Marokoko Gerra, Aste Tragikoa eta 1917ko Krisia Espainian
Marokoko Gerraren ondorioak: Aste Tragikoa (1909)
Marokoko esku-hartzea Espainiako barne-politikaren funtsezko elementua izan zen. Europa osoan inperialismoa nagusi zen garai hartan, Espainia herrialdeekiko isolamendua gainditzen saiatu zen. Hori dela eta, XX. mendearen lehen herenean, Maroko bihurtu zen kanpo-politikaren ardatz.
Esku-hartzearen arrazoiak
- Estrategikoak: Gibraltar itsasartearen bi kostaldeak kontrolatzea. Espainiaren presentzia ohikoa izan zen XV. mende amaieratik (Melilla, Ceuta...).
- Politikoak: 1898ko ospe galtzea ahazteko, monarkiak eta armadak prestigiozko politika eraman nahi zuten Afrikan, nahiz eta beste potentzia batzuen interesekin topo egin.
- Ekonomikoak: Espainiako oligarkiaren interes ekonomikoak (meategien kontrola, trenbidea...) zeuden jokoan.
Algecirasko Konferentzia eta gatazkaren hasiera
Marokon esku-hartzea 1906tik aurrera areagotu zen; urte horretan egindako Algecirasko Konferentzian Frantzia eta Espainiaren arteko banaketa koloniala adostu zen (1912an zehaztu zen banaketa-lerro hori).
Aste Tragikoa (1909)
1909ko uztailean, Katalunian (Bartzelonan), kinten eta soldaduzkaren aurkako altxamendua lehertu zen. Bere ezaugarri nagusiak antimilitarismoa eta antiklerikalismoa izan ziren, eta protagonistak langileak izan ziren. Matxinada leherrarazi zuena erreserbisten mobilizazioa eta ontziratzea izan zen, marokoarrek Melillan egindako erasoari eusteko.
Dirudunen semeek gerrara ez joateko aukera zutela ikusita (ordainduz gero), sindikatuek greba orokorra konbokatu zuten eta egun batzuetan zehar langile anarkistek kontrolatu zuten hiria. Matxinadak astebete besterik ez zuen iraun, Aste Tragikoa deitua, Espainiako beste eremuetara ez zelako hedatu eta errepublikanoek atzera egin zutelako gobernuaren errepresio bortitzaren ondorioz.
Ondorio nagusiak
- Hildako ugari eta komentuen erreketa.
- Gobernuak anarkistak egin zituen erantzule eta errepresio gogorrari ekin zion.
- Nazioarteko protesten ondorioz, Maurak dimititu egin zuen.
- Langile-mugimendua sendotu zen.
- Errepublikanoen eta sozialisten arteko aliantza sortu zen.
- Katalunian, nazionalismo errepublikarra eta ezkertiarra gorpuzten hasi zen.
Canalejasen erregenerazionismoa
Liberalen erregenerazionismoaren buruak, Canalejasek, sistema berritzeko neurri hauek hartu zituen:
- Langileen mugimenduarekin elkarrizketa bultzatu.
- Eliza eta Estatua banatu.
- Hezkuntza-programa bat garatu.
- Errekrutatze Legearen bidez, nahitaezko soldadutzan aldaketak egiten saiatu zen, pribilegioak mugatuz.
I. Mundu Gerra (1914-1918)
Espainia neutral deklaratu zen. Egoera hori Kataluniako eta euskal lurraldeetako oligarkiarentzat esportatzeko aukera bikaina izan zen. Baina arazo ugari hasi ziren: langile-klasea ugaritzen hasi zen, eta prezioen etengabeko igoeraren (inflazioa) eta soldata egonkorren ondorioz, langileak gero eta pobreagoak eta baztertuagoak zeuden. Horrela, I. Mundu Gerrak klase-desberdintasunak eta polarizazio soziala handitu zituen, altxamendu ugari sorraraziz.
1917ko krisia
Errusiako Iraultzak eragindako testuinguruan, hiru krisi motak bat egin zuten Espainian:
- Krisi militarra: Defentsarako Juntak sortu ziren, sindikatu militarren antzera jardun zutenak.
- Krisi politikoa: Parlamentarien Batzarra sortu zen erreforma politikoak burutzeko.
- Krisi soziala: 1917ko Greba Orokorra eraman zuten Espainiara.