Motibazioa, Emozioak eta Agresibitatea

Psikologia eta soziologia5,66 KB

Motibazioa, Emozioak eta Agresibitatea Psikologian

Psikologian funtsezkoak diren hainbat kontzeptu aztertuko ditugu atal honetan: beharrak, motibazioa, bulkadak, emozioak, adimen emozionala eta giza agresibitatea.

Beharra

Urritasun fisikoa edo psikologikoa adierazten du. Autore batzuentzat, motibazioa eta beharra sinonimoak dira.

Motibazioa

Behar batek eragiten duen eta behar hori asetzera bultzatzen gaituen indarra edo zirikatzea da. Gure barnetik ekintza burutzera bultzatzen gaituen faktore eta ideia da. Motibazio guztiek bi osagai dituzte: irrika edo oinarrizko energia eta lortu nahi den helburua. Motiboak, beraz, beharretan oinarritzen dira eta, horregatik, askotan, nahastu egiten dira, batari eta besteari esanahi bera emanez.

Bulkada

Oinarrizko behar fisiologiko batzuei dagokie, esate baterako, goseari. Instintuak jaiotzatiko bulkadak dira.

Emozioak

Pentsamenduekin, sentsazioekin, erreakzio fisiologikoekin eta kondukta espresibo espezifikoekin karakterizatzen diren barne-estaduak dira. Bat-batean sortzen dira eta kontrolatzeko zailak izaten dira.

Adimen Emozionala

Norbere eta besteen emozioez jabetzea da, horiek identifikatzea eta ulertzea, eta erregulatzea ere. Gure bizitza eta lana helmuga pertsonaletan oinarritzea da, nork bere burua motibatzea eta besteekin harreman emankorrak izatean datza.

Giza Agresibitatea

Kezkatzen gaituen gizakion jokaera bat da. Alde batetik, agresibitate “ona” deitzen dena daukagu, hau da, bizitzako zailtasunei aurre egiten laguntzen diguna. Beste alde batetik, “txarra” deitzen den beste agresibitate bat daukagu, mina egitea eta, zenbait kasutan, hiltzea dakarrena, alegia. Agresibitate txar hau da, bereziki, giza agresibitatea.

Motibazioa: Sailkapena eta Teoriak

Motibazioaren Sailkapena

Motibazioak sailkatzeko, hasiera batean, fisiologikoak eta sozialak bereizten dira:

  • Fisiologikoak organismoaren behar fisiologikoetan sortzen dira, gorputzaren autorregulazio prozesuetan. Jaiotzatik ditugu, adibidez, egarria.
  • Sozialak gizarteratze prozesuan norbereganatzen dira eta ezberdinak dira pertsonen, ezaugarrien eta kulturaren arabera.

Motibazioaren Teoriak

Psikologoek motibazioaren jatorriari ikuspuntu ezberdinetatik eman diote erantzuna:

  • Konduktistentzat, organismoa motibatzen duten estimulu bakarrak jokaera zehatzak eragiten dituztenak dira. Motibazioa estimuluaren eta erantzunaren arteko loturak azal ditzake.
  • Psikoanalistentzat, bulkada inkontzienteak dira giza jokabidea motibatzen dutenak.
  • Homeostasikoentzat, organismoa hutsuneren bat edo beharren bat asetzeko motibatzen da.
  • Teoria Kognitiboek ezagutzaren balioa nabarmentzen dute osagai motibatzaile moduan. Gure helburuek gure jokaerak motibatzen dituzte.
  • Humanistentzat, motibazioa autorrealizazioa lortzean datza.

Esan genezake motibazio guztiek molde soziala dutela. Gizartearen eta ikasitakoaren eraginez, motibazio fisiologikoak ere aldatu egiten dira.

Agresibitatea: Teoriak eta Garapena

Agresibitatearen Teoriak

Agresibitatearekiko hainbat teoria daude:

  • Teoria Psikoanalista: Psikoanalistentzat, denok daukagu sen oldarkorra.
    • Freud-entzat, organismoen joera nagusia plazera bilatzea, tentsioak lasaitzea, estimulu guztietatik askatzea da, eta askatasun hori, azkenean, heriotza da. Besteenganako agresibitatea gure tentsioak lasaitzeko bidea da, eta tentsio horiek lasaitzea lortuko ez bagenu, gure buruari eraso egingo genioke eta suizidatzera bultzatuko gintuzkete.
    • Bulkada Pilatzearen Teoriak dio agresibitatea barne-indarra dela. Konrad Lorenz-entzat, eraso egiteko gogoa instintuaren nerbio-zentroetan jaiotzen da eta instintuzko jokaera burutu arte ez da desagertzen. Organismoak jokabide oldarkorra agerrarazten ez badu, energia agresibitatea kontrolatzen duen zentroan pilatuko da eta, neurri batetik aurrera, atera beharko da edozein ekintzaren bidez.
  • Frustrazio-Agresibitatearen Teoriak dio agresibitatea frustrazioaren ondorioa dela. Espero ez diren frustrazioak dira agresibitatea eragiten dutenak.
  • Ikastearen Teoria Konduktistak ez du onartzen gizakiaren instintu oldarkorra berezkoa denik, ikastearen prozesuaren ondorioa baizik. Bortxakeriarik gabeko inguruan hazten den gizakiak, ez duenez borrokan egiten, ez du inoiz min fisiologikorik edo psikologikorik hartuko. Estimulatuz gero, erasoa eragin dezakeen barne-mekanismo fisiologiko bat dago, baina kontrolpean eduki daiteke. Ikastea, oinarrian, bi prozesuren bidez burutzen da: indartze zuzena eta moldaketa soziala.

Agresibitatearen Garapena

Pertsonak, bere garapen prozesuan, agresibitateari aurre egin behar dio eta gizarteak eta zentzuak agintzen duten mugen barnean mantendu. Prozesu hau erasoa gizarteratzeko prozesua da eta guztientzat probetxuzko indarra izan daiteke.

  • Jaioberriak agresibitatea adierazteko era bereziak ditu.
  • Umetan, askatasunerako bideak anbibalentzia egoeran jartzen du gizakia eta egoera hori ondo bideratu behar du.
  • Gaztaroan, umetan lortutako oreka apurtzen da.
  • Heldutasunean, berriz, oreka lortzeko bideratu behar diren anbibalentzia sentimenduak agertzen dira.

Pertsona batzuek zailtasunak dituzte euren agresibitatea probetxuz eta era positiboan integratzeko eta, ondorioz, norabide patologikoak har ditzake.

Deskargatu

PDF Word HTML