak 118 ordezkari dira, oposizioko ideologia dutenak, komunisten ordezkaririk ez dagoen arren. Testu publikoa dela esan dezakegu, hartzaile kolektibo bati idatzitako testua baita. Testua, 60ko hamarkadan kokatzen da, desarrollismoa martxan dagoen garaian. Testuaren helburua Espainiaren egoera antidemokratikoa salatzea eta horren eboluziorako esperantza ematea da.

Ideia nagusiak

Testuko ideia nagusiei dagokionez, sistema demokratiko batek bete beharreko baldintzen biltze eta adierazpena azpimarratuko nituzke. Espainiak Europar Batasunean sartzeko betebehar edo baldintzak hauek dira:

  • Ordezkaritza herritarren onespenean izatea
  • Adierazpen askatasuna, zentsura ezeztatzea
  • Erkidego naturalen izaera berezia aitortzea
  • Langileen eskubideak bermatzea
  • Oposizioa antolatzeko aukera

Baldintza hauek betez gero, Espainia Europako komunitate ekonomikoan sartuko da, eta oposizioak horretarako itxaropena du.

Kontestu historikoa

Testua ondo ulertu ahal izateko, beharrezkoa da testua dagokion testuinguru historikoan kokatzea. Frankismoan kokatzen da testua, 60ko hamarkadan, ekonomia hobetzen hasi eta sistemaren aldaketak izan zirenean.

Frankismoaren lehen urteetan egoera benetan gogorra zen. Espainia erabat kontrolatuta zegoen arlo guztietan, errepresioa izugarria zen. Bigarren Mundu Gerran erregimen faxistek porrota jaso zuten, eta ondorioz, nahiz eta Espainia gerran sartu ez, isolatuta geratu zen. Ekonomia aldetik, autarkia eta interbentzionismoa ezarri ziren, baina krisi egoeran jarraitu zuen. 50.hamarkadan AEBren laguntzarekin ekonomia hobetu zen, apur bat, baina berme arazoak ez ziren konpondu, desoreka handia zegoen: gehiegi erosten zen, eta gutxiegi saldu.

60.hamarkadan frankismoa finkatu egin zen. Politikan aldaketa txiki batzuk izan ziren, estatu moderno eta demokratiko itxurak egiteko. Politika ekonomiko berria ezarri zen, eta horren ardura teknokratei eman zien Francok. Hauek ekonomian aurreratuak ziren, baina politikoki kontserbadoreak. Garapen ekonomikorako gestioa egin zuten, eta “egonkortze plana” jarri zuten martxan: murrizketa handiak, liberalizazioa eta atzerritarrei inbertsioak egiteko aukera. Atzerapausoa izan zen, baina inflazioa kontrolatu eta balantza komertziala eta produktibitatea hobetu ziren. Egoera asko hobetu zen eta handik aurrera garapen ekonomiko garaia izan zen, desarrollismoa. Espainia, nekazaria zena, munduko 10.potentzia industriala bihurtu zen. Garapen planak martxan jarri ziren eta Espainia munduko ekonomian sartu zen, hazkunde handiena lortuz.

Egoera hobetzean sistemaren aurkako oposizioa ere indartu egin zen. Oposizio politiko moderatua agertu zen, besteen artean. Hauek Europar Batasunean sartzeko Espainiaren eskaeraren aurrean, Munichen bildu ziren, CEEren kongresura gonbidatuta, eta aztertzen ari garen testu hau idatzi zuten.

Ideien iruzkina

Ideien iruzkinari ekiteko, aipatu beharrekoa da Munichen bildu ziren oposizioko 118 kide hauek moderatuak zirela. Hauetatik 90 Espainian zeuden eta beste 28, erbesteratuak. Europar batasuneko kongresura gonbidatuak izan ziren eta bertan Espainiaren izaera antidemokratikoa salatu zuten. Testu hau kongresu horretan idatzi zuten, bertan hitz egindakoa kaleratzeko. Testuak dio, edozein herrialdek, Europan sartu nahi badu, erakunde demokratikoak izan beharko dituela. Beraz, Espainiak hainbat baldintza bete beharko ditu bertan sartu nahi badu: subiranotasun nazionala eta hauteskundeak izatea, eskubide eta askatasunak bermatzea, erkidego autonomoak onartzea, langileen eskubideak bermatzea, eta alderdi politikoak antolatzeko aukera izatea (oposizioa). Honez gain, kongresuak eta oposizioko kideek oinarri horiek beteko diren itxaropena dutela adierazten da testuan.

Ondorioak

Testu honen ondorioak aipatzerakoan, testuak Espainiako frankismoaren izaera antidemokratikoa salatzen duenez, garrantzi handikoa dela esan behar da. Francok hau izugarrizko traizioa kontsideratu zuen, eta han bildutakoak Espainiara bueltatzean gogor zigortuak izan ziren. “Contubernio de Munich” izena ere eman zion. Ekintza hauekin, ordea, Francok kongresuari oihartzuna ematea soilik lortu zuen, bestela ez baitzuen halako garrantzia izango. Oposizioa antolatzen hasi zen. Espainia ez zen Europako komunitatean sartu eta ez du demokrazia lortuko bertako diktadore izan zena, Francisco Franco, hil arte.

Deskargatu

PDF Word HTML