Langile Mugimenduaren Jatorria eta Bilakaera (XIX. Mendea)

Historia7,67 KB

Langile Mugimenduaren Jatorria eta Bilakaera

Kapitalismoak eta gizarte industrialak aberastasuna sortzeko gaitasuna erakutsi zuten, baina baita langileen artean banatzeko gaitasunik eza ere. Langileak gero eta gehiago ziren; gizartearen zati gero eta handiagoa “langile klase” bilakatzen ari zen, bizi-baldintza mugatuen menpe, soldata ez ziurra eta beti eskasaren truke.

Langileek hainbat protesta modu erabili zituzten erantzuteko eta euren elkarteak eratu zituzten. Gehienak sindikalak ziren eta lana edo soldata hobetzea nahi zuten. Beste elkarte batzuk, gutxiago, politikoak ziren eta, parte-hartzearen eta ekintza politikoaren bidez, gizarte justuagoa eta berdinagoa eraikitzearen alde zeuden. Horrek guztiak langileek identitate bat eta klase kontzientzia sortzea ekarri zuen.

Iraupen matxinadak, Erregimen Zaharrean ohikoak zirenak, sarri errepikatu ziren Europan XIX. mendera arte. Herritarren protestak indarkeriazkoak izaten ziren batzuetan. Orokorrean, berezko istiluak izaten ziren, ez oso antolatuak. Protestagileak kontsumitzaileak, nekazariak, eskulangileak eta dendariak ziren, eta euren indarkeria gauzen aurkakoa zen gehiago pertsonen aurkakoa baino. Matxinadak lekutuak eta laburrak izaten ziren, eta behin helburua beteta amaitu egiten ziren. Arrazoiak normalean hauek izaten ziren:

  • Ogia garesti zegoela.
  • Zergen handitzea.

Industria Iraultzarekin langile asko zeudenez, kontratu libre eta soldata baldintzak langileen aurkakoak ziren. Gainera, ekonomia industrial berriak aldian-aldian krisiak izaten zituen, eta langabezia modu ikaragarrian hazten zihoan.

Inguru berri eta segurtasunik gabeko horretan, langilea produkzio-prozesuko zati bat gehiago baino ez zen, eta galdu egin zuen lehenagoko poza, lan amaitu eta ondo eginaren egilea izateagatik. Langile talde handiak elkartzen ziren bai fabriketan bai langileen auzoetan, eta horrek elkarte iraunkorrak eratzeko bidea eman zuen. Gatazka soziala helburu jakin batzuetara bideratu zen:

  1. Lan baldintzak hobetzea: lan-orduak gutxitzea eta soldata igotzea.
  2. Botoa eman, batzartu, elkartu eta adierazpen askatasunerako eskubide politikoak lortzea.

Langileen lehenengo elkarteak Britainia Handian sortu ziren, industrializazio prozesuan aitzindaria baitzen.

Langileen Lehen Ekintzak: Ludismoa

Produkzio-katean makina berriak eta modernoak sartzeak langile batzuk lanetik botatzea, soldata jaistea eta eskulangilearen kalifikaziorik behar ez izatea zekarren. Makinak arinago eta, batzuetan, hobeto egiten zuen lana. Horregatik, langileek protesta egiteko makinak apurtu zituzten.

Protesta mota honi *ludismoa* deitzen zaio, Ned Lud ehundegiko bastidorea apurtu omen zuen legendazko lehenengo galtza-egile baten omenez. Lehenengo istilu luditak tundidoreek (artilezko oihalen ilea artaziekin berdintzen zutenak) egin zituzten Ingalaterrako mendebaldeko konderrietan, 1799tik 1802ra. 1802 eta 1806 bitartean sarritan hondatu zituzten ehungintzako makinak indarkeriaz.

Protesta ludita larrienak Ingalaterran egin ziren 1811-1812 urteetan, galtzerdigileek 1.000 ehundegitik gora txikitu zituztenean. Protestak berezko erreakzioa baino gehiago izan ziren. Aurretik parlamentuari eskariak egin zizkioten sinadura piloak babestuta eta, batzuetan, greba eta guzti. Ehunka langile atxilotu eta epaitu zituzten.

Nekazaritzako gatazkek ere antzeko bitartekoak eragin zituzten: nekazari matxinatuek garia jotzeko lehenengo makinak hondatu zituzten.

Mugimendu ludita laster galdu zen Ingalaterran, eta langileen ekintzek beste bide bat hartu zuten. Baina protesta egiteko modu hori industrializazioa hasten ari ziren herrialde guztietara zabaldu zen azkar: Frantzia, Alemania, Belgika, ...

Langileen Lehen Elkarteak eta Sindikatuak

Langileek elkarteak sortzeko zuten joera lau faktorek azaltzen dute:

  • Lanbide berean esperientzia berdintsuak izateak.
  • Elkarte batean elkarrekin bizitzeak.
  • Antzeko interes eta arazoak edukitzeak.
  • Kolektiboa elkartzearen beharra.

Elkarteak Industrializazioaren hasieran sortu ziren; haietako asko gremio-eraketaren ondorengoak ziren, lan industrialaren baldintza berrietara egokituta. Fabrika bereko langileen artean langile-elkarteak osatzen hasi ziren, lan-baldintzak hobetzeko. Britainia Handiko parlamentuak 1793. urtean legeztatu zituen langile-elkarteak, baina 1799an debekatu egin zituzten, *Combination Laws* legeen bidez. Hasieran, elkarteok debekatuta zeuden, enpresa eta kontratu askatasunaren kontrakoak zirelakoan, baina 1824an Britainia Handiko parlamentuak asoziazionismoa baimendu zuen, baina lanbidekako eta herrikako elkarteak soilik.

Elkarte hauek pausoka joan ziren sortzen:

  1. Lehenengoak eta ugarienak Elkarren Laguntzarako Elkarteak izan ziren. Istripu, gaixotasun edo heriotza kasuetan elkartekoei laguntzeko helburua zuten, eta sarritan Erresistentzia-kutxa modukoak ziren, elkarkideak greba sasoietan mantentzeko.
  2. Langileak elkartzeko eragilerik handiena talde moduan lanbide bateko soldata eta lan-baldintzak defendatu eta baldintzok hobetzea izan zen. Horretarako “Lanbide Elkarteak” (*Trade Unions*) sortu ziren, herri bateko lanbide bereko langileak batzeko. Greba izaten zen indar egiteko bitarteko nagusia. Britainia Handian sortu ziren lehenengoak 1830. urte inguruan. Hauen artean boteretsuena meatzarien elkartea zen.
  3. Sindikatu hitza frantsesetik dator eta XIX. mende amaieratik erabiltzen da langileen elkarteari deitzeko, elkarte hori langileen interesen alde sortu denean. Bizitasun sindikalak langileen elkarte nazionalak egiteko joera hartu zuen, lanbide eta lurralde guztietako langileak batzeko. Lehenengo sindikatua Ingalaterran sortu zuen 1830ean Dohertyk, eta 1850erako 600.000 langile zeuden elkartean. Sindikatuen lorpen nagusia izan zen langileak elkarte iraunkorretan batzea diru eta lan-baldintzak hobetzeko eta politika nazionalean parte hartzeko, ekintza kolektibo baketsua eta aldarrikapen borrokak tartekatuz.

Borroka Politikoa: Kartismoa

Lehenengo langile-elkarteen lorpenak apalak izan ziren eta normalean lanbide edo leku jakin baterako mugatuak. Britainia Handiko langileek borroka politikora jo zuten, herritar guztientzat eskubide berdinak lortzeko helburuarekin. 1838an Londreseko Langileen Elkarteak, William Lovett buru zela, Herriaren Gutuna (*People’s Charter*) egin zuen. Bertan gizonezkoen sufragio unibertsala, botoa isilpekoa izatea eta bidezko hauteskunde-eremuak sortzea eskatu zuten.

Langileek bateratu egiten zituzten alde batetik *Trade Unionsen* bidezko diru-eskaerak eta, bestetik, ekintza politiko kolektiboa, mugimendu kartistaren bitartez Parlamentuari presioa eginez. Kartismoak langile eta herri-klase gehienak arrakastaz mobilizatu zituen, berariazko helburu politikoa lortu nahian: Estatua demokratizatzea. Lehenengo gutuna 1839an aurkeztu zuten parlamentuan milioitik gora sinadurak babestuta.

Kartismoaren ezaugarriak honakoak ziren:

  • Ekintza politikoko mugimendua izan zen eskubide-berdintasuna lortzeko; hala ere, mugimendu oso heterogeneoa izan zen eta bere lorpenak xumeak izan ziren.
  • Metodo baketsuak eta bortitzak konbinatzen zituen.
  • Britainiar parlamentuak ia eskakizun guztiak baztertu zituen eta bere ekintzak indarrez eta gogor zapaldu zituzten.
  • Momentuan helburuak ez zituen lortu, baina gobernua lan-harremanak arautzera behartu zuen: Elkartzeko Lege Zabalagoa onartu zuen, emakume eta umeen lan-eguna hamar ordutara mugatzen zuen legea egin zuten... Batez ere, langileek antolatzeko eta mobilizatzeko zuten gaitasuna erakutsi zuen.

Deskargatu

PDF Word HTML