Kanten Etika eta Autonomia Morala: Arrazionalismoa eta Enpirismoaren Sintesia
Autonomia Morala Kanten Filosofian
Immanuel Kantek bere morala edo etika azaltzen du Arrazoi praktikoaren kritika idazlanean. Bere ustez, arrazoia, ezagumen teorikoaz gain, ezagumen praktikoa ere bada.
Arrazoi teorikoaren bidez, izana ezagutzen dugu; arrazoi praktikoaren bidez, izan behar duena.
Bi kasuetan, gu gara legegile.
Kanten arabera, kontzientzia moralaren existentzia ukaezina da. Gizakiak eredu ideal batzuen arabera bideratzen eta neurtzen ditu bere ekintzak. Ekintza-eredu horiek ez dira esperientziaren ezagugaiak, esperientziaren gidariak baizik. Eguneroko bizitzan nola jokatu behar dugun esaten digute.
Arrazoi hutsa edo teorikoaren legeak hertsatzaileak (behartzaileak) dira, deskribatzaileak. Arrazoi praktikoarenak, ordea, exijentzia bat agertzen dute, bete edo ez betetzea aukera dezakeguna. Kantek inperatiboak deitzen die. Egin behar unibertsalak adierazten dituzte, eta 3 ezaugarri dituzte:
- A priorizkoak
- Kategorikoak
- Autonomoak
Horrez gain, Kantek autonomia bultzatzen du. Gizaki bakoitzak bere ekintzak gidatzen ditu. Ezerk ezin dio gizabanakoari eginpide moralik inposatu, ezta erregeak ere. Agindu morala, beraz, ez da heteronomoa (beste batek aginduta), autonomoa baizik. Hori gertatzen ez bada, ez da benetako agindu morala Kanten ustez. Erregeak ere ez du eskubiderik moralari edo erlijioari lotutako kontuetan ezer agintzeko. Despotismo espirituala gertatuko litzateke. “Caesar non est supra grammaticos”, hau da, Erromako enperadoreak erabaki politikoak edo ekonomikoak inposa ditzake, baina ez ezagutzarik ez duen gai baten gainean, latindar hizkuntzan adibidez.
Naturak edo jainkoak ez digu lege etikorik ezartzen, gizakia bera da bere buruari ezartzen diona. Eta ekintzak, betebeharraren arabera edo betebeharragatik egin daitezke.
Arrazionalismoa eta Enpirismoaren Arteko Zubia
Kanten aurretik, filosofoak bi taldetan banatzen ziren: arrazionalistak eta enpiristak, eta epistemologiak (ezagutzari buruzko teoriak) bereizten zituen.
Arrazionalismoarentzat, ezagutza guztiak adimenetik eratortzen dira, jatorrizkoak dira eta ez dira esperientziatik sortzen. Enpirismoarentzat, ordea, ezagutza oro esperientziatik eratortzen da, datu sentigarriei esker eskuratzen da eta adimena, datu sentigarriak eskuratu aurretik, hutsa da.
Pentsamolde kantiarrak arrazionalismoa eta enpirismoa gainditzen ditu. Gure ezagutza guztiek esperientzian dute abiapuntua. Hala ere, enpiristen jarrera kritikatuz, hauxe dio Kantek: egia bada ere gure ezagutza guztiek esperientzian dutela hasiera, denak ez dira esperientziatik eratortzen.
Horrela, filosofia kantiarrak, kritizismoaren bidez, jarrera bakoitzetik alde positiboena hartzen du.
Kanten Kritizismoaren Ondorioak
Filosofia kantiarrak Aristotelesen tradizioari jarraitzen dio, zientziak ezagutza unibertsala eta beharrezkoa izan behar duela dioenean, eta ondorio honetara iristen da: arrazionalistek eta enpiristek ez dute metafisika (Jainkoaren, arimaren eta izatearen zientzia) zientziatzat hartzen.
Arrazionalismoari arrazoi emanez, adimenean izaera unibertsala duten edukiak daudela dio Kantek, eta eduki horiek esperientziaren aurrekoak direla. Enpirismoaren alde, berriz, a priorizko eduki horiek esperientzian aplikatu behar direla dio.