Ludwig Wittgenstein: Bizitza, Pentsamendua eta Filosofia Analisia

Filosofia eta etika5,47 KB

1. Ludwig Wittgenstein

1.1. Bizitza

Ludwig Wittgenstein 1889an Vienan jaio zen. Berlinen eta Manchesterren ingeniaritza ikasi zituen. 1912an Cambridgera joan zen Russellekin filosofia eta logika ikastera. Bere aita hil zenean, berak utzitako herentziari uko egin zion. Lehen Mundu Gerran Austriako armadan sartu zen. 1918an, Italiarrek preso hartuta, bederatzi hilabete eman zituen kontzentrazio-zelai batean. Aldi horretan idatzi zuen bere Tractatus Logico-Philosophicus (1918).

1920tik aurrera maisu gisa eta, geroago, lorezain gisa lan egin zuen. 1929an Cambridgera itzuli zen. 1939an, Unibertsitate horretan, Moorek une horretan zuen matematikako katedra hartu zuen. Bigarren Mundu Gerran Ingalaterrako ospitaletan erizain-laguntzaile gisa egin zuen lan. 1947an bere katedra utzi zuen. Irlandara joan zen eta Dublinen Ikerketa Filosofikoak (1949) bukatu zituen. Vienara eta Estatu Batuetara bidaiatu zen, eta 1951n Cambridgen hil zen.

Tractatus Logico-Philosophicus lehenengo Wittgensteinekin lotzen dugu, eta Ikerketa Filosofikoak bigarren Wittgensteinekin.

1.2. Zientzien Garapen Kritikoa

XIX. mendean eta XX. mendearen hasieran, zientziaren kontzeptu klasikoa krisian sartzen da. Teoria berriak eta printzipio berriak onartzen dira, zeintzuek enpirikoa ez ezik errealitatearen beste elementu batzuk ere hartzen dituzten kontuan. Kontzeptu berriak erabiltzen dira: erlatibitatea, indeterminazioa, etab. Horiekin aurkikuntza berriak lortzen dira:

  • Einsteinen erlatibitatearen teoria (1879-1955)
  • Heisenbergen indeterminazio printzipioa (1901-1976)
  • Plancken kuanto energiaren teoria (1858-1947)

Aro honetan, XX. mendeko lehen zatian, filosofo gehienak metafisika espekulatiboaren aurka daude. Filosofo guztiek enpirismoa eta positibismoa defendatzen dituzte. Bi korronte filosofiko desberdin daude: Positibismo Logikoa eta Filosofia Analitikoa. Wittgenstein oso garrantzitsua izango da bi mugimenduentzat.

2. Wittgenstein eta bere Pentsamendua

2.1. Neopositibismo Logikoa: Ezaugarriak

  1. Metafisikaren kontrako jarrera, antzinako filosofiak onartzen ez dituena.
  2. Filosofia analisi formal gisa ulertzen da: Filosofia ez da arduratzen gauzen eta objektuen ezagutzaz; benetako filosofia gauzei buruzko hausnarketa eta kontzeptu eta metodoen argiketa da. Filosofiaren helburua lengoaiaren analisia da.

2.2. Tractatus Logico-Philosophicus-en Filosofia (Lehenengo Wittgenstein)

Wittgensteinentzat pentsamenduaren esparrua lengoaia da. Lengoaia interesatzen zaio, berarekin mundua adieraz dezakegulako. Baina, zer da mundua?

Mundua gertakari atomikoen osotasuna da (ez gauzen osotasuna). Hau da, independenteki (atomikoki) jazotzen diren gertakarien osotasuna. Gertakari atomikoa objektuen konbinazioa baino ez da, eta ez dira ezagutzen bere azken elementuak. Gertakari atomikoen egitura zehatz batzuk besterik ez ditugu ezagutzen. Gertakari konplexuak ere existitzen dira (gertakari atomikoen konbinazioak).

Wittgenstein-ek munduaren konstituzioa analizatu du. Orain sortzen den arazoa hurrengoa da: Nola ezagutu dezakegu mundua? Mundua pentsamenduaren bidez ezagutzen dugu, munduaz pentsatzen dugu, eta pentsamendua lengoaiaren bidez adierazten dugu; beraz, mundua lengoaiaren analisi logikoaren bidez ezagutzen dugu. Gertakari atomiko bat osatzen duten gauzaki, izen, adjektibo eta abarren bidez adierazten ditugu. Hori dela eta, gauzen eta hitzen artean harreman zuzen bat dago:

  • Gertakaria: Gauzen konbinazioa
  • Proposizioa: Hitzen konbinazioa

Hitzak konbinatzen ditugunean, egitura logiko bati jarraituz, proposizioa osatzen dugu, zeina pentsamenduaren adierazpiderik onena baita. Lengoaia ideala logiko-matematikoa da. Oinarrizko proposizioa gertakari atomiko bat adierazten duen enuntziatua da. Noiz dauka proposizio batek zentzua? Proposizio batek zentzua dauka gertakari erreal bat errepresentatzen duenean (egiaztatu daitekeenean).

Egiazko proposizioen osotasunak errealitate osoa hartzen du, eta hau enpirikoa da. Zientziak erabiltzen dituen proposizioak enpirikoak dira, egiaztatzen ditugun neurrian.

Wittgensteinentzat bi ezagutza mota besterik ez dago:

  1. Proposizio tautologikoak: Derrigorrez egiazkoak direnak, zeren eta beren ukapenak kontraesan bat adierazten baitu (esperientziatik at daude, adibidez, Matematika: 2+2=4).
  2. Proposizio enpirikoak: Egiaztagarriak, zientziarenak.

Baina, bi ezagutza hauetatik kanpo, ba al dago besterik? Erantzuna oso argi agertzen zaigu: Ez. Ezagutza baino zerbait garrantzitsuagoa egon liteke (sentimenduak, maitasuna, poesia...), baina ez da ezagutza. "Badago lengoaiaren mugatik kanpo dauden gauzak, ezin dira azaldu, bizi behar ditugu."

2.3. Filosofiaren Zentzua eta Helburua

Filosofiaren helburua ez da mundua errepresentatzea. Filosofia ez da zientzia bat, ez da teoria; bere helburua lengoaiaren proposizioen zentzua argitzea da. Munduari buruzko ezagutza ematen digun lengoaia hizkuntza zientifikoa denez, filosofiari interesatzen zaiona proposizio zientifikoen esanahia argitzea da.

Bere Tractatus-en esanahia hurrengoa izango litzateke: "Esan daitekeena argitasunez adierazi behar da; horrelakoa ez bada, isilik egotea hobe da."

Deskargatu

PDF Word HTML