Mendizabalen Desamortizazio Dekretua (1836): Azterketa Historikoa
Mendizabalen Desamortizazio Dekretua (1836-02-21)
Sailkapena
Testu hau lehen mailako testu juridikoa da, desamortizazio baten berri ematen duen dekretu bat, hain zuzen. Testu honen egilea Mendizabal da, Maria Kristinaren erregeordetzan eta Lehen Karlistaldian ministro progresista izan zena. Testu hau 1836ko otsailaren 21ean idatzi zuen Mendizabalek, baina testu publikoa da, Gaceta de Madrid egunkarian argitaratu zelako. Hartzailea Maria Kristina da, garai hartako erreginaordea, bere alaba Isabel II.a oraindik gobernatzeko oso txikia zelako. Mendizabalek testu honekin bere desamortizazioaren berri eman nahi zion erreginari.
Analisia
Testua bi parrafotan dago banatuta, eta Mendizabalen desamortizazioaren helburu nagusiak aipatzen dira. Testu honetan zor nazionala aipatzen da, eta hau Estatuak zeukan zorrari egiten dio erreferentzia. Estatuak dirua behar zuen Lehen Karlistaldiaren ondorioz, eta horregatik desamortizazioa egin zen.
"Hildako aberastasuna berpiztea"
Landu gabeko lurrak (amortizatuak) landu behar zirela esan nahi du. Desamortizazioari esker, lur horiek landu egingo ziren, eta horrela, nekazaritzaren produktibitatea handituko zen.
"Industriako eta zirkulazioko kanaletako oztopoak kentzea"
Adierazpenarekin barne-aduanak kentzea esan nahi zen, produktuen merkaturatzea errazagoa izan zedin.
"Jabe familia oparoa sortzeko"
Adierazpenarekin, goi burgesiak nekazarien klase ertain bat sortzeko asmoa zuela esan nahi zen, etekinak ateratzeko helburuarekin.
Iruzkina
1836ko dekretu hau Maria Kristinaren erregeordetzaren garaian gertatu zen. Isabel II.a tronuaren oinordekoa zen, bere aitak (Fernando VII.a) Lege Salikoa baliogabetu zuelako, bere alaba erregina izango zela ziurtatzeko eta bere anaia Karlos Maria Isidrok tronua eskuratu ez zezan. Honen ondorioz, gerra bat hasi zen, Lehen Karlistaldia, hain zuzen ere. Alde batetik karlistak zeuden, Karlos Maria Isidroren aldekoak, eta beste aldetik isabelinoak, Isabel II.aren aldekoak zirenak. Maria Kristinak liberalen laguntza izan zuen, eta haiekin gobernatzen hasi zen.
XIX. mendean, nekazaritza atzeratuta zegoen eta produktibitatea eskasa zen. Autokontsumorako nekazaritza zen. Kleroaren eta nobleen lurrak amortizatuta zeuden, hau da, ezin ziren ez saldu ezta landu ere.
Egoera hau aldatzeko, XIX. mendean neurri erreformatzaile garrantzitsuak hartu ziren: desamortizazioak izan ziren. Lur bat desamortizatzea merkatura ateratzea da. Garai hartan kleroaren eta udalen ondasunak desamortizatu ziren.
Espainiako historian zehar hainbat desamortizazio gertatu ziren: Karlos IV.aren garaian bi gerra egon ziren, eta Espainiak bietan galdu zuenez, Ogasunak dirurik gabe geratu zen; orduan, Godoyren laguntzarekin, lehen desamortizazioa egin zen. Hurrengo desamortizazioa Independentzia Gerraren garaian izan zen (Josef I.aren desamortizazioa). Ondorengoa, Cadizko Gorteek egindako desamortizazioa izan zen. Fernando VII.aren garaian, Hirurteko Liberalean beste desamortizazio bat egon zen.
Isabel II.aren etapan bi desamortizazio egon ziren. Lehenengoa Mendizabalena izan zen, Lehen Karlistaldia ordaindu ahal izateko, Ogasunaren zorra murrizteko eta nekazari ertainen klase bat sortzeko. Azken desamortizazioa Madozena izan zen, Biurteko Progresistaren etapan, Ogasuna onbideratzeko eta, batez ere, trenbidea eraikitzeko.
Konklusioa
Desamortizazioaren ondorio garrantzitsuena Vatikanoak Espainiarekin harremanak hautsi zituela izan zen, desamortizazioak elizak botere ekonomikoa galtzea ekarri zuelako eta elizaren zenbait lur desjabetu zirelako. Hala ere, ondorio positiboak ere egon ziren, hala nola, lur asko luberritu zirela (hau da, bertan behera utzitako lursail asko berriro landu zirela) eta milioi bat hektarea baino gehiago jabez aldatu zirela.