Lehen Mundu Gerraren Ondorio Politiko eta Demografikoak

Historia2,43 KB

Itunen ondorio politikoak

Saint Germain, Trianon, Neuilly eta Sèvresko itunen bidez, Erdialdeko eta Ekialdeko Europako eta Balkanetako estatuak eta mugak berriro antolatu ziren. Austria-Hungariako Inperioa eta Turkiar Inperioa zenbait estatutan banatu ziren, eta Errusiaren inguruan osasun-lerro bat eratu zen, iraultza boltxebikea ez hedatzeko. Osasun-lerro hori ezartzeko, Errusiak Brest-Litovskeko Itunaren bidez galdutako lurraldeetan zenbait herrialde sortu ziren. Horrela, Polonia, Finlandia eta Baltikoko herriak (Estonia, Letonia eta Lituania) estatu independente bilakatu ziren.

Gerra amaitzean, Europan 1914. urtea baino lehen zeuden inperio handiak desagertu egin ziren:

  • Errusian: 1917ko urriko iraultzak behin betiko amaiarazi zuen tsarren inperioa.
  • Alemanian eta Austria-Hungarian: Errepublikak aldarrikatu ziren, eta inperio agintzaile haien mende egondako lurraldeetan konstituzio demokratikoak ezarri ziren.
  • Turkiar Inperioan: Inperioa desagertu egin zen, eta hango lurraldeak herrialde bihurtu ziren edota beste potentzia batzuen mende geratu ziren.

Horrela, Wilsonen nazionalitateak errespetatzeko printzipioari jarraiki, estatu berriak sortu ziren: Polonia, Finlandia, Estonia, Letonia, Lituania, Txekoslovakia, Jugoslavia eta Hungaria.

1920. urtearen inguruan, Europa hogeita zortzi estatuk osatzen zuten. Estatu horiek guztiak, bi izan ezik, demokrazia parlamentarioak ziren, eta gehienetan, sufragio unibertsala ezarri zen.

Gerraren ondorioak

1914an hasitako Gerra Handiak nahitaez izan behar zituen ondorioak bizitzako alderdi askotan eta nazioarteko harremanetan. Pertsona askoren heriotza eragiteaz gain, epe luzeko ondorioak ere izan zituen hainbat esparrutan: gizarte-antolaketan, ekonomian, kulturan, eguneroko bizitzan, eta ohitura eta balioetan.

Ondorio demografikoak

Gerrak, kalkuluen arabera, 9 milioi hildako inguru eragin zituen; beste asko zaurituta edo elbarri geratu ziren, eta, zeharka, zibil asko hil zituen. Gainera, elikagaien urritasuna eta osasun-gabeziak zirela eta, 1918ko gripea errazago hedatu zen: Europan, 6 milioi heriotza eragin zituen, eta munduan, 22 milioi.

Demografia-galera horiez gain, hurrengo belaunaldietan jaiotza-tasa jaitsi egin zen, eta horrekin batera, biztanleria aktiboa eta kontsumitzaile kopurua murriztu egin ziren.

Deskargatu

PDF Word HTML