Kanten Etika eta Ilustrazioa: Autonomia Moralaren Bidea

Filosofia eta etika2,9 KB

Kanten Etika eta Ilustrazioaren Gizakia

Ilustrazioaren ordezkari nagusia den Kantek gizartearen garapena lortzeko kontzientzia moralaren garapena ezinbestekoa dela zeritzon. Berak, beste ilustratuen antzera, gizaki berri bat eraiki nahi du: autonomoa, pentsalaria, burujabea, aktiboa, jakintzaren argiaz bere burua gidatuko duena. Gizaki berri honek, arrazoimena erabiliz, kritika egingo du bizitzaren arlo guztietan, tutoretza desberdinetatik askatzeko, heteronomo izateari uzteko eta, horrela, autonomo izaten hasteko.

Kritika hori gauzatzean, pertsona berri honek bere buruari agindu moralak ezarriko dizkio, adingabetasunetik atera ondoren. Kontzientzia moralaren garapenak bakoitzak arau moralak sortzea eta horien baitan bizitzea suposatzen du. Arau hauek unibertsalak, a priori, kategorikoak eta autonomoak izan behar dute, eta inperatibo kategoriko izena jasotzen dute.

Inperatibo Kategorikoa eta Gizarte Aurrerapena

Lege hauek (kontzientzia moralaren garapenak) banakakoak garen neurrian betebeharrez jokatzera bultzatuko gaitu; gizartearen parte garen neurrian kontratu soziala betetzera eta mundu mailan kosmopolitak izatera, kultura ezberdinak errespetatzera, bultzatuko gaitu. Lege hauek jarraitzen dituen orok gizartearen aurrerapena ekarriko du.

Askatasuna eta Tolerantzia, Ezinbesteko Baldintzak

Kontzientzia morala garatzeko ezinbesteko baldintzak dira askatasuna (adierazpen-askatasuna, batez ere) eta erlijio-tolerantzia.

Erdi Aroko Pentsaera: Fedearen Nagusitasuna

Beste garai batean, Erdi Aroan hain zuzen, guztiz kontrako pentsaera zuten arau moralei buruz. Garai horretan, Elizak erabateko boterea zuen eta bere esku zegoen arau moralak ezartzea, Jainkotik zetozelakoan garaiko gizartearen ustetan. Horrela, gizakiak guztiz heteronomoak ziren, Erlijioari uzten baitzioten pentsatzearen lana, garaiko leloa «Sinetsi, ez pentsatu» izanik.

San Agustin eta Santo Tomas

Erdi Aroko gizartea alde batera utziz eta pentsalariei erreparatuz:

  • San Agustinek arrazoimena fedearen menpe utzi zuen, bere autonomia ukatuz, «Ulertzeko Sinetsi» esaerarekin.
  • Santo Tomasek, arrazoimenari neurri bateko autonomia eman arren, fedeak esaten duenari inoiz ezingo zaiola kontrajarri azpimarratu zuen.

Gogoeta Kritikoa: Kanten Teoria eta Egungo Tutoretzak

Nire aldetik, Kanten ustez hain garrantzitsua den garapen morala gizartea hobetzeko bidea izan badaiteke ere, bere teoria gogorregia dela deritzot, exigenteegia. Izan ere, gure bizitza arau soil batzuetara mugatzea gehiegizkoa dela uste dut.

Bestalde, tutoretzei dagokienez, gaur egun erlijioak indarra galdu badu ere, jendeak bere kabuz pentsatzea baino lan hori besteengan uztea nahiago du, gero bakoitzaren erabaki okerrak «gizartearen» errua direla esanez barkatzeko.

Deskargatu

PDF Word HTML