Juan Antonio Mogel: Euskal Literaturaren Erreferentea
Juan Antonio Mogel (1745-1804)
Sarrera
Juan Antonio Mogel Eibarren jaio zen 1745ean. Mogel XIX. mendeko pertsonaia garrantzitsua izan zen. Euskararen jatorriari buruzko hainbat azterketa egin zituen, eta hizkuntza erromanikoekin zein horien aurrekoekin konparaketak egiten zituen gure hizkuntzaren jatorria zein den deskubritzeko.
1789ko Iraultza Frantsesak eta beronek gure artean izandako era guztietako ondorioek gogor markatu zuten J.A. Mogel, eta haren jokabidea zein idazlangintza baldintzatu zituzten. Erlijioaren defentsa izango zen, mendea bukatu arte, haren kezka nagusia.
Biografia
Juan Antonio Mogel idazle eta apaiz euskaldun oso ezaguna da. Peru Abarka, lehen euskal eleberria, idazteagatik da hain ospetsua. Mogelek Eibarren igaro zituen bere bizitzako lehen lau urteak. Gero, Debara joan zen bizitzera, eta han beste lau urte eman zituen. Azkenik, Markinara joan zen; Filosofia eta Teologia ikasi zituen eta, 1770ean apaiz egin ostean, 1788tik hil zen arte hantxe izan zen erretore.
Peru Abarka euskarazko lehen eleberritzat hartzen dute askok; izan ere, nahiz eta egunkari batean zatika argitaratu, 1881. urtera arte ez zen liburu gisa argitaratu.
Obra: Peru Abarka
Mogelen obrarik famatuena Peru Abarka izenekoa da; liburu hau euskaraz idatzitako lehen nobelatzat hartzen da. Liburu honek euskaraz idazteko aukera gehiago zabaldu zituen erlijiotik at. Liburuaren benetako izena gaztelaniaz dago, baina liburua euskaraz idatzita dago.
Lanak trama eskasa du; liburua elkarrizketaz osatuta dago eta pertsonaiek ez dute garapen handirik izaten. Liburua Peru eta Maisu Juanen elkarrizketek osatzen dute:
- Peru: Baserritarra da eta bertako ohiturak oso barneratuta ditu.
- Maisu Juan: Kaletarra eta ikasia da, baina ezer gutxi daki baserriko munduari buruz.
Peruk Maisu Juani baserriko gauzak erakusten dizkio elkarrizketen bidez. Guztira sei elkarrizketaz osatzen da liburua. Ipuinak (zerbait irakasten dutenak) eta erlijio-testuak ere idatzi zituen.
Hizkuntza eta Euskalkia
Pedro Antonio Añibarroren laguna izan zen, eta biek elkarrekin ezarri zituzten bizkaiera literarioaren oinarriak, nahiz eta Mogelek bere lehen liburuak gipuzkeraz idatzi zituen. Mogel eta Añibarro bat zetozen Bizkaian bertako euskalkia erabili behar zela eliz eginbeharretan. Ez ziren iritzi berekoak, ordea, idazterakoan zein bizkaiera mota behar zen erabaki behar zenean. Mogelek, bere herrian (Markinan) hitz egin eta entzun bezala idazten zuen, bitxikeria fonetiko guztiak maila idatzian ere gordeta.