Metafisika Aro Historikoetan zehar: Erdi Aroa, Modernoa eta Garaikidea
Metafisika Erdi Aroan
Erdi Aroa garai historiko gisa kokatzeko, Erromako Inperioaren bi gertakari garrantzitsu hartzen ditugu kontuan: Erromako Mendebaldeko Inperioaren desagerpena barbaroen inbasioen ondorioz IV. mendean K.o. eta Erromako Ekialdeko Inperioaren desagerpena K.o. XV. mendean. Mila urte inguru iraun zuen aro historiko honek. Erdi Aroan erlijioa izango da kulturaren erdigunea, eta erlijioak filosofia erabiliko du bere mesedetan. Horien artean, garrantzitsuena izango da kristau doktrina argitzea eta arrazoimenaren bidez ulertzea.
Filosofo kristauen artean bi aipatuko ditugu: San Agustin eta Tomas Akinokoa. Agustin Hiponakoa K.o. IV. mendean jaio zen eta kristautasunaren dogma finkatu zuen, hainbat heresien aurka. Gogoratu behar dugu kristautasuna ulertzeko modu oso desberdinak egon zirela K.o.-ko lehenengo mendeetan. Tomas Akinokoa K.o. XIII. mendean bizi izan zen eta hausnarketa sakona egin zuen Jainkoaren existentzia arrazoimenaren bidez frogatzeko.
Kristautasunak modu berri bat asmatu zuen errealitatearen sorkuntza azaltzeko: kreazioa ex nihilo. Jainkoak dena sortzen du ezerezetik, bere borondatea delako. Horrek esan nahi du Jainkoa baino lehen ez zegoela ezer, eta Jainkoak dena sortzen duela. Bestalde, ondorio nabaria du teoria honek: beharrezkoa den bakarra Jainkoa da. Gainerako izaki guztiak kontingenteak dira, ez dute iraupenik eta ez dira, azken finean, beharrezkoak.
Kristautasunak fedearen eta arrazoimenaren uztarketa proposatu zuen. Egia bakarra da, Jainkoa, eta egia ulertzeko gizakiok ditugun bi modu horiek, fedeak eta arrazoimenak, bat egin beharko lukete. Hortaz, erlijioak arrazoimena ere erabili behar du erlijioa bera argitzeko eta ulertzeko. Hona hemen hain famatuak izan ziren Jainkoaren existentzia frogatzeko argudioen oinarria. Ikusiko ditugu orain horien artean garrantzitsuenak:
- Kausaren argudioa: Gauza guztiak kausa bat dute. Arrazoimena erabiltzen badugu, kausa batetik bestera joan gaitezke gorantz, lehenengo kausa topatu arte. Baina ezin dugu prozesu hau infinituraino burutu. Egon behar da lehenengo kausa bat, beste gauza guztien kausa dena. Kausa hau, guztien kausa izateko, ezin du aldi berean kausarik izan. Hortaz, Jainkoa lehenengo kausa kausarik gabekoa da.
- Higiduraren jatorria: Gauza guztiak mugitzeko mugimenduaren eragilea behar dute. Arrazoimena erabiltzen badugu, mugimendu baten eragiletik bestera joan gaitezke gorantz, mugimenduaren lehenengo eragilea topatu arte. Baina ezin dugu prozesu hau infinituraino burutu. Egon behar da mugimenduaren lehenengo eragile bat, beste gauza guztien mugimenduaren eragilea dena. Motor hau, gauza guztien mugimenduaren eragilea izateko, ezin da aldi berean mugitu. Hortaz, Jainkoa mugitzen ez den lehenengo motorra da.
- Ideia eredugarriak: Zentzumenekin hautematen dugun guztia aldakorra eta inperfektua da. Hala ere, perfektuak diren ideia batzuk ditugu. Nola da posible hau? Jainkoak jarri ditugulako gure barnean. Hortaz, Jainkoa existitzen da.
Metafisika Mundu Modernoan
XVI. eta XVII. mendeetan bi korronte filosofiko nagusi garatu ziren: arrazionalismoa eta enpirismoa. Arrazionalismoak jaiotzetiko ideiak hobesten ditu ezagutzaren prozesua azaltzeko, eta enpirismoak, aldiz, zentzumenetatik jasotzen ditugun datuak. Lehenengo korrontearen ordezkaririk nagusiena Descartes izan zen, eta bigarrenarena Hume.
Descartesen helburua zientzia berriaren oinarri teorikoa topatzea izan zen. Gogoratu behar dugu bere garaian Zientzia Iraultza garatu zela, eta horrekin aspalditik partekatutako funtsezko ideiak mundua eta unibertsoa ulertzeko bertan behera geratu zirela pixkanaka-pixkanaka. Hau da, Mendebaldeko kulturaren oinarriak hondatu ziren.
Descartesek eszeptizismo metodikoa jarraitzen du. Hau da, dena jartzen du zalantzan, zalantzagabekoa den egia topatu arte. Baina zalantzan nagoen bitartean, badago gauza bakar bat zalantzagabekoa dena: zalantzak planteatzen duen pentsamendua dagoela.
Descartesek errealitatea antolatzen du hiru substantzia erabiliz:
- Res cogitans: Pentsamendua edo nia irudikatzen du.
- Res extensa: Hedapena duten gauzak. Mundu fisikoa.
- Res infinita: Jainkoa.
Metafisika Aro Garaikidean
Kantek metafisikari egindako kritikak zeharo mugatu zituen metafisikaren posibilitateak, eta hortik aurrera kritika berriak egon ziren, metafisikaren garrantzia pixkanaka-pixkanaka murriztuz. Ikusiko ditugu orain zeintzuk izan ziren kritika garrantzitsuenak:
- Positibismoa: Auguste Comptek garatutako pentsamoldearen arabera, bakarrik kontuan hartu behar ditugu neur daitezkeen datuak, zentzumenekin froga daitezkeenak. Hortaz, metafisika baztertu beharra dago, berak ez baitu datu sentsiblerik erabiltzen.
- Bitalismoa: Nietzschek garatutako filosofian, gure jarrera eta bizitza zuzentzen dituzten ideal guztiak baztertu behar ditugu, horiek mugatzen eta kaltetzen gaituztelako. Metafisikaren ideiak beti, modu batean edo bestean, ideal bihurtzen dira. Pentsatu, adibidez, Jainkoan edo Arrazoimenean eta horien mesedetan egin diren basakeriak.
- Vienako Zirkulua: Wittgenstein eta Vienako Zirkuluko beste filosofoek hizkuntzaren filosofian aritu ziren batez ere. Logika erabiliz, metafisikaren proposizioak aztertu zituzten. Metafisikaren baieztapenek ez dute zentzurik, ez baitute erreferentzia egiten ezeri.