Kontratu-adostasuna eta bere akatsak: Gida juridikoa
Adostasuna
Adostasuna nahitaezkoa da kontratuaren existentziarako eta baliotasunerako. Adostasuna alderdiek era askean adierazi behar duten borondate-akordioa da. Kontratuaren edukiaren arabera, behartzeko duten asmoa kanporatzen dute; hau da, subjektuak nahi duena adierazteko duen jarrera da.
Adostasuna balioduna izateko, nahitaezkoa da:
- Gai den pertsona batek ematea.
- Kontratatzeko borondatea akastuna ez izatea; hau da, era askean eta kontzientean egin behar da.
Ezin dute adostasunik eman:
- Adingabeko emantzipatugabeek.
- Ezgaituek.
Adostasunaren akatsak
Deuseza izango da errakuntza, indarkeria, beldurrarazte edo doluaren ondorioz emandako adostasuna. Akatsak ahalmena ematen dio kaltetua izan denari, horrela komeni bazaio, deuseztagarritasun-akzio bat egikaritzeko. Kontratua balioduna izango da, baldin eta aurkarapen-akzio hori egikaritzen ez bada. Akzioa egikaritzeko epea lau urtekoa izango da. Azter ditzagun Kode Zibilak (KZ) zerrendatzen dituen akatsak:
1. Errakuntza
Errakuntza borondatearen eraketari eragiten dion egitate edo errealitateari buruzko ezagutza faltsua da. Akats horretan oinarriturik, pertsonak adostasuna ematen dio benetan nahi ez duen gauza bati.
2. Indarkeria
Indarkeria dago adostasuna lortzeko pairaezina den indarra erabiltzen denean; kasu horretan, kaltetuak akzioa egikaritu ahal izango du (KZren 1301. artikulua).
3. Beldurraraztea
Beldurraraztea dago kontratatzaile bati gaitz larri eta berehalakoa jasateko beldur arrazionala sorrarazten zaionean, bere pertsonan edo ondasunetan. Beraz, beldurraraztea ezaugarri hauek dituen adostasunaren akats bat da:
- Mehatxu bat: berehalakoa, larria eta bidegabea den gaitz baten berri ematea.
- Beldur-egoera: egoera arrazional eta funtsatu baten sorkuntza, egin den mehatxuaren ondorioz.
4. Dolua
Dolua dago kontratatzaile batek beste kontratatzailea engainatzen duenean, hitz edo azpijoko maltzurrak erabiliz kontratua egiteko. Kode Zibilak bi dolu-mota bereizten ditu:
- Dolu larria: Kontratua egiteko kausa nagusia engainua denean.
- Zeharkako dolua: Engainua dago, baina hori ez da kontratua egiteko kausa nagusia. Dolu horrek kontratua egitea errazten edo samurtzen du.
Doluak larria izan behar du adostasuna akastun egiteko eta kontratuen deuseztasuna sorrarazteko, eta alderdi batek bakarrik erabili behar izan du. Alderdi biek erabili badute, erru-konpentsazioa dago eta ez da kontuan hartzen. Zeharkako doluak hura erabili duena behartzen du kalte-galeren ordaina egitera.